Hernani bizipoztu bat

Bizipozaren jaia egingo dute etzi, Hernanin. Elkarteak protagonista bihurtzeko, egun osoko egitaraua antolatu dute herriko eragileekin batera.

Bizipoza egunaren aurkezpena, joan den asteko astelehenean, Hernanin. JON URBE / FOKU
Bizipoza egunaren aurkezpena, joan den asteko astelehenean, Hernanin. JON URBE / FOKU
ane insausti barandiaran
2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Bisaia koloretsu eta alai bat da Bizipoza elkartearen logoa, kolore eta forma askotako errealitateek osatzen baitute: begi kliskatua izan liteke Juneren hegoak elkartea; zabalik dagoen begia Aspanogi elkartea; koloretako betileak Izan Inurri, Oporrak Bakean eta Pausoka; irribarre zabala Naizen... Euskal Herriko elkarteen elkartea da Bizipoza. Haien sinbolo den irribarre horrek hartuko du plaza etzi Hernanin (Gipuzkoa), Bizipoza elkartearen jaia egingo baitute.

Elkarteek urte osoa ematen dute haur horien errealitateak eta zailtasunak gizarteratzeko lanean. Egun batez guztien topagune izatea eta kaleak hartzea da jaiaren asmoa. Festa giroan ere egin baitaitezke aldarrikapenak, Markel Oiarzabal Bizipoza jaiaren arduradunak kontatu duenez: «Gainerako ekintzekin batera, jaia urte osoan egiten diren egitasmoetako bat da, gizartean aldarrikapenak eta lanketa egin baitaitezke jaitik bideratuta».

Oholtzara igoko dira, hortaz, eta mikrofonoak hartuko dituzte, bete gabe dituzten eskubideak bete daitezela eskatzeko. Azken finean, elkarteak protagonista bihurtzeko aitzakia bat da Bizipoza jaia, saretzen jarraitzeko ekitaldi bat. 12:45ean egingo dute eskertza eta aitortza ekitaldia: «Jaiaren bidez izango dugun oholtza edo bozgorailu hori aprobetxatu nahi dugu eskertzeko urte guztian egiten duten ikusgaitasun lana, aldarrikapenak, borroka eta betetzeko dituzten eskubideen aldeko lana». 

«Jaiaren bidez izango dugun oholtza edo bozgorailu hori aprobetxatu nahi dugu eskertzeko urte guztian elkarteek egiten duten ikusgaitasun lana».

MARKEL OIARZABAL Bizipoza jaiaren arduraduna

Baina ez dira bakarrik egongo festan. Herri osoaren babesa izango dute, Hernaniko eragile ugarik jarriko baitute beren aletxoa jaia aurrera atera dadin: Dobera euskara elkarteak Euskal Tonbola ipiniko du, Ttarla dantza taldeak emanaldia egingo du, haurrentzako tailer gunea antolatuko dute Kanika aisialdi taldeak, Aratz ikastolak eta gaztelekuak elkarlanean... Herriak hasieratik egin du jaia bere, eta esker ona agertu du Oiarzabalek: «Jaso dugun erantzuna gozamena izan da. Guk daukagunetik eman diegu, baina Hernanik berak bueltan eman digu, eta jaia osatzen lagundu digu».

Hiru gune nagusi izango ditu jaiak: Atsegindegi plaza, Urbieta kalea eta Biteriko plaza. Gainera, keinu hizkuntzako zerbitzu integrala eskainiko dute, entzumen zailtasunak dituzten haurrek ere jaiaz gozatu dezaten. Hortaz, ikuskizunetan eta tailerretan interprete bat egongo da, mezua denei iristea segurtatzeko. «Haiek ere jaiaren parte dira», aldarrikatu du Oiarzabalek.

Etorkizuneko erronkak

Hamaika erronka ditu Bizipoza elkarteak larunbateko festatik harago. Bizipoza Eskola indartzea da esku artean duten eginkizunik handiena. Abenduan aurkeztu zuten hezkuntza formal, ez-formal eta aisialdirako baliabide sorta, eta neurria hartzen ari dira geroztik: «Sekulako erantzuna ari gara jasotzen eskolen aldetik. Hirurehun erabiltzaile lortu ditu, eta gehiago izango dira».

Beste erronka erakunde publikoei dagokie, hainbeste boluntario eta elkarte koordinatzeko ezinbestekoak baitituzte baliabideak. «Instituzioen laguntza ezinbestekoa da. Elkarte asko batuko dira, eta oraindik eskubide asko betetzeko daude; horiek guztiak bete arte, Bizipozak bere bidean jarraituko du, txikitasunetik eraginez», gaineratu du Oiarzabalek. 

Bitartean, ordea, mundua koloreztatzen jarraitu nahi dute, irribarrez betetzen: ikur bat baita Bizipoza, ezkerreko begia kliskatuta eta eskuinekoa zabal-zabalik daukana. Betileak tente ditu, eta irribarre zabal bat. Filosofia bat, azken finean, barruraino sartzen dena. Jaian parte hartzera animatu nahi du Oiarzabalek jendea: «Izango dugun giroa ez da izenean bakarrik geratuko. Bizipoza filosofia bat da, eta nabaritzen da gertu zaudenean. Jendea animatu nahi dugu, jaialdi bat izango delako, ondo pasatzeko, elkar ezagutzeko eta ikasteko aukera emango diguna». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.