Euskal jaiak Ordizian. Jon Etxebarria. Gaztagilea

«Gazta guztiak berdin egiten ditugu; garaiaren araberakoak dira.»

Puy Arrietarekin batera, Zeanuriko Ipiñaburu gaztandegia osatzen du Etxebarriak. Iazko Ordiziako Gazta Txapelketan lehen saria irabazi zuen bikoteak bigarren aldiz, eta aurtengo lehiaketara aurkezteko asmoa azaldu dute.

2016ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Dagoeneko hasiera eman diete euskal jaiei Ordizian (Gipuzkoa), eta Gazta Txapelketa da jaien une bereizgarrienetako bat. Iazko lehiaketan, Zeanuriko (Bizkaia) Ipiñaburu gaztandegiko Puy Arrietak (Araia, 1978) eta Jon Etxebarriak (Dima, 1981) eraman zuten lehen saria otsailean egindako gazta keztatu batekin; 2012an ere irabazle izan zen bikotea. Ipiñaburuko gaztandegikoek bigarren saria irabazi berri dute Plentzian (Bizkaia), Jatorri Izeneko Idiazabal Gaztaren Lehiaketa Ofizialean.

Zer moduz joan da urtea iazko garaipenaren ostean?

Lehen aldiz irabazi genuenetik, oso ondo joan da. Igarri egiten da jende gehiago etortzen dela gaztandegira, gazta txapelduna probatzeko kapritxoz. Bertako jendearekin ere igartzen da, eta gaztaren kontsumoak gora egin du; oparietarako edota bisitetarako erosten du jendeak.

Asko gaztandegia ikustera etortzen dira; Ipiñaburu izena apur bat zabaldu da. Euskal eremuko jendea etorri da gehienbat, baina nekazaritza etxeetara etortzen den jendea ere etorri izan zaigu: Bartzelonatik, Valentziatik, Madrildik... Aurtengo kanpainako gazta gehiena saldu dugu jada, baina beti dago zer edo zer egiteko: jendearekin egon, ardiak zaindu...

Aurtengo txapelketara aurkeztuko zarete?

Bai. Orain, erdi oporretan gaude, baina Ordiziako txapelketarako prestaketetan gabiltza. Azokan gazta saltzen ere arituko gara.

Nolakoa izango da aurkeztuko duzuen gazta?

Oraindik ez dugu erabaki. Iazko gaztaren antzekoa izango da; otsail eta martxo bitartekoa. Ez gaude ziur, 2012an maiatzeko gazta batekin irabazi genuen eta.Gehienetan, lehiaketetarako, udaberriko gaztak aukeratzen ditugu.

Nola egiten dituzue lehiaketan aurkezten dituzuen gaztak?

Gazta guztiak berdin egiten ditugu; garaiaren araberakoak dira. Gabonen inguruan hasten gara, uztailera arte. Gazta guztiak intentzio berberarekin egiten ditugu. Egindakoak dastatzen ditugu, eta, gero, aukeratu egiten ditugu. Ez ditugu gaztak bereziki lehiaketarako egiten. Sorta batzuk besteak baino hobeak ateratzen dira batzuetan. Bi hilabete pasatu ondoren ikusten da gaztak onak diren ala ez. Askotan zortea ere izaten da.

Orduan, Ordiziako txapelketaren ostean oporrak dituzue?

Printzipioz, bai, baina iaz, txapelketa irabazi ostean, hamabost egunez nahiko latz ibili ginen. Lanean ez, baina, batez ere inguruko jendea gaztandegira bertaratzen zelako zoriontzera. Hori oporraldi ona da, edonola ere. Garai lasaiago da.

Herrian bertan jendea ere etortzen da, eta gaztandegiaren izena zabaltzen da, inguruan artzain gutxi daude eta. Idiazabalgo gazta soilik bik egiten dugu.

Lana nola kudeatzen duzue bien artean?

Familia lan bat da. Gaztak egiteko, Puy eta biok ibiltzen gara bakarrik, elkarlanean. Laguntza beharrezkoa badugu edo lan berezirik baldin badago, familiara jotzen dugu.

Egun nola ikusten duzu gaztagintzaren merkatua?

Nire ustez, Idiazabalgo gaztak izen handia du, eta, orokorrean, oso ondo saltzen da. Merkatua oso zabala da; federazioak lan handia egiten du, baita Ordiziako Kofradiak ere. Gure kasuan, oso ondo saltzen dugu; enkargu batzuk baditugu oraindik, baina ia gazta guztia saldu dugu jada. Horrela joaten bada, denentzat hobe izango da, eta, gisa honetako txapelketekin, gazta ezagutzera emango da.

Ordiziakoaz gain, lehiaketa askotan parte hartzen duzue?

Bai. Urte osoan, hamar edo hamabi lehiaketatan-edo izaten gara: Donostia, Elgoibar [Gipuzkoa], Plentzia [Bizkaia], Azpeitia [Gipuzkoa]... Lehiaketak aukera ona izaten dira gazta saltzeko eta eguna igarotzeko.

Zer aurreikuspen dituzue Ordiziako txapelketari begira?

Betikoak arituko gara gaztak aurkezten. Iaz 50 gaztagileinguru egon ginen, eta aurtenere antzekoa izango dela uste dugu. Ilusio handiz joango gara txapelketara, eta gaztarik hoberenak irabaziko du saria. Iaz esperantzarik gabe joan ginen, eta berriz irabazi genuen.

Irabazteko helburuarekin joango zarete lehiaketara?

Lehiaketetara joaten garenak irabazteko asmozjoaten gara, eta bakoitzakduen etxeko gaztarik hoberena darama. Hortik aurrera,hainbat faktoreren esku geratzen da erabakia. Guretzat,Ordiziako txapelketa oso handia da, eta familiako lanaren fruitua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.