4 pertsonarentzako osagaiak:
Beasaingo bi odolki.
Odolkia egosteko: porrua, tipula eta perrexila.
Dozena eta erdi orburu.
100 gramo urdaiazpiko.
2 baratxuri ale.
2 koilarakada irin.
Oliba olio birjina.
Gatza.
3 koilarakada irin (orburuak egosteko).
• Denbora gehien behar duen osagaiarekin hasiko gara: odolkiarekin, alegia. Horretarako, lapiko handi bat urez bete, tipula zati batekin, porru zati batekin, perrexilarekin eta gatz pitin batekin. Bi odolkiak sartu, eta sutan jarri irakin arte.
• Irakiten hastean, sua ahalik eta motelen jarri —irakiten mantenduz—, eta ordu eta laurden luze eduki.
• Orburuak prestatzen hasteko, lapiko handi batean ura erdira arte bete, hiru koilarakada irin gehitu, eta ondo nahastu. Gatz pitin bat bota, eta sutan jarri irakin arte.
• Bitartean, orburuak zuritu, txortena moztu gabe. Orburuaren punta moztu pare bat zentimetro zabal. Ondoren, ur irakinetan sartu, eta irakin hogei bat minutuz. Gero, gorde.
• Oliba olio zorrotada jarri zartagin zabal batean, eta gehitu urdaiazpiko txikitua eta baratxuri txikitua. Dantzan hastean, irina bota, eta dena ongi nahastu.
• Gero, orburuak irakindako lapikotik atera, pare bat burrantzalikada ur gehitu, eta, saltsa prest dugunean, erditik moztutako orburuak gehitu. Guztia bost minutuz irakin.
• Platera zerbitzatzeko garaian, plater bakoitzaren erdian orburua jarri eta aldamenean odolki zatiak, argazkian ikus daitekeen modura. Saltsarekin osagaiak busti bakoitzaren gustura.