Eguzkia ez da entxufatu behar, ez du fakturarik bidaltzen, eta, batez ere, ez zaio erregaia agortzen. 4.600 milioi urte inguru daramatza lanean, etenik gabe, bere barruan hidrogeno atomoak fusionatzen eta energia izugarria askatzen. Ez da harritzekoa gizakiak haren formula kopiatu nahi izatea. Arazo txipi bat dago, ordea: Eguzkiaren grabitatea Lurrarena baino 28 aldiz handiagoa da, eta haren barruan gertatzen dena Lurrean errepikatzeko ehun milioi graduko tenperatura behar da.Â
Ez da, bada, etxean probatzeko moduko esperimentua. Dena den, mundu osoko zientzialariak lanean ari dira fusioa etorkizuneko energia iturri bihurtzeko. Horietako bat da Itxaso Ariza (Bilbo, 1982), Oxfordeko (Erresuma Batua) Tokamak Energy enpresako teknologia zuzendaria. Â

Fusioa bi atomo txiki elkartzean datza. «Haien nukleoak hurbildu behar dira, harik eta biak atomo handi bakarra bihurtu arte. Hori gertatzean, energia askatzen da», azaldu du Arizak. Nukleoek elkar erakartzeko, hiru gauza behar dira: tenperatura altua, indar handia eta bi horiei denbora nahiko luzean eustea.Â
Eguzkiak ez du atsedenik hartzen, eta, ingeniariaren arabera, izar horren masak «izugarrizko grabitate indarra» eragiten du: «Atomo guztiak bere nukleora hurbiltzen ditu. Hor presio handia dagoenez, tenperatura oso altuak sortzen dira». Alabaina, ezinezkoa da Eguzkiaren grabitate indarra gurera ekartzea, Lurraren masa 332.950 aldiz txikiagoa baita. Hortaz, zazpi aldiz tenperatura altuagoa atxiki behar da hemen: «Ehun milioi gradu behar dira».
Ezinezkorik ez dagoela uste duen horietakoa da Ariza, eta, hain zuzen ere, 2022ko otsailean Tokamak Energy lehenbizikoa izan zen munduan tokamak deituriko makina esferiko batean ehun milioi gradura ailegatzen: «ST40 erreaktorean tenperatura horretara ailegatzea lorpen handia izan zen, pentsatzen baitzen ezinezkoa zela».

Lehendabiziko pausoa fusioa egiteko elementu kimikorik egokiena hautatzea izan zen. Ez da azken urteotan ezagun egin den lur arraroen multzoko bakar bat ere. Kontrara, egokiena unibertsoko osagairik ugariena da; hidrogenoa, hain zuzen. Hidrogenoa da taula periodikoko lehendabiziko elementua, eta tenperatura eta indar gutien behar duena fusiorako: hidrogenoa helio bihurtzen da, eta energia askatzen du.
Hidrogenoaren bi isotopo erabili zituzten, zehazki: deuterioa eta tritioa. Hidrogeno atomoaren «aldaera» gisa definitu ditu Arizak: «Hidrogeno atomoak neutroi bat izan dezake, edo bi, edo bakar bat ere ez. Bada, deuterioak bat dauka, eta tritioak, bi». Lehena Lurrean «oso ohikoa eta merkea» da: «Itsasoko urak deuterio pila bat dauka». Tritioa topatzea, berriz, ez da horren erraza, «baina aise sor dezakegu».
«ST40 erreaktorean ehun milioi gradura ailegatzea lorpen handia izan zen, pentsatzen baitzen ezinezkoa zela»
ITXASO ARIZAÂ Tokamak Energyko teknologia zuzendaria
Bi gas horiek edukita, hurrengo urratsa atomoak «uhinen bidez berotzea» izan zen: «Elektroiak nukleotik bereizten dira, eta plasma izeneko gas ionizatu bat eratzen da». Jarraian, positiboki kargatutako nukleo horiek fusionatzeko, indarra aplikatu behar da. Bi metodo daude: konfinamendu inertziala edo laser bidezkoa, batetik, eta konfinamendu magnetikoa, bertzetik.
Munduko hainbat enpresa ari dira laserrekin lanean, baina AEBetako Lawrence Livermore Laborategi Nazionala izan da lehena prozesu hori errentagarri bihurtzen; 2022ko abenduan, ikerlariek erreakzioa gertatzeko sistemari eman zitzaion energia baino gehiago askatzea lortu zuten. Q zientifikoa deritzo horri, eta ingeniariak erran du «lorpen handia» izan zela. Orduko hartan, %54 energia gehiago sortu zuten estatubatuarrek, eta 2025eko apirilean, berriz, «lau bider gehiago».Â
Edonola ere, badago ñabardura txiki bat: laserrek jaurtitako energiari gehituz gero instalazioak laser horiek kargatzeko kontsumitutako elektrizitate totala, emaitza «defizitarioa» da oraindik ere: «Ingeniaritzaren munduan ez genuke esango erreakzio exotermikoa izan zenik». Arizaren ustez, laserren azpiegitura ez da eraginkorra: «Livermore zentrokoak denbora pila bat egon ziren kargatzen, eta, planta komertzial bat garatzeko, hori hainbat aldiz egin behar da minutuero». Laser horiek «konplexuak eta garestiak» direla gaineratu du.
«Demo4 deituriko demostradorean iman supereroaleak hamalau hilabetez piztuta egotea lortu dugu lehen aldiz munduan»
ITXASO ARIZAÂ Tokamak Energyko teknologia zuzendaria
Hortaz, Tokamak Energyko kidearen aburuz, teknologia industrializatzekotan konfinamendu magnetikoaren bidez industrializatuko lukete: «Elektroimanak ez badira berotzen, erreakzioa denbora luzez manten daiteke». Orain dela guti arte, ordea, kobrezko hariekin egiten zituzten imanak, eta segundo gutxi batzuk baino ez zuten irauten, korronte elektrikoaren eraginez metala berotzen eta urtzen baitzen.
Gauzak horrela, tenperatura altuko supereroaleen (HTS) aldeko apustua egin zuten duela hamabortz urte; hau da, behar adina hoztuz gero erresistentziarik gabe korrontea eroan eta eremu magnetiko arras ahaltsuak sor ditzaketen materialak dira. Fusiorako aproposenak REBCO deitzen dira; lur arraro, kobre eta bario oxidoak, alegia. Tokamak Energyk, bertze enpresekin alderatura, «oso goiz» eman zuen HTSekin ikertzeko jauzia; hala, 2026ko irailean esperimentuaren datuak ezagutarazi zituzten: «Demo4 deituriko demostradore txiki bat dugu, eta iman supereroaleak hamalau hilabetez denbora osoan piztuta egotea lortu dugu lehen aldiz munduan».

Beraz, izar txiki bat fabrikatzeko sekretua pixkanaka argitzen ari da, baina prozesua nahi baino mantsoago doa. Zientzialariak 1920ko hamarkadan paratu ziren lehen aldiz zerura begira izarretan zer gertatzen zen ikusteko, eta 1950eko hamarkadan ikertzeari ekin zioten fusio bidez energia sortzea lortzeko. Gaur egun, ITER (Nazioarteko Erreaktore Termonuklear Esperimentala) da fusio nuklearreko proiekturik anbiziotsuena, eta, ingeniariak kontatu duenez, 35 herrialdek parte hartzen dute: «Bertan daude, besteak beste, Txina, Errusia, India, Suitza, Japonia, Hego Korea, AEB eta Europar Batasuna».Â
Erresuma Batua brexit-aren ostean proiektutik atera zen, eta STEP (Energia Ekoizteko Tokamak Esferikoa) deituriko programa bat dauka martxan estatu mailan. Arizak azaldu du 2040rako sare elektrikora konektatutako fusio energiaren lehen zentral prototipoa eraikitzea duela helburu, eta Tokamak Energyk aktiboki esku hartuko duela programan: «Tenperatura altuko iman supereroaleak fabrikatzeaz arduratuko gara».  Â
Supereroale bat, hamaika aplikazio
Gaur egun, fusioaren arloko 50 enpresa inguru daude munduan, eta, Arizaren ustez, pixkanaka bakoitza esparru batean espezializatuko da. Tokamak Energyk HTS imanetan jarri du arreta, eta azken bortz urteetan teknologia hori bertze industria batzuetara eramaten hasi dira: «Adibidez, ospitaleetan erresonantzia magnetikoko bi makina egon ohi dira. Bada, HTSekin azpiegitura eta hozte sistema askoz merkeagoa da, eta hogei bat izan genitzake». Baliteke abiazioan ere erabilgarriak izatea: «Hegazkinak elektrifikatzeko, supereroaleak erabiliko dira seguruenik».
