Aburtok mehatxuak izan zirela ukatu du, eta errua oholtza muntatzea zegokion enpresari egotzi

Olatz Salvadorrek, Marenek eta Kai Nakaik zabaldutako komunikatuari erantzun dio Bilboko alkateak. EH Bilduk, berriz, udalari eskatu dio «erantzukizuna bere gain har dezala».

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, 2024ko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, 2024ko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko abuztuaren 20a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok hasieratik argi utzi nahi izan du ez duela artistekin eztabaidarik izango, eta «errespetu guztia» adierazi die. Hala ere, jakinarazi du ez duela bat egiten artistek zabaldutako mezuarekin, eta esan du udalak ez duela «inolako mehatxurik» egin. Horrekin batera, oholtza muntatzea zegokion enpresari egotzi dio larunbateko gertakariaren errua: «Errua enpresarena da, ez baitzuen kontratua bete». 

Honako hau ere gaineratu du: «Udalak bere esku zegoen guztia egin zuen kontzertuak egin zitezen. Saiatu ginen beste tokiren batera aldatzen, baina ez zen posible izan».

EH Bilduren erantzuna

EH Bilduk hiru musikariei «elkartasuna eta babesa» adierazi ostean, udal gobernuari «erantzukizuna bere gain har dezala» eskatu dio. Nabarmendu du udalaren ardura zela Abandoibarrako oholtzarako alternatibarik ez izatea: «Bilbo bezalako hiri batek alternatibarik ez aurkitzea udal gobernuaren kudeaketa eskasaren sintoma dela deritzogu, beste udalerri batzuek aurkitu izan dute eta».

Argi utzi du erantzukizun guztia enpresari egoztea ez dela zuzena, eta horretarako, artistek zabaldutako mezuan agertzen ziren udalaren akatsak azaldu ditu: Marenen eta Salvadorren emanaldiez ahaztea, egin ez ziren kontzertuen kronika bat webgunean publikatzea, euskal emakume artistekin izandako tratua eta egindako mehatxuak, besteak beste.

Muntaketa enpresak badu bere ardura, baina baita udalak ere, alderdiak adierazi duenez: «Prozesura aurkeztu zen enpresa bakarra izan bazen ere, argi zegoen ez zituela zati batzuen baldintzak betetzen». Horri gehitu dio jakinak zirela enpresa horrek «Bizkaiko beste udalerri batzuetan» izandako arazoak. 

Hainbat musikarik, kulturgilek eta zalek babesa adierazi diete musikariei sare sozialen bitartez. «Normala da horrelako egoera batean isilik ez geratzea. Zuekin gaude», adierazi du Rozalenek, esate baterako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.