Hormek hitz egingo balute...

Euskal Memoria fundazioak bere hamahirugarren lan monografikoa eman du argitara: 'Euskal Herriko horma biziak'. Azken lau hamarkaden kronika bat da, pareten mintzoa lagun.

2. Borroak feminista. Gaitegiak izan duen bilakaeraren seinale. Lezon egindako horma irudia. XABIER PEÑALVER.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun

Hipotesia errealitate bihurtu da. Dute esan liteke balute esan beharrean: hormek hitz egiten dute, eta gauza asko kontatzen dituzte. Badirelako lekuko, badirelako aldarri eta badirelako garai jakinen kronika bizi ere. Ahotsik ematen ez zaienen ahotsak pintatuz, zentsura margotuz, eta adierazpen askatasuna marraztuz egin dituzte. Horma mortua bizi, zurruna mugimendu, eta zaharraren gainean berri. Euskal Memoria fundazioak mila horma irudi baino gehiago jaso ditu Euskal Herriko horma biziak lan monografikoan.

Xabier Peñalver arkeologo eta idazlearena izan da inurri lana. 4.000 baino gehiago dauzka izatez bilduta, eta aukeraketa bat egin du libururako, memoriari eta ondareari buruzko kezkatik abiatuta. «Horma irudiak ere badirelako memoria horren beste alderdi bat, baina oso hauskorra. Izan ere, indusketetan-eta lortzen dugun materiala kontserbatu egiten da, baina horma irudiak ezabatu egiten dira, izan zentsurarengatik, izan denboraren joanarengatik», azaldu du egileak berak.

Ez da lan akademiko bat. Bilketa lan mardul bat da, eta gaika antolatuta dago, modu kronologikoan: adierazpen askatasuna, poliziaren jarduera, tortura, presoak, iheslari eta deportatuak, borroka armatua, independentzia, auzoa, langileen mugimendua, gazteen bultzada, emakumeen borroka, euskara, ekologismoa, gerra, intsumisioa, 36ko gerra, eta munduko beste borrokak. Peñalverrek 1981ean ekin zion horma irudiei argazkiak ateratzeari. Telesforo Monzon buruzagi nazionalista hil zen urte hartan. Eta haren hiletara etorritako Irlandako kazetari batzuen gidari lanetan aritu zen Peñalver egun haietan. «Bergaran egon ginen, Arrasaten... eta irlandar batek, horma irudiei buruz duten mentalitate horrekin, esan zidan: 'Zein horma irudi ederrak dituzuen hemen!'. Orduan piztu zitzaidan argitxoa», gogoratu du Peñalverrek. Izan ere, garai hartan ez zen horren ohikoa halakoei argazkiak ateratzea. «Orain denari ateratzen zaizkio argazkiak, baina orduan, ez. Orain ohartu da jendea irudi batzuk galdu egin direla, bere garaian inork argazkirik atera ez zielako. Begiratzen zitzaien, ikusten ziren, zirrara eragiten zuten... baina, parean pasatu, eta aurrera egiten zenuen».

Ikusi gehiago:'Euskara, bihotzetik ahora' lelopean mural bat egin dute Galdakaon

Horma irudiena ez da kultura guztietan agertzen den fenomeno bat, baina badira guztietan errepikatzen diren elementuak. «Une politiko jakin batzuen adierazpen moduak dira. Herri mugimenduek egindakoak izaten dira askotan, hedabide orokor eta handietan ez dutelako ahotsik izaten. Zentsuratuta edo estalita dagoen hori argitara ateratzen dute», nabarmendu du Peñalverrek.

Gaitegian ere izan da bilakaerarik, eta jasota dago bilakaera hori liburuan. Peñalverrek dio badaudela gai «konstante» batzuk: euskal presoak, tortura, poliziaren ekintzak...; badaudela «koiunturalak» diren beste batzuk: NATOri ezezkoa, Lemoizko zentralaren kontrako mugimendua...; eta badaudela azken urteotan «indarra» hartu dutenak: borroka feminista... «Agian horiei zentsurak ez die horrenbeste eragiten, baina horma irudi bati begiratzean, garaia hartu behar da kontuan. Ez da berdina abortatzeko eskubidea orain eskatzea, edo duela berrogei urte. Sekulako balioa dute halako irudiek».

Horma irudiei buruzko definizio baten bila hasita, egileak liburuan ematen duena aproposa da: «Une historiko bakoitzeko herri sentimenduaren adierazpen zuzenak dira». Eta horregatik egin diete tokia Euskal Memoria fundazioaren lan monografiko batean: oroimen historikoa bildu eta zabaltzeko tresnak sortzea delako fundazioaren helburua. Euskal Herriko horma irudiekin egin dute orain, eta Euskal Herriko pegatinekin egin zuten lehen, besteak beste. Peñalverrek dio pegatinetan ia gai guztiek dutela lekua, baina horma irudietan batzuk kanpora gelditzen direla. Zergatik? «Ezin izan direlako margotu, edo ez duelako denborarik ematen horiek dokumentatzeko. Adibidez, langileen borrokarekin lotuta, gehiago margotzen dira grafitiak —azkarragoak dira—, edo borroka armatuaren inguruan, gutxiago daude jasota, zentsurak ezabatu egiten zituelako, eta egileek hartzen zuten arriskua ere handia zelako. Apenas dagoen horma irudi landurik arlo horretan. Askotan, paperean lantzen zituzten, eta gero hormetan itsatsi, azkar batean».

Egiten dira, eta egingo dira

Euskal Herriko horma biziak liburuaren egileak dio «helduleku asko» dituztela horma irudiek: «Baina garrantzitsuena da gure historiaren parte direla, eta, tarte aproposean argazkien bidez jaso ezean, ez dagoela indusketarik hori berreskuratuko duenik. Dokumentatu ezean, desagertu egiten dira, eta badirudi ez direla existitu ere egin».

Baina egiten dira, eta egingo dira. Zumaiako (Gipuzkoa) Adierazpen Askatasunaren Txokoan 98 horma irudi margotu zituzten 2016tik 2019ra, Oier Korta alkatearen (EAJ) zentsura salatzeko. «Espazio publikoa aldarrikatzeko modua ere bada horma irudia. Aldarrikapen asko baztertu, estali eta zapaldu direlako. Hormek hitz egiten dute horrelakoetan», nabarmendu du Peñalverrek. «Horma irudiak existitzen dira oraindik, eta zer aldarrikatu dagoen bitartean existituko dira. Eta beti egongo denez zer aldarrikatu, beti egongo dira horma irudiak. Oso gauza ederrak egiten dira orain. Dena aldatuz doa, baina mezua da inporta duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.