Ingeniariarentzat garrantzitsua da jendeak jakitea teknologia bat ikertzeak bizitzako bertze esparru batzuetan onurak izan ditzakeela: «Supereroaleak adibide bat dira, baina ordenagailuetako txipak eta Internet bera ere badauzkagu NASAk Ilargira joateko garatu zituelako».
Fisioa versus fusioa
Fusioa eta fisioa antzeko hitzak dira, baina ez dira gauza bera. Maila atomikoari dagokionez, fisioan, energia lortzeko, nukleo handi bat bi atomo txikiagotan zatitzen da; fusioan, berriz, kontrakoa. Arizaren ustez, ordea, jendeak bi kontzeptuak nahasten ditu: «Fusio jatetxeetan pentsatzeko esaten diet; bertan, hainbat kultura gastronomikotako osagaiak eta teknikak konbinatzen dituzte beste plater bat sortzeko». Â
Segurtasunari dagokionez ere aldeak daude. Fisioa bonba atomikoak eta zentral nuklearrak egiteko erabiltzen da; beroarekin ura lurruntzen dute, eta urak, sorgailuen bitartez, elektrizitatea sortzen du. Egun, 415 erreaktore inguru daude martxan 31 herrialdetan. Txernobylen (Ukraina) eta Fukushiman (Japonia) agerian geratu zen ez direla erabat seguruak. Izan ere, fisioaren erreakzio katea «oso iheskorra» da, Arizaren arabera: «Kontrolatu ezean, hondamendi bat gerta daiteke». Fusioan, berriz, ezin da «kate erreakziorik» gertatu: «Baldintzak galtzen badira, fusioa bukatzen da, eta erreaktorea amatatu».Â
Horrez gain, fisioaren hondakinak arras erradioaktiboak dira, eta arriskutsuak izaten dira milaka urtez. Fusioarenek, berriz, erradioaktibitate gutxiago dute, eta, Arizaren erranetan, «hamarkada batzuen buruan kaltegabe» bihurtzen dira. Azkenik, Arizak esplikatu du prozesuan ez dela «karbono dioxidorik igortzen».
Bertzalde, ingeniariak baieztatu du fusioak fisioak baino «lau aldiz ahalmen exotermiko handiagoa» duela: «Eraginkorragoa denez, espero da erreaktoreak txikiagoak izatea». Dena ongi bidean, energia iturri «garbia, merkea eta agorrezina» lortuko litzateke. Gizartearen energia arazoak konponduta leudeke, beraz.Â
Ez da panazea
Hedabide anitzek dagoeneko fusio nuklearra irtenbide magiko gisa aurkeztu dute, baina ez du gizartea energia krisitik eta klima aldaketatik salbatuko; izan ere, fusiozko zentral nuklearrak izaterainoko bidea luzea eta korapilatsua da oraindik. Arizak ohartarazi du bien bitartean ezin dela «besoak gurutzatuta» gelditu: «Energia berriztagarriak hedatzea oso garrantzitsua da, fusioak eta fisioak ez baitute lekurik edonon».
Energia berriztagarriek ere eragozpenak izan ditzakete zenbait lekutan: «Adibidez, Senerrek Espainian eraikitako eguzki parkeak ezin ditugu Euskal Herrian eraiki. Haize errotak, berriz, haize gutxiegi ala gehiegi egiten badu, balaztatu egiten dituzte segurtasunagatik. Azkenik, argi ikusi dugu zer-nolako arazoak dituen fisioak lurrikarak dauden lekuetan».
Energia iturriak «aurkari» gisa aurkezteak atsekabetu egiten du Ariza, ziur baitago bakoitzak bere lekua edukiko duela ekosisteman: «Baztertu behar direnak erregai fosilak dira, eta, horretarako, energia berrizgarriak eta nuklearra garatu behar dira». Elkarren osagarri izanik, beharbada, egunen batean lortuko dute Eguzkiari itzal egitea, hark erretiroa har dezan. Badirudi, ordea, Eguzkiari urte dezente falta zaizkiola kontratua bukatzeko, eta goizero pizten segituko du, fakturarik bidali gabe.Â