Mars 2020 misioko Perseverance ibilgailu robotizatua Marteko antzinako bizitza mikrobianoaren zantzuak bilatzen ari da. Izan ere, NASAk Marteren iraganeko bizigarritasuna esploratu nahi du. 29 asteko bidea egin ostean, planetako Jezero kraterrean lurreratu zen makina, 2021aren hasieran. Perseverance roverrak planeta gorriko arrokaren laginak biltzen ditu, eta Lurrera informazioa bidali. Arrokez gain, planetaren atmosferako soinuak ere biltzen ditu mikrofono berezi batzuei esker; eta, lehen aldiz, deskarga elektrikoen soinua entzun du. Aurkikuntza Nature aldizkarian argitaratu dute.
Perseverance ibilgailuaren tresna zientifikoen artean Supercam tresnari elkartutako mikrofono bat dago, baita hainbat sentsore meteorologiko ere, MEDA estazio meteorologikoak osatutakoa (Mars Environmental Dynamics Analyzer, Marteko ingurumen dinamikaren analizatzailea). Deskargen soinuak grabatzeaz gainera, haren efektu elektromagnetikoak ere jaso ditu mikrofonoaren zirkuituetako baten bidez. Proiektuan lan egin duen Agustin Sanchez EHUko doktoreak azpimarratu duenez, mikrofono horien bitartez lortutako informazioa «ezinbestekoa» da: «Planeta baten atmosferan zabaltzen diren soinu uhinak detektatzeak eta aztertzeak atmosfera horren propietate fisikoei eta kimikoei buruzko informazioa ematen digu». Horri esker, ikertaldeak zehaztu ahal izan du zurrunbiloak edo hauts ekaitzak daudenean gertatzen direla jarduera elektriko horiek.
«Marte hurbileko planeta bat da, eta etorkizun ez oso urrun batean bisitatu eta ikerketa oinarriak ezarri ahal izango ditugu»
AGUSTIN SANCHEZ EHUko katedraduna
Deskarga elektriko horiek Lurreko tximistak baino txikiagoak dira. Ricardo Hueso EHUko ikertzaileak azaldu duenez, «txinparta» baten antza dute: «Udako egun lehor batean gainazal metaliko bat ukitzen dugunean sortzen den txinparta baten intentsitatea dute, adibidez». Txinparta horien jatorria aztertzerakoan, ikertzaileek ikusi zuten planeta gorriaren gainazalean hauts zurrunbiloak sortzen zirenean gertatzen zirela. «Beti gertatzen zen hauts masa handi batez inguratuta geundenean, hauts zurrunbilo bat hurbiltzen zenean edo hauts ekaitz bat zegoenean», gaineratu du Huesok.

Marteko atmosferan dagoen hautsa elektrikoki kargatzen da, eta, hauts pikorrek talka egiten dutenean, karga hori batetik bestera transferitzen da; horrela entzuten eta ikusten dira ikerlariek behatutako jarduera elektrikoak eta hauts zurrunbiloak. «Prozesu hori erraztu egiten da haizea bortitza denean, partikulen arteko talkak areagotuz», azaldu du Sanchezek. Huesoren arabera, jarduera elektrikoa nondik zetorren frogatzea izan da zailena: «Sentsorean perturbazio elektromagnetiko bat zegoen, hain zuzen ere jarduera elektriko horrek eragiten zuena. Eta hori frogatzeko, laborategiko esperimentuak egin behar izan zituzten».
Planeta gorria
Marteren atmosfera Lurrekoa baino «ehun aldiz ahulagoa» da, Huesok azaldu duenez, eta, hala ere, atmosfera horretan beti dago lurrazaletik altxatutako hautsa: «Orain arte zaila izan da azaltzea zergatik dagoen Marten beti hainbeste hauts gainazalean. Eta litekeena da jarduera elektriko horri esker Marteko gainazalean hautsa nola pilatzen den jakitea». Txinparta horiek ere bereziki sentikorrak diren sentsore batzuei ere eragiten diete, eta, hori kontuan hartuta, astronauten etorkizuneko misioetarako teknologia moldatuko dute.
Beraz, atmosferak, jarduera elektrikoak eragindako erreakzio kimiko horiekin, hauts zurrunbilo batzuk sortuko ditu. Baina hauts laino horiek molekula organikoen aztarnak ere ezabatzen dituzte. Izan ere, deskarga elektrikoek atmosferaren kimikari eragin diezaiokete. Hala, material oxidatzailea sortuko litzateke, eta horrek, epe luzera, gainazaleko substantzia organikoak deuseztatzea ekar dezake. Ikertzaileek aztarna horiek jaso nahi dituzte, planetan, iraganean, bizitza garatzeko zeuden aukerak aztertzeko. «Orain badakigu jarduera elektrikoak ondorio bat izango duela gainazalaren kimikan, eta, beraz, hori arroketan bertan edo haien azpian bilatzea zailagoa dela», azpimarratu du Huesok.
«Orain arte zaila izan da azaltzea zergatik dagoen Marten beti hainbeste hauts gainazalean. Eta litekeena da jarduera elektriko horri esker Marteko gainazalean hautsa nola pilatzen den jakitea»
RICARDO HUESO EHUko ikerlaria
Molekula organiko horiek frogatzen dute behinola Marten bizitza egon zela. Huesok behatu duenez, planeta gorrian ibai lehorren ubideak aurki daitezke, inoiz ura egon izanaren aztarna kimikoak eta fisikoak: «Aspalditik dakigu Lurrean bizitza sortu zen garaian Martek atmosfera askoz ere trinkoagoa zuela. Planetaren atmosfera trinkoago horrek gainazalean ur likidoa egotea ahalbidetzen zuen». Hala ere, gaur egun hautsez osatutako basamortu gorria da Marte, hotza eta eguzki erradiazioak txikitua.
Jarduera elektriko horiek aurkitzeak —hauts partikulen arteko talkak nagusi dituen fenomenoa— ate berriak ireki ditu Marterekin lotutako ikerketarako, edo, gutxienez, planetaren gainazala ikertzeko metodo berriak izateko. Horietako bat, Huesok azaldu duenez, planetaren lurrazalaren laginak hartzean datza. Baina txinparta horiek hondatu ez dituzten laginak hartzea izango litzateke erantzuna: barrunbean dauden elementuak. Horretarako, zulagailu batekin Marteko azaleraren lehen zentimetroak zulatu beharko lirateke, eta Eguzkiaren erradiazioak kutsatu ez dituen lagin horiek lortu.
«Txinparta horiek ezohikoak dira, baina mikrofonoa ez da denbora guztian entzuten». Lurreko atmosfera urtero ordubete bakarrik entzungo balitz, oso zaila izango litzateke tximista bat entzutea, adibidez. «Oraindik jarduera elektrikoaren intentsitatea zein den jakitea falta zaigu, nola aldatzen den urtaroekin, eta nolakoa izan daitekeen beste leku batzuetan. Oso ikerketa oparoa dugu egiteko», gehitu du ikerlariak. Baina eguzki sistemako planeten artean, gaur egun Lurraren antz handiena duena Marte da, eta, Sanchezen arabera, aurkikuntza horrek ikertzen jarraitzeko bideak ireki ditu: «Hurbileko planeta bat da, eta etorkizun ez oso urrun batean bisitatu eta ikerketa oinarriak ezarri ahal izango ditugu».