Eguna gozatzeko eta gozotasuna etxera eramateko, makina bat aukera bada. Maria Angeles Alustiza tolosarrari «aberatsa» iruditzen zaio Tolosa Goxua azoka. «Erraza da pikatzea. Erakargarria da. Erraz erortzen da bat tentazioan, eta askotariko prezioak ere badaude». Triangelu plazan hara eta hona dabil jendea, eta tentazioan erortzen dira ia denak. Ez da gutxiagorako. Tolosa Goxua azokako eskaintza benetan baita gozoa.
Gaztea irratsaioko esatari Julen Telleria ari da aurkezle lanetan, eta harena da iragarpena: «Tolosa Goxua da udazkenaren hasiera Tolosan. Azoka berezi ugari izaten ditugu, baina gaur da udazken gastronomikoaren hasiera Tolosan».
Herriko hiru ikastetxetako ikasleak abaraskak egiten ari dira, gailetak goxatzen. Aldamenean, badira epaimahai lanetan jarri dituztenak. Herritarren sagar tartak ari dira dastatzen batzuk. Eta eskualdeko ezti lehiaketako epaimahaikoak daude parean.
Salmenta mahaietan, berriz, Euskal Herriko hainbat txokotakoak daude. Uztaritzeko Arrastia gozotegitik (Lapurdi) iritsi da Tatiana de Freitas, eta euskal pastela saltzen ari da gelditu gabe. «1984an sortu zen Arrastia, eta Euskal Herri osoan, Frantzian eta Espainian euskal pastel asko saltzen ditugu. Azoka hau oso ondo dago, giro ederra dago». Azpeitiko Egaña gozo dendatik (Gipuzkoa) Inazitoak eta Inazioak eramaten dituzte, eta bertako Alazne Alonsok nabarmendu du azokan bertan zein Euskal Herri osoan izaten dutela «arrakasta Inazitoek eta Inazioek».
Tolosakoak bertakoak ere badaude mahaietan. Ama jatetxeko gazta tartak ari da saltzen Edurne Ezeiza. «Betiko gazta tarta daukagu, baina baita txokolatezkoa eta limazkoa ere. Jendeak ohitura du azoka honetara etortzeko. Gustura etortzen da, eta gauza desberdinak probatzen ditu». Iñaki Gorrotxategik, bestalde, 44 urte daramatza gozogintzan, eta Tolosa Goxua berezia da harentzat: «Kanpaina indartsu bati hasiera ematen dio azoka honek. Diabetesa eta kiloak desagertzen dira, eta abendura bitartean herritarrak gozoekin disfrutatzen dabiltza. Gezurra dirudi, baina denok aritzen gara gozoak saltzen, eta denok amaitzen dugu azoka pozik».

Jateko ez ezik, bada ttantta gutxitan dastatzeko zerbait azokan: Basauriko Licores Lujok (Bizkaia) mahai bat du han, eta askotariko likoreak saltzen ari da Ivan Diego. «Likore bat natillekin egiten dugu, eta azukre ukitu bat du». Txokolatezko likoreren bat ere bada. «Batzuk gozoak dira, baina ez gozoegiak».
Lehiaketen irabazleak
Eztia ere bada azokan. Segurako (Gipuzkoa) Ageda Zeberio urtero izaten da bertan eztia saltzen, eta gustukoa du Tolosa Goxua. «Jende asko etortzen da, eta eztia baloratzen dute».
Tolosaldean ez dira gutxi eztia ekoizten dutenak. Tolosaldeko 27. Ezti Lehiaketan, 11 parte hartzaile izan dira. Irabazlea Berastegiko (Gipuzkoa) Mattin Salbarredi gaztea izan da.

Hamalau herritarrek, bestalde, sagar tarta lehiaketan parte hartu dute. Eta irabazlea Andoaingo (Gipuzkoa) Joxean Erasun izan da.
Gorrotxategi familiakoei omenaldi txiki bat egin diete. Musika ere giroaren parte da: Tolosa Kantarikoak eta Udal Txistulari Banda pasatu dira handik, abaraskak —gailetak— Triangelu plazan daudenei banatu ostean.
Baten batek galduko zuen lehen azoka. Baina Tolosan ez da etenik: azaroaren 8an Esneki azoka ospatuko dute. Eta azaroaren 22an babarrunarena iritsiko da.