Gaueko lanaren ilunak

Gauez lan egiteak osasunean nola eragiten duen aztertzen dute Bioguneko Liver Moon proiektuan. Erritmo zirkadianoa aldatzeak zer eragin duen ikertu dute saguekin egindako esperimentuetan.

BERRIA
BERRIA
itsaso jauregi 2
2026ko maiatzaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriak lo egiten duenean, gizartearen parte handi bat lanera joateko esnatzen da. Kale isilen eta argiztatu gabeko leihoen artean, gizartearen parte batek lantokira joateko bidea egiten du: eguzkiaren ordez, ilargia dute bidelagun. Nature aldizkarian 2022an argitaratutako artikulu baten arabera, Europan langileen %19k gutxienez hilean behin egiten dute lan gauez, eta txandakako lana, bereziki gaueko txanda, osasunerako arriskuekin lotu dute ikerlariek. Horretan sakontzeko Biogunek koordinatzen duen proiektuan, Liver Moon izenekoan, aztertzen hasi dira zer ondorio izan ditzakeen gaueko lanak osasunean eta batez ere garunean.

Gauez lan egitea milioika pertsonaren eguneroko bizitzaren parte da. Hala ere, lan jarduera gauez egiten denean organismoak bere erloju biologikoarekin borrokatu behar du. Erloju biologikoa ―edo erritmo zirkadianoa― gorputzaren 24 orduko barne sistema da, eta garunari egunean aktibo egoteko eta gauean atseden hartzeko hormona espezifikoak noiz askatu behar dituen adierazten dio; eguna argitzen denean esnatu, eta iluntasunarekin batera lokartu. Malu Martinez Bioguneko doktoreak horrela azaldu du erlojuaren funtzionamendua: «Garunean dagoen nukleo suprakiasmatikotik kontrolatzen den erloju biologiko bat dago. Zelulak gai dira hautemateko ea goiza den edo gaua den».

Erloju biologikoa

Garunean bertan sortzen dira erloju biologikoaren seinaleak, eta hortik organismoko beste ataletara zabaltzen dira. Erritmo zirkadianoaren aurka egiten dute, beraz, gauez lan egiten duten langileek, Martinezek argitu duen bezala: «Liver Moon proiektuan, ulertzen saiatzen gara nola eragiten dien erritmo zirkadianoa aldatzeak metabolismoaren prozesu inportanteei, eta, ahal bada, horietan esku hartzen ahalegintzen gara».

Alterazio kardiobaskularrak, kognitiboak... eta ugalketan ere alterazioak. Ondorio horiek guztiak ikusita, Carolina Conter Bioguneko ikertzailea akats bat zegoela sumatzen hasi zen; organismoari modu sistemikoan eragiten zion molekula bat. Ikertzen jarraituta, hidrogeno sulfuro izeneko molekularekin egin zuen topo (H₂S); berez kontzentrazio handietan toxikoa izan daitekeen arren, organismoan funtzio babeslea betetzen duen molekula bat da, gibelean, garunean eta gantz ehunean oxidazioa erregulatzen laguntzen duen elementua da eta.

«Liver Moon proiektuan, ulertzen saiatzen gara nola eragiten dien erritmo zirkadianoa aldatzeak metabolismoaren prozesu inportanteei, eta, ahal bada, horietan esku hartzen ahalegintzen gara» 

MALU MARTINEZ Bioguneko doktorea

Proiektuaren hipotesiaren arabera, erloju biologikoaren sinkronizazioa hausteak molekula horren ekoizpena alda dezake, eta entzima garrantzitsu batzuei eragiten ahal die ―CBS, CSE eta 3MPST―. Horiek aztertzeko, saguen gibela eta garuna behatzen dituzte; hor aurretik aipatutako entzimek eratzen baitute H₂S molekula. Prozesu hori aztertzeko, ikertzaileek saguen otordu ordutegia aldatu dute; saguek, normalean, gauez jaten dute, baina Conterrek janaria egunez eman die: «Ikusi dugu ordutegia aldatzean hidrogeno sulfuroa gutxitu egiten dela».

Saguen eguna eta gaua ez dira aldatzen, momentu bakoitzean dituzten ohiturak baizik, Martinezek azaldu duenez: «Aztertzen ari garen ehun guztietan, muskuluetan, ehun adiposoan, gibelean eta garunean, ikusi dugu erritmo zirkadianoa erregulatzen duten geneak erabat aldatuta daudela». Hau da, saguak alderantziz doazela nabaritzen du, egunez jaten ari dela, beti bezala gauez jan ordez: horrek animaliaren geneak aldatzen ditu.

