Udako proposamenak

Herniopean dantzan

Iraileko lehen igandea izaki, bihar hasiko da erromerien jarduna Zelatunen. Beste hiru ekinaldi izango dituzte dantzazaleek.

Dantzariak, Hernio mendiaren magalean dantzan, iazko irailean. MADDI GALARRAGA / TOLOSALDEKO ATARIA
Dantzariak, Hernio mendiaren magalean dantzan, iazko irailean. MADDI GALARRAGA / TOLOSALDEKO ATARIA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igande seinalatuak datoz erromeriazale eta mendizaleentzat. Naturan ostera egin, bordan jatekoaz gozatu eta belazean festan ibiltzea maite duten horientzat. Osagai horiek guztiak eta askoz gehiago dituzte Zelatunen (Errezil, Gipuzkoa) egiten dituzten erromeriek. Iraileko igande guztietan antolatzen dituzte, eta igande honetan egingo dute aurrenekoa.

Iraileko aurrenekoa da, izatez, baina erromerien zikloa abuztuaren amaieran hasten da Zelatunen: San Joan Txiki egunean. Estreinako saioa abuztuaren 29an egin zuten, eta Arandia anaien erritmoan aritu ziren mendizaleak dantzan —Albizturkoak (Gipuzkoa) dira Andoni eta Xabier Arandia anaiak—. Tradizioz, erromerien hasiera hartan, San Joan Txiki eguneko erromeria hori izaten omen zen jendetsuena eta ezagunena Zelatunen, baina oporraldiaren osteko iraileko saioek hartu diote orain lekukoa. 

Osatuta dute lau igande horietarako programazioa. Igande honetan, Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus ariko dira. Ez da ohiko trikitilari eta pandero jole bikotea, Maddalen Arzallus bertsolari eta aurkezle ezagunak gitarra ere baliatzen baitu euren saioetarako. Irailaren 13an, Izer eta Alabier ariko dira Zelatunen. Bikote klasikoagoa osatzen dute bi horiek: Josu Arrizabalaga Izer-ek (Azkoitia, Gipuzkoa) eta Mikel Gorrotxategi Alabier-ek (Azpeitia, Gipuzkoa). Landakanda pandero jolearen eskolakoa da bata, eta Laja trikitilariaren eskolakoa bestea.

Irailaren 20an, Jon Ostolazak eta Andoni Larrañagak osatutako bikotearen txanda izango da. Irailaren 27an, Elizagoien ahizpen jardunak emango dio amaiera Zelatungo erromerien aurtengo zikloari. Irune eta Itsaso Elizagoien eskarmentu handiko trikitilariak dira. Etxalarkoak dira (Nafarroa), eta urteak daramatzate Euskal Herriko plazak dantzan jartzen.

Antolatzaileek milaka lagun espero dituzte aurten ere. Zelatungoa ez baita erromeria bat soilik. Herniopeko belaze horrek badu zerbait berezia, toki askotako jendearen elkargunea baita. Iturrioztik abiatzen direnentzat, Andazarraten gora egiten dutenentzat, Bidaniatik abiatzen direnentzat, Azpeititik (Gipuzkoa) Indotxiki eta Gazumen barrena iristen direnentzat, eta Donejakue bidea egiten ari diren erromesentzat ere bai, bide horren igarobidea ere bai baita Zelatun.

Antonioren Borda, zabalik

Zelatunen bi borda daude otorduak ematen dituztenak: Agirretxerena eta Antoniorena. Azken hori itxi egin zuten iaz, Maria Jesus Etxeberriak, azken maizterrak, erretiroa hartzea erabaki zuelako, hamabost urtez bertan lanean aritu ostean. Ordea, aurtengo martxoan ireki dute berriz Antonioren Borda. Goretti eta Arantxa Aldalur ahizpek hartu dute erabakia. Haien aita Antonio Aldalurrena izan da beti borda hori —harengandik datorkio izena—, eta bi alabek berriro heldu diote lemari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA