Txitxarroa labean, patata eta gari zainzuriekin

Txitxarroa labean. IKER MARKINEZ
Iker Markinez.
2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Aste honetan, txitxarroa oinarri duen errezeta bat prestatu du Iker Markinez sukaldariak.

Txitxarroa, 2.

Tipula, 1.

Patatak, 2.

Gari zainzuriak, dozena bat.

Baratxuri aleak, 3.

Kaiena piperra.

Gatza.

Oliba olioa.

Ozpina.
1. urratsa

Sasoi honetan gure arrandegietan erraz aurkituko dugu txitxarroa, eta, sarri jan beharko genukeen arrain urdin bat denez, gaurko errezeta erraza baina goxoa izango da. Lehenik, patatak zuritu eta zentimetro bat inguruko xaflatan moztu. Labeko erretilua patata xaflaz estali. Gatz pittin bat bota, oliba olio txorrotada bat eta ur pixka bat ere bai. Horrek labean hezetasuna mantentzen lagunduko digu.

2. urratsa

Labea hotz dagoelarik, erretilua bertan sartu eta berotzen jarri, 220 gradutan. Goitik eta behetik.

3. urratsa

Labea berotzen ari den bitartean, patatak kozinatuz joango dira. Hamabost bat minutu pasatu ondoren, labetik erretilua atera eta pataten gainean txitxarroa ipini; baina, noski, aurrez arrandegian txitxarroa irekita prestatzeko esango diegu, horrela labean errazago egingo baita. Esan bezala, txitxarroa liburu baten moduan pataten gainean irekita jarri, gatz pittin bat bota, eta berriz ere ur pixka bat gehitu; oraingoan, ordea, oliorik ez da behar. Tipula juliana moduan moztuta erretiluan zehar banatu. Labean sartu eta bertan mantendu hogei minutuz. Ondoren, atera.

4. urratsa

Bitartean, gari zainzuriak zuritu, plantxa bat sutan jarri eta berotzen hasi aurretik bertan jarri. Horrela, plantxa berotuz doan heinean, zainzuriak ere egiten joango dira. Bestela, gorritu bai, baina gogorrak gelditzeko arriskua dago. Plantxa berotzean, bost minutuz mantendu, sua itzali eta bertan utzi.

5. urratsa

Olio errea prestatuko dugu gero. Zartagin txiki batean oliba olio txorrotada bat, kaiena piperra eta baratxuriak xaflatan moztuta jarri. Berotzen jarri. Baratxuriak gorrituta daudenean, hogei minutu pasatu ostean labetik atera dugun erretilura bota eta txitxarroaren gainetik olio errea zabaldu. Ozpin txorrotada bat ere bota.

6. urratsa

Zerbitzatzeko, txitxarroen gainean zainzuriak jarri eta mahaira eraman. Txitxarroa plateretan banatzekoan, labeko erretiluan ditugun patatekin, gari zainzuriekin, tipularekin eta saltsarekin pixka bat busti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.