Horrela, erloju biologikoaren sinkronizazio faltak gibelari, garunari eta ehun adiposoari nola eragiten dion ikus dezakete, gauez lan egiten dutenen egoera ulertzeko eta etorkizunean hobetzeko. Martinezek azaldu duenez, lanbide batzuetan, ezinbestean, gaueko txanda bat egon behar da, baina lanean ari dira epe luzeko kalteak saihesteko. Horregatik, ikerketan tresna terapeutiko posible gisa erabili dute dieta. Barazkietatik datozen proteinak jateak H₂S molekula modu naturalean sortzen lagun dezakeela ikusi dute, Conterren hitzetan: «Ikusi dugu dieta horrekin gai garela hidrogeno sulfuroaren kantitatea berrezartzeko».

(ID_17797839397165) (/EZEZAGUNA) Liver moon proiektuko ikerlariak
Liver Moon proiektuan parte hartu duten ikerlariak. BIOGUNE

Barazki jatorriko dieta horiek sortzeko, supermerkatuetan saltzen diren irinak erabili dituzte, lantaldean aritzen diren dietistek gomendatuta; irina aldatu egin dute, noski, baina hori da osagai nagusia. «Saguek energia gehiago dute irinarekin egindako janaria ematen diegunean. Metabolismoaren fenotipoa modulatu dezakegula pentsarazten diguten faktore batzuk ditugu», argitu du Martinezek. Beraz, dieta eta beste esku hartze metaboliko batzuk lan ordutegira egokitu nahi dituzte gauez lan egiten dutenen osasuna babesteko.

«Ikusi dugu ordutegia aldatzean hidrogeno sulfuroa gutxitu egiten dela» 

CAROLINA CONTER Bioguneko ikerlaria

Bestalde, txandakako ordutegietan lan egiteak izan dezakeen eragina ere ikertu nahi du Martinezek: «Sektore batzuetan asteko hiru egunetan gauez eta beste bietan egunez lan egiteko saiakera egiten dute, familia bizitza bateratzeko, noski. Orduan, aztertzen ari gara ea hobe den egunez eta gauez txandakatzea, edo ea hobe den langile horiek epe luze batez lan horrekin mantentzea, erritmoa hainbeste aldatu gabe». Ikusten ari dira erritmoa etengabe aldatzen denean organismoari gehiago kostatzen zaiola horrelako alterazioetara ohitzea; aldiz, denbora jakin batean gaueko lanari eusten zaionean, disfuntzio metabolikoa egon arren, disfuntzio hori txikiagoa da.

Etorkizunari begira

Zein izango litzateke gaueko lanak antolatzeko modurik onena: langileak denbora jakin batez gaueko lanean egonkor mantentzea, edo hobea da gaur egungo txandakatze hori? Ikertzaileek oraindik ez dute erantzun argirik, baina saguekin ikertzen jarraituko dute gero ikerketa hori eremu kaltetuetara eramateko. Conterrek azaldu duenez, ospitaleekin harremanetan daude, eta bertako langileen serum laginak jasoko dituzte: «Gaueko langile horien laginetan, zera ikusi nahi dugu lehenik: ea hidrogeno sulfuroa nola modulatzen den».

Lagin horiek ikertu ondoren, saguei emandako dieta gizakiei emateko moldatzea da hurrengo pausoa, metabolismo guztia berrezartzeko gai diren ikusteko. Baina gaueko langile horien organismoan ikerlariek ikusten dituzten ondorioak ez dira bakarrik langile horietara mugatzen, Martinezen ustez: «Ikertu nahi dugu ea gauez lan egiten duten gurasoak dituztenek aukera gehiago dituzten etorkizunean sindrome metabolikoa garatzeko, lanordu erregularrak dituztenen seme-alabek baino».

Liver Moon proiektuan, gibelean eta garunean sortzen den Hâ‚‚S molekularen bidea jarraitu nahi dute, batez ere gauez lan egiten dutenen organismoan dauden alterazioak ikertuz. Izan ere, Hâ‚‚S molekularen alterazioak, metabolismoan ez ezik, garunaren osasunean eta zahartzean ere eragin dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA