Gabonetako oparia Arantzazun

Frantziskotarrek idatzitako 350 abesti bildu ditu Joan Luis Atxegak, eta horietako asko musikatu. Gehienak gabon kantak dira, ia denak Gandiagak idatziak. Arantzazuri eman dio egin duen lana.

'Gabon dugu anuntzio' emanaldia, gaur, Arantzazuko koruan. GORKA RUBIO / FOKU
'Gabon dugu anuntzio' emanaldia, gaur, Arantzazuko koruan. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Oñati
2026ko azaroaren 28a
15:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gabon dut anuntzio/ desinteresatu;/ Eguberri-poza dut/ nahi erregalatu:/ Gabon-Eguberrien/ berria haizatu,/ doan dadin jendea/ munduan gozatu». Arantzazuko santutegiko (Oñati, Gipuzkoa) Ama Birjinaren irudi ñimiñoa zaintzen duen harrizko erretaula erraldoiak, mendietako harkaitzen gainetik datozen izpiak koloreztatzen dituzten beirateek, eta udazkeneko hotzetatik babesten duen egurrezko koru bilduak dar-dar egin ahal izan dute berriz batere arrotza ez zaien ahots batekin: grabazio baten bidez, Bitoriano Gandiaga frantziskotar olerkariaren ahotsa entzun dute, Gabonak iragartzeko idatzi zuen olerki bat errezitatzen.

Gabon dut anuntzio du izena duela 25 urte hildako poetaren olerkiak —izen bereko liburu bat ere badago—, eta Gabon dugu anuntzio deitu diote santutegiko koruan gaur goizean egin duten emanaldi poetiko-musikalari. Gandiagak Eguberrietako poza «erregalatu» nahi zuen, eta, Gabonak iristeko aste batzuk falta diren arren, Arantzazuko fraideek beste zerbait jaso dute opari: Joan Luis Atxega organo jotzaile eta ikertzaileak urte luzez egin duen lanaren emaitza. Hain zuzen, hainbat frantziskotarrek idatzitako 350 abesti bildu ditu Atxegak, eta horietako asko musikatu; bildu dituen ia denak Gandiagak idatzitakoak dira, eta 350etik 240 inguru, gabon kantak. Azken urteotan abesti horiek biltzen eta musikatzen egin duen lana zazpi karpeta handitan gorde du, eta gaurko emanaldian eman dizkie eskura Arantzazuko fraideei, zain ditzaten.

Joan Luis Atxega, Andoni Salamero eta Paulo Agirrebaltzategi. GORKA RUBIO / FOKU
Joan Luis Atxega, Andoni Salamero eta Paulo Agirrebaltzategi. GORKA RUBIO / FOKU

Zazpi karpetak entregatu ostean, koruko organoan jarri da Atxega, eta berak moldatutako pieza ugari jo ditu, zenbait abeslariren ahotsek lagunduta; abesti horiek Gandiagak Gabonei buruz idatzitako hainbat olerkirekin uztartu dituzte. Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazuko Santutegiak eta Donostiako Atotxako frantziskotarrek antolatu dute ekitaldia, Gandiagaren heriotzaren 25. urteurrena oroitzeko egiten ari diren Ezagutu Arantzazu programaren barruan.

Atxegak isileko lan eskerga egin du, eta hori aitortzeko modu bat izan da gaurko ekitaldia. Azaldu duenez, proiektu askoz zabalago baten parte dira fraideei eman dizkien zazpi karpeta horiek: «2000. urtearen ingurutik ari naiz euskal gabon kantak biltzen». Ahoz transmititutako gabon kanta asko bildu ditu, eta aspaldi samar hasi zen frantziskotarrek idatzitakoak musikatzen. «Moldaketa asko ahotsetarako dira, eta musikari handien konposizioak erabili ditut haietarako; beste batzuk neronek egin ditut. Normalki, ahotserako eta teklaturako sortuak dira; doinua uztartua dute». Eta doinu horietako asko euskal folkloretik datoz, Aita Donostiak eta Resurreccion Maria Azkuek jasotako doinuetatik: «Euskal Herria da munduko eremurik aberatsena doinu aldetik».

‘Hator, hator’

«Ez da lan erraza izan», aitortu du, baina «sormen lanak jantzi egiten du pertsona barrutik»; Pello Esnal idazlearen laguntza ere eskertu du. Frantziskotarrek eta Arantzazuko korura bildutako herritarrek, berriz, Atxegari eman dizkiote eskerrak, emanaldi poetiko-musikalaren bidez. Denak altxatuta, Hator, hator abestuz biribildu dute ekitaldia, eta ez soilik euskal gabon kanta garrantzitsuenetako bat delako: baizik eta lehen ahapaldia herrikoia den arren gainerako hirurak Gandiagak idatziak direlako. Nola ez, musikaren moldaketa Atxegaren esku egon da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA