Noodle-ak oinarri hartuta prestatu du Iker Markinezek aste honetako errezeta.
Legatza 500 gramo (hezurrak ere bai).
Porrua.
Piper gorria.
Azelga penka.
Kuia txikia.
Azenarioa.
Oliba olioa.
Gatza.
Perrexila.
Lehenik, arrain salda prestatuko dugu. Horretarako, perrexila eta arrain hezurrak lapiko batean jarri, urez estali eta irakiten mantendu, hogei minutuz. Ondoren, gorde.
Bitartean, barazki guztiak garbitu, eta juliana moduan moztu. Zartagi batean, porrua eta azelga penkak oliba olio txorrotada batekin eta gatz pittin batekin erregosten jarri. Hiru edo lau minutu igaro ondoren, piper gorri eta azenario zatitxoak gehitu. Beste hiru edo lau minutu mantendu erregosten. Ondoren, kuia txikia gehitu. Beste hiru minutuz eduki, eta sua itzali. Ez dugu denbora luzez erregosi nahi, horrela egosketa untua eta kolore bizia mantenduko duelako. Errezeta honetarako oso garrantzitsua da hori.
Legatza laukitxoetan moztu, eta gatz pittin bat bota. Egina dugun arrain saldan murgildu, eta irakiten jarri, su oso motelean. Irakiten hasten denetik, hiru edo lau minutu nahikoa izango dira arraina egosteko.
Ondoren, beste lapiko bat urez bete, gatza gehitu, eta, irakiten hastean, noodle-ak gehitu. Normalean hiru edo lau minutuz egostea nahikoa izaten da. Baina begiratu zorrotxoan denbora zehatza izateko. Ondoren, ur hotzetatik pasatu, eta ongi iragazi.
Noodle-ak barazkiak ditugun lapikora gehitu, eta bertara pare bat kazokada arrain-salda gehitu. Ondoren, legatz pusketak atera, eta noodle eta barazkietara gehitu, kontu handiz.
Guztia ontzitxo sakon batera atera, eta jateko prest dugu. Plater hau txinatar zotzen laguntzarekin dastatzen badugu, ezin egokiagoa izango da. Ea nola moldatzen zareten.