Scripta

Iratxe Perez Barandalla: «Gure lana da ikuslea istoriotik ateratzen duen elementu oro zuzentzea»

Film baten plano bakoitza zentzuzkoa dela ziurtatu behar du Perezek, baita jarraitutasuna errespetatzen dela ere: «Zorrotza ez izaten saiatzen naiz, badakidalako zer-nolako esfortzua dagoen atzean».

IRATXE PEREZ BARANDALLAK UTZITAKOA
IRATXE PEREZ BARANDALLAK UTZITAKOA
itsaso jauregi 2
2026ko apirilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zupada bakoitzarekin erretzen diren zigarroen eta zeruan ihes egiten duten lainoen atzetik ibiltzen da egunero Iratxe Perez Barandalla scripta (Lizarra, Nafarroa, 1982). Perez, hain zuzen, filmen jarraitutasuna bermatzeaz arduratzen da. 23 urte daramatza xehetasun bakoitza apuntatzen eta grabazio akatsak zuzentzen. Maiatzaren 11tik 14ra, bere ibilbidearen inguruan hitz egingo du Iruñeko Pixelian zinema eskolan.

Gidoia jasotzen duzunean, zer azpimarratzen duzu?

Gidoiaren lehen irakurketa egiten dudanean, kronometratu behar dut sekuentzia bakoitzak gutxi gorabehera zenbat iraungo duen, pelikulak zenbat iraungo duen jakiteko. Bigarrenik, departamentu bakoitzaren buru guztiak elkartzen gara, eta gidoia irakurtzen dugu elkarrekin, bakoitzaren zalantzak komentatzeko. Jarraitutasunaren arloa kontrolatzen dut nik.

Zer esan nahi du horrek?

Argi izan behar dugu zenbat egun igarotzen diren istorioaren barruan: ea egunak, asteak, hilabeteak edo urteak igaro diren. Zer egunetan gertatzen ari den argi izan behar dut, beste departamentuei helarazteko: jantziak, makillajea, ile apainketa eta efektuak koordinatzen dituztenei. Departamentu bakoitzeko buruarekin elkartzen naiz grabatu aurretik.

Zer gertatzen da pertsonaiak zauri bat duenean?

Zauria egin duen egunean, odoleztatua egongo da. Egin berria dagoen sekuentziak zeintzuk diren zehaztu behar dira. Gero, kolorea aldatuko zaio: ubela, berdea, horia, eta gero desagertu egingo da. Ikusi egin behar da zauri horrek izan duen eboluzioa, nola sendatu den. Eta pertsonaia dutxan agertzen bada, zauri horren orbaina ikusi behar da.

Nola gogoratzen dituzu xehetasun guztiak?

Sekuentzia bat zenbait ikuspuntutatik grabatzen denean, dena berdin errepikatu behar da hartualdi bakoitzean. Protagonistak burua mugitu badu, kontrako planoan horrela jarraitu behar du. Horiek seinalatzeko ikono jakin batzuk ditut; oso azkar apuntatzen ditut. Aktoreek besoak gurutzatzen dituztenean, adibidez, X jartzen dut.

Planotik kanpo geratzen dena ere kontrolatu behar duzu?

Ez. Plano barruan dagoena bakarrik: ikusten ez bada, ez du garrantzirik.

Zeintzuk dira zuzentzen dituzun okerrik ohikoenak?

Bukatzen diren elementuekin zerikusia dutenak: zigarroa, kandela eta plater bero baten hezetasuna, esate baterako. Agian, bi orduz grabatuko dugu eszena bat, eta, horretarako, behin eta berriz berotu behar da platera.

Badaude kontrolatu ezin diren oztopoak?

Bai. Eguraldia da handiena. Elkarrizketa batean planoa eta kontraplanoa egiten badituzu, hasieran eguzkitsu egongo da agian, eta, gero, lainoak agertuko dira. Azkar grabatu behar dugu.

«Garrantzitsuena da koreografia horrek historia ondo kontatzea. Aktoreak jaka beste modu batean jartzen badu, ez da askorik nabaritzen»

Hutsegiteak seinalatzen dituzunean, lantaldeak ongi hartzen du?

Bai. Itxaron egiten dut hartualdia amaitu arte, eta, hutsegitea oso handia bada, komentatu egiten dut; adibidez, pertsonaia aurreko eszenan eserita bazegoen eta oraingoan zutik agertzen bada. Halakoetan, beste hartualdi bat egin behar da: scriptak esaten duena kontuan hartzen da normalean.

Txikiagoak direnean, berriz, ez?

Ez. Garrantzitsuena da koreografia horrek istorioa ondo kontatzea. Aktoreak jaka beste modu batean jartzen badu, ez da askorik nabaritzen. Gure lana da ikuslea istoriotik ateratzen duen elementu oro zuzentzea.

Muntatze lanetan zure apunteak erabiltzen dituzte?

Bai. Plano bakoitzaren atal bat bidaltzen diot muntatzaileari.

Zein da zure lanbidearen zailtasun nagusia?

Zeluloidean grabatzen genuenean, askoz zailagoa zen, ezin zelako berriz ikusi. Gaur egun digitalean grabatzen denez, grabatutakoa errepasatzeko aukera dago.

Beste filmak ikusten dituzunean, hutsegiteak sumatzen dituzu?

Bai, batez ere lanean hasi nintzenean. Oso deserosoa zen, zinemara joan eta filma teknikoki bakarrik ikusten nuelako. Orain, hain zorrotza ez izaten saiatzen naiz, badakidalako zer-nolako esfortzua dagoen atzean.

Zure lana ongi eginda badago, ikusezina da, ezta?

Bai. Beste lankideenarekin alderatuta, desberdina da, besteena sumatzen delako. 

Uste duzu behar den bezala baloratzen dela?

Ez. Oso ezezaguna da hain garrantzitsua izateko. Uste dut matxismoak ere baduela zerikusirik, hasieran emakumeek betetzen baitzuten beti lanpostu hori. 

Hasi zinenetik aldaketa sumatu duzu?

Bai. Aldaketa bat izan da, zineman lan egiten dugun emakumeok borrokan jarraitu dugulako. Beste departamentu batzuetan ere sartu gara poliki-poliki, baina oraindik asko dago egiteko.

Zer ezaugarri izan behar ditu script onak?

Oso zehatza izan behar duzu, eta beti adi egon. Informazio guztia ondo eduki behar duzu, eta, horretarako, ezinbestekoa da besteekin ondo moldatzea: zinema lantaldean oinarritzen da.

Zuzendaria ere bazara. Script gisa egindako lanak badu eraginik lan horretan?

Bai. Entrenamendu ona izan da. Departamentu guztien beharrak eta denborak errespetatzen ikasi dut.

LOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA