Hezkuntza sistemaren «arazo estrukturalak» gaitzetsi dituzte Euskal Eskola Publikoaren jaian

Aldarrikatzeko eguna izan da, baina baita ospatzekoa ere: ehunka haur eta guraso batu dira Santurtzin. «Argi esan nahi dugu: publikoa da bidea».

Euskal Eskola Publikoaz Harro mugimenduaren kalejira aldarrikatzailea, gaur eguerdian, Santurtzin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskal Eskola Publikoaz Harro mugimenduaren kalejira aldarrikatzailea, gaur eguerdian, Santurtzin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Santurtzi
2026ko ekainaren 7a
15:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Puzgarriak han daude!», argitu dio amak. Haurra daborduko aldendua baitzen haren ondotik, arrapalada bizian. Badaude eta puzgarriak, bai, baina handik gertu danborra jotzen ari dira makina bat haur ere, eta aldamenean elastikoak erosten zenbait heldu, eta BERRIAren txokoan, eta Makusirenean, eta gorago, txistulariek egin dute habia Torre jauregiaren kanpoalde eguzkitsuan. Estimulu festa horrek inguratuta, umeak parkeko arbolen gerizpera jotzea erabakiko zuen, beharbada, non hura bezalako haur saldo bat jolasten ari den egurrezko pieza eta buru hausgarriekin. Edo helburu jakinik gabe ekingo zion korrika egiteari. Edozein bide hartuagatik, nonora helduko baita beti Euskal Eskola Publikoaren jaian, Santurtzin (Bizkaia).

Haur bat olgetan, Euskal Eskola Publikoaren jaian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Haur bat olgetan, Euskal Eskola Publikoaren jaian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Goiz-goizetik hasi da burrunba, eta eguerdia heldu aurretik musikaz eta haur algarez bete da herria. Makina bat lagun ikus daiteke aurtengo leloa daraman kamiseta soinean, Ehunetan, eta mordoa dira, halaber, haurren kotxeekin bertaratu direnak. Parke nagusian dago Durangotik (Bizkaia) etorritako guraso talde bat, solasean, seme-alabak olgetan ari diren bitartean. Aurrenekoz etorri dira Euskal Eskola Publikoaren jaira. «Gure umeak Durangoko eskola publikora doaz, eta aurten animatu gara», adierazi du Kepa Aginakok, irribarretsu. Eskola publikoaren egoeraz galdetzean, ordea, keinua aldatu du. «Gero eta okerrago dago», nabarmendu du Saioa Lopezek. «Ez zaio lehen moduan begiratzen laguntzak emateko orduan. Ikusten da pixka bat ahaztuta daukatela, izkina batean, eta horrek gogo gehiago ematen dizu halako gauzetan parte hartzeko».

Ospatzeko ez ezik, aldarrikatzeko eguna ere badelako. Eta aldarriak ere goiz-goizetik entzun eta irakurri ahal izan dira Santurtzin. Hasierako ekitaldia egingo den agertokitik gertu kokatuak daude jada Steilas sindikatuko hogei bat kide, Hezkuntza publikoa denona eta denontzat dioen pankartari eusten. «Euskal Eskola Publikoaren jaia izanda, eta gure sindikatuaren aldarri nagusienetakoa izanda, beti egoten gara ekitaldian, gonbidatzen gaituzte, eta pozik gatoz», nabarmendu du Haizea Arbide Aza sindikatuko bozeramaileak. «Baina eguna ere erabiltzen dugu gure aldarriak erakusteko, eta, benetan euskal eskola publikoaren aldekoak baldin bagara, baliabideak eskatzeko».

«Eskola publikoa pixka bat ahaztuta daukate, izkina batean, eta horrek gogo gehiago ematen dizu halako gauzetan parte hartzeko»

SAIOA LOPEZ Durangoko gurasoa

Aurten, zehazki, irakasleek iaz sinatu zuten lan hitzarmena bete dezaten eskatzeko bildu dira. «Momentu honetan negoziazio eta mahai sektorial gutxi daude, eta [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza Sailaren jarrera hitzarmena ez betetzearen aldekoa da. Urraketak izaten ari dira». Horrez gain, Euskal Eskola Publikoaz Harro mugimenduak kalejira aldarrikatzailea egin du 13:40an, portuan.

«Apustu politiko sendoa» 

Eskola Publikoak «euskal hezkuntza sistemaren ardatza» izan behar duela defendatu du Susana Aribayos Ehigeko presidenteak hasierako ekitaldian. «Argi esan nahi dugu: publikoa da bidea». Baina sistemak «arazo estrukturalak» dituela salatu du. «Instituzioek ez dute sare publikoa lehenesten. Sistemak eskola segregazioari eutsi egiten dio, ghettoak ahalbidetzen ditu, eta pribatuaren gaineskaintza finantzatzen jarraitzen du. Gure lana modu egokian egiteko baliabideak eta gardentasuna behar ditugu», aletu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobe eta Santurtziko alkate Itziar Carrocera ondoan zituela.

Haur asko puzgarrietan ibili dira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Haur asko puzgarrietan ibili dira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ehigeko presidentearen hitzaldia bukatu eta berehala, instituzioak estu hartu dituzte orobat Santurtziko guraso elkarteetako ordezkari Idoia Setien Lorentek eta Sarai Campelo Paradak. «Familien elkartearen lana komunitatea eraikitzea eta sendotzea da, formakuntzak antolatzea, topaguneak sortzea... eta ez erakundeen gabeziak gure denborarekin eta baliabideekin estaltzea», deitoratu dute, eta herriko udalari eta Jaurlaritzari «benetako apustu politikoa» eskatu diete, hala nola matrikulazio prozesuetan «gardentasuna» bermatzeko, azpiegitura «duinak» izateko —«azken egunetan bizi izan dugun bero jasanezina horren adibide argia da»—, eta jantoki zerbitzu «duina, kalitatezkoa eta euskalduna» ziurtatzeko.

BERRIAren txokoa, Euskal Eskola Publikoaren jaian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
BERRIAren txokoa, Euskal Eskola Publikoaren jaian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Baina aitortzarako tartea ere izan du ekitaldiak. Haurrak euskaraz hezteko borrokatu ziren aitzindariak ekarri dituzte akordura Setienek eta Campelok. «Garai hartan, ausardia handiko urratsak eman zituzten. Mobilizazioen, eskaeren, bileren eta lan nekaezinaren emaitza dira gaur normaltzat ditugun eskubide batzuk».

Haurrak, ordea, ez du iraganeko eginahal haien berri, ezta oraingo tirabirena ere. Aspaldi galdu da parkeko jardueren artean, beste batek ezarritako norabideari segika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA