Beasaingo Arrano Kulturako kidea

Unai Goikoetxea Urretabizkaia: «Gaua mendian pasatzea beti da berezia»

Arrano Kulturak antolatuta, Izarren Gaua ekinaldia egingo dute bihar Murumendin. Aranzadiko adituek lagundurik, parte hartzaileek aukera izango dute astronomiaz gozatzeko.

Unai Goikoetxea Urretabizkaia, Arrano Kultura elkartearen aurrean, asteazkenean, Beasainen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Unai Goikoetxea Urretabizkaia, Arrano Kultura elkartearen aurrean, asteazkenean, Beasainen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Beasain
2025eko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izarrei begira, izarrez inguratuta. Halaxe pasatuko dute biharko gaua Murumendira igoko diren 30 pertsona inguruk. Arrano Kulturak Izarren Gaua egitasmoa antolatu du bigarren urtez, eta, hain zuzen, iazko harrera onaren fruitua da aurtengo aldia. Unai Goikoetxea Urretabizkaia (Beasain, Gipuzkoa, 1989) elkarteko kidea da, eta adierazi du «natura ezagutzea» dela egitasmoaren xedea. 

Izarrei begira jarriko zarete larunbatean. Gau magikoa izango da?

Bai, magikoa, edo berezia behintzat bai. Gaua mendian pasatzea beti da berezia, eta, Aranzadiko adituei esker astronomiaz gozatzeko aukera izanda, are gehiago. 

Antolatzen duzuen bigarren urtea da. Nola joan zen lehena?

Iaz, eguraldi txarra zela eta, atzeratu egin behar izan genuen. Irail bukaeran egin genuen, eta egia da aldea dagoela hilabete hasieran edo bukaeran egin. Giroa freskoagoa zen, gaua ere hotza… Hala ere, oso ondo atera zen; hogei lagun inguru izan ginen. Izar bakoitza zeruan nola bilatu azaldu ziguten Aranzadikoek.

Zein da aurtengo plana?

Bihar 18:00etan elkartuko gara, Mandubiko Bentan, eta, handik, Murumendira igo. Iristean, kanpin dendak muntatu, afaldu eta zerura begira jarriko gara. Gaua han pasatu, eta, igande goizean, nahi duenak aukera izango du garaiz jaiki eta Aralar aldetik egunsentia ikusteko.

Eta egunsentia ikusi ostean, Usurbe mendiko jaiez gozatzera. Plan biribila.

Bai. Jaietako egun nagusia igandea da. Iaz ezin izan genuen jaiez gozatu; beraz, ea aurten dena ongi ateratzen den. Egunsentia ikusi eta gero, Mandubiko Bentan gosalduko dugu, eta 10:00 aldera Agortara jaitsiko gara, Usurbe mendiko jaietara, hamaiketakoa egitera.

Parte hartzaileak, noski, denetarikoak izango dira.

Taldea askotarikoa da, egia esan. Bereziki familiek eman dute izena. Gazte talde batzuk ere izango ditugu, eta badago bakarka apuntatu denik ere. Iaz, esaterako, bikote gazte bat apuntatu zen, hiru ume oso txikirekin; gazteenak urtebete inguru izango zuen.

Zer ematen die egitasmo honek parte hartzaileei?

Nik uste dut bestelako egitasmo bat dela. Iruditzen zait pixkanaka harremana galduz goazela naturarekin, eta uste dut oso garrantzitsua dela harreman horri eustea. Egitasmoak modua ematen du natura bera ezagutzeko, eta gauean zeruan agertzen diren argi horiek guztiak ulertzeko. Horrez gain, gauez mendian ibiltzen ikasiko dute, norabidea identifikatzen eta ez galtzen.

«Egitasmoak modua ematen du natura bera ezagutzeko, eta gauean zeruan agertzen diren argi horiek guztiak ulertzeko»

Zer konstelazio edo fenomeno berezi ikusi ahal izango dituzue?

Igandean ilargi betea izango dugu; hala, argitasun handiagoa izango dugu izarrak ikusteko. Beraz, konstelazio nagusiak ikusi ahal izango ditugu, baina agian ez dira iaz bezainbeste izar ikusiko.

Aranzadiko adituek zer ekarpen egingo dute?

Aranzadiko aditu bat etorriko da gurekin. Parte hartzaile bakoitzak bere kataloxak eramango dituen arren, adituak ere eramango du materiala. Iaz, esaterako, haren prismatiko batzuekin Ilargia ikusi ahal izan genuen. Nik ez nuen inoiz hain gertutik ikusia. Izugarria izan zen. Aurten ilargi betea izango dugunez, hobeto ikusiko da.

Eguraldiaren iragarpenaren zain egongo zarete... Ona izan ezean, zaila izango da izarrak ikustea, ezta?

Horrelako egitasmoak eguraldiari lotuta daude, zalantzarik gabe. Iaz, eguraldi txarra zela eta, atzeratu egin genuen. Aurten espero dugu egin ahal izatea. Oraingoz, aurreikuspenak onak dira: oskarbi egongo da, eta giro ona izango dugu. Ea bere horretan eusten dion eta zortea dugun.

Zer gomendatuko zenieke izarrak ikustera doazenei?

Animatuta etortzeko. Mendian gaua pasatzea polita izaten da, eta disfrutatzeko asmoz joango gara. Gogorarazi nahiko nieke materiala eurek ekarri behar dutela: lo zakua, kataloxak, afaria eta gosaria. Kanpin denda eramatea ere aholkatzen dugu, hotza eginez gero babestuago egoteko.

lotsabako

Izarrak ikusteko leku kutuna? Izabako kanpina.

Konstelazio bat? Ehiztaria. Hollywoodeko izar bat? Goenkaleko Maria Luisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.