Iluntzean izan da ekitaldi nagusia, eta goizean egin du jardunaldia prentsarekin eta BCCko ikasleekin. Leticia Landa Patronek (Austin, Texas, AEBak, 1984) irribarrez egin die denei harrera. La Cocina proiektuko arduradunak jaso zuen atzo aurtengo Basque Culinary World Prize saria, «bere ingurua gastronomiaren bidez eraldatzeagatik».
Bazenekien zure lehen abizenak euskal jatorria duela?
Duela gutxi jakin dut, egia esan. Ederra da jakitea hemengo arbaso bat Mexikora joan zela eta haren ondorengoa naizela. Eta badauka esanahiren bat, ezta?
Landa gazteleraz campo litzateke.
Zeinen ederra den nire sustraien berri izatea, benetan.
Nongoa da zure familia?
Aitonetako bat Yucatangoa zen, eta beste familia guztia Mexiko Hirikoa da.
Zuri buruz nabarmentzen dutena da «immigrante mexikarren alaba» zarela. Gustuko duzu hori? Molestatzen zaitu?
Zoragarria iruditzen zait. Oso harro nago bi hizkuntza ditudalako, eta bi kultura ditudalako. Bi ikuspegi horiek izatea sekulako zortea da, eta zerbait berezia izan da niretzat, oso hezigarria.
Nola iritsi ziren zure gurasoak AEBetara?
Mexikon ezagutu zuten elkar. Aita ikastera joan zen AEBetara: matematikak eta konputazioa. 80ko hamarkada zen, eta han aurreratuago zeuden horretan. Aita bertan gelditu zen; ama joan zen gero, eta teknologia enpresa bat jarri zuten martxan. Ekintzailetza mundu horretan hezi nintzen.
Zein da gastronomiarekin lotutako zure lehen oroitzapena?
Mexikokoak dira gehienak. Aitona-amonekin igarotako udak, eguberriak... Mexikoko ospakizunetan gastronomia oso presente dago: buñuelo-ak, quesadilla-k. Ama oso sukaldari ona da, eta txikitatik kozinatu izan dut harekin. Baita nire amona Josefinarekin ere. Oso gourmet izan da beti. Mexikoko sukaldaritza tradizionala ezagutzen zuen, baina nazioartekoan ere bazuen interesa. Akordatzen naiz ahatea jaten genuela, Pekingo erara prestatuta.
Baina zuk ez zenuen sukaldaritza ikasi.
Antropologia ikasi nuen unibertsitatean, baina sukaldaritza klaseak jaso nituen hara joan aurretik. Erabat galduta nengoen. Ez nekien zer ikasi. Beti izan dut interesa beste kulturekiko, eta gogoa neukan kanpoan ikasteko. Antropologiak bidaiatzeko aukera eman zidan, eta beste hizkuntza batzuk ikasteko aukera ere bai: gaztelera eta ingelesa banekizkien, eta frantsesa eta txinera ere ikasi nituen herrialde horietan. Beste kultura, beste erlijio eta beste tradizio batzuetan murgiltzeko aukera eman zidan horrek.
Eta noiz eta nola lotu zinen sukaldaritzara?
Beti izan dut interes handia justizia sozialarekiko. BCCko ikasleei esan diedan moduan: «Arazo bat ikusten baduzu, zerbaitek frustratzen bazaitu, saiatu zaitez hor sartzen, pasioz ekiten, eta konpontzen».
Horregatik sartu zinen La Cocina proiektuan?
Unibertsitatea amaitu nuenean, latinoen artean filantropia bultzatzen duen erakunde batean hasi nintzen lanean. Izan ere, AEBetan, filantropian aritzen diren gehienak zuriak dira, eta dirua haien erakundeetara joaten da. Bada, erakunde horren eguberrietako festan ezagutu nuen Valeria, La Cocina proiektuaren sortzailea.
Zer da La Cocina, funtsean?
Gizarte bazterkeria pairatzeko arriskuan dauden komunitateetako kideak prestatzeko eta laguntzeko inkubagailu moduko bat litzateke. Euren negozioen jabe izan daitezen, negozio horiek errentagarri izan daitezen, eta iraun dezaten. Gastronomiaren bidez euren ingurunea eraldatu dezaten.
Emakumezkoak dira gehienak.
Ia denak. San Frantziskoko badian, gure proiektuan hasitako berrogei jatetxe eta kafetegi daude martxan gaur egun. Sortu eta hamar urtera irekita jarraitzen dute hamarretik zazpik. Eta sukaldari emakumezko askok sariak irabazi dituzte, liburuak idatzi dituzte, eta telebista saioak ere badituzte.
Eta denak immigranteak badira, zer ote dio Donald Trumpek?
AEBetako egungo egoera politikoa konplikatua da. Biztanleriaren erdia botererik gabe sentitzen da. Eskubide sozialak, giza eskubideak eta emakumezkoen eskubideak garrantzitsuak direla pentsatzen duten horiek baztertuta sentitzen dira. Gaur egun boterean daudenek ez diote horri guztiari garrantzirik ematen, baina eman behar diogu. Denbora luzea daramagu bidezkoa iruditzen zaigun horren alde borrokan, eta ikuspegi hori aspalditik daukagu. Ni La Cocinan hasi nintzenean, George Bush zen presidentea. Badakigu aldaketa soziala zerbait geldoa dela, eta ez dela erraza, baina segi dezagun borrokan.
Kontua da Trumpek baduela obsesio moduko bat immigranteekin.
Erabatekoa. Horregatik diot ez dela erraza, baina horregatik dela horren inportantea ongi dagoenaren alde egitea. Ez dadila zure iritzia aldatu agintarien iritzia aldatu delako.
Non jan aukeratzea «erabaki politikoa» dela esan izan duzu.
Eta egunero daukagu hautu politiko hori egiteko aukera: gure balioekin bat egiten duen zerbait jatea. Jan dezakezu janari kate handi horietan, janari ultraprozesatua...
Edo...
Esaten dute mexikarrok gauza negatiboak baino ez ditugula ekartzen; bada, jan itzazu haien takoak, haien tamalak. Gauza positibo asko dauzkagu, eta modu erraza eta gozoa da hori aldarrikatzeko.
Zer egingo duzue sariaren diruarekin?
Sukaldeetan erabiliko dugu. Egiten dugun horren bihotza sukaldeetan dago, baina hogei urte dituzte, eta berritu egin behar ditugu. Hori baita modua: hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu.
Emakumezko gehiago iristen zaizkizue?
Inoiz baino gehiago. Atzeraldi ekonomikoa dagoenean, orduan ekiten dio jendeak ekintzailetzari. Zeure ekonomiaren kontrola zeure negozioaren bidez hartzea baita hori.
LOTSABAKO
Sukaldari baten izena?
Guadalupe Guerrero, El Pipila jatetxekoa.Mexikoko plater bat?
Guadaluperen pozole berdea. Hotz honekin, gustura hartuko nuke.Zure herrialdeko paisaia bat?
Ura behar dut nik, itsasoa. San Frantziskoko badia. Txiki-txikiak garela sentitu ahal izateko.