Bilboko Aste Nagusia

Haurrak jaira joan ezin direnean, jaia doa haurrengana

Basurtuko ospitalean izan dira Marijaia eta Gran Circo Holiday zirkua. Emanaldi berezia egin diete ospitaleratutako umeei, eta haiek irriz eskertu diete.

Zirkuak eta Marijaiak Basurtuko ospitalera goizean egindako bisita. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Zirkuak eta Marijaiak Basurtuko ospitalera goizean egindako bisita. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbo
2025eko abuztuaren 20a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Noiz etorriko da?», galdetu dio ume batek amari, aspertuta. Basurtuko ospitale pareko geltokian daude eserita, eta amak tranbia seinalatu du, gerturatzen ari zaie eta. Umea zur eta lur geratu da helmuga jarri behar lukeen tokian Marijaia jartzen duela ikusita. Espero bezala, ateak ireki direnean, han azaldu da Marijaia bera, konpartsakideen konpainia koloretsuan. Umeren bat kezkatu bada ere, ez, Marijaia ez dago gaixo; ospitaleratuta dauden haurrak bisitatzera doa. Gran Circo Holiday zirkua ere bertan izan da emanaldi berezia egiteko. Eguraldiak goibeldutako giroa alaitzea lortu dute, haur ugariri irribarre eginaraziz, eta haurrei bakarrik ez. 

Tranbiatik ospitalerako bidea txistularien laguntzaz egin du Marijaiak, eta Hamelingo txirulariak balira bezala jarraitu diete haurrek atzetik. Atean zain egon dira kazetariak, ospitaleko langileak eta udaleko ordezkari taldea; haien artean, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bera ere. Edozelan ere, Francis Diez pregoilariak eta Olatz Agirre txupinerak hartu dute protagonismoa, beren traje gorri eta horiekin. Agirrek piztu du suziria, eta hala eman diote hasiera egunari; baita ospitale barruko kalejirari ere.   

«Ez da erraza neurtzen sendatze prozesuan zirkuak zenbateraino eragiten duen, baina denak balio du: deskonektatu ahal izateak, baikor egoteak, alaitasunak..»

JAVIER FERNANDEZPediatra

Abestien erritmoan iritsi dira dagoeneko haur ugari eserita dauden estalpera. Denbora gutxi iraun dute libre aulki arteko hutsuneek, eta jende askok zutik geratu behar izan du. Teknikariak musika jarri eta hasiera eman dio Gran Circo Holiday zirkuaren emanaldiari. Rody Aragon aurkezleak txantxa artean egin dio ongietorria publikoari, eta espresuki alkatea agurtzeko tartea hartu du. Denek parte hartzeko moduan dinamizatu du saioa hasieratik. «Nire bizarrak hiru ile ditu…», abesten hasi da, gazteleraz, eta haurrei jarraitzeko agindu die. Hala, hitzekin zenbait joko egin dituzte, eta barrez lehertu dira une askotan. 

«Zirrara» piztu dute

Horren ostean, zirkuko gainontzeko kideen txanda heldu da: Aaron eta Maike pailazoak, Gerardo alanbrista, Jon Ander malabarista, Martin trapezista... eta, guztien gainetik nabarmendurik, Alberto Segura gaztea. Haren emankizunak jaso du txalo gehien. 19 urte besterik ez du, eta zortzi zilindroren gainean ibil daitekeen Europako pertsona bakarra da. Ospitaleko egituragatik hiru besterik ezin izan du erabili, baina aski izan da publikoa aho zabalik uzteko. 

Bukaeran, berriz ere kantuari ekin diote zirkukoek, baina gonbidatu batzuen laguntza izan dute. Sagu eta Oilo azaldu dira, eta haurrek haiekin abestu dituzte pare bat kanta, horiek ere gazteleraz. Horrela, kantu eta txalo artean eman diote amaiera ekitaldiari. Aurkezleak berak ere azpimarratu du horrelakoen garrantzia. «Niretzat, berezia eta garrantzitsua da gaur hemen egon izana», azpimarratu du Aragonek.

«Zirkuari esker, kalera atera naiteke behintzat, eta Bilboko jaiez pixka bat gozatzeko aukera ere badaukat»

AMY NUÑEZ
Haur ospitaleratua

Amy Nuñezek ere Seguraren saioa azpimarratu du emankizuneko guztien artean. «Erortzeko horrenbesteko arriskua zeukala ikusteak zirrara piztu du nigan». Hamar egun daramatza Nuñezek ospitalean, eta, aitortu duenez, azken egunak «oso aspertuta» pasatu ditu. Horregatik, oso eskertuta dago halako emankizun bat antolatu dutelako. «Horrela, kalera atera naiteke behintzat, eta Bilboko jaiez pixka bat gozatzeko aukera ere badaukat». Gaur bidaliko dute etxera, eta, ikuskizunari esker, «are pozago» bueltatuko da.

Javier Fernandez pediatra ere pazienteak bezain «pozik» dago ikuskizunarekin. Kontatu duenez, haurrei zirkua zetorrela esan zietenetik, «urduri eta ilusioz» egon dira gehienak. Horregatik, egitasmoa «baliagarria» iruditzen zaio jaietara joan ezin diren umeei jaiak gerturatzeko; ez guztientzat, baina, larrien dauden haurrak ezin baitira atera logelatik. Dena dela, gozatzeko aukera daukatenei, «on handia» egiten diela ziurtatu du. «Ez da erraza neurtzen sendatze prozesuan zenbateraino eragiten duen, baina denak balio du: deskonektatu ahal izateak, baikor egoteak, alaitasunak..».

Jaiak irisgarri egitearen garrantzia

Ekitaldian irribarretsu ibili da Juan Mari Aburto, eta nabarmendu du Aste Nagusiko ekintza «politenetakoa» dela ospitaleko bisita, «klasikoa» izateaz gain. Gainera, jai girora joan ezin direnei jaiez gozatzeko aukera ematearen garrantzia ere azpimarratu du. «Jende asko dago etxetik irten ezinda edo ospitalean gaixo, eta haurrak beti dira zaurgarriagoak. Horregatik, gauza ederra da ume hauei Aste Nagusian parte hartzeko horrelako aukera bat ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.