Garai honetako barazkiak legatzarekin

Garai honetako barazkiak legatzarekin
Iker Markinez.
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Legatza eta garai honetako barazkiak oinarri hartuta prestatu du Iker Markinezek aste honetako errezeta.

Zainzuri freskoak, 12.

Orburuak, 12.

Azenarioak, 4.

Baratxuriak, 2 ale.

Legatza, 4 pusketa.

Oliba olioa.

Gatza.
1. urratsa

Oraintxe gure azoketan aukeran ditugun bi barazki ederrekin osatuko dugu gaurko errezeta. Orburuek jada denbora daramate merkatuan gure eskura, eta oraintxe hasi berriak ditugu Nafarroako zainzuriak. Bien arteko konbinazioa ederra izaten da beti. Hasteko, zainzuriak ipurdi aldetik zentimetro inguru moztu, eta, ondoren, goitik behera zurituko ditugu. Kontuan hartu punta aldea ez dela behin ere zuritu behar.

2. urratsa

Lapiko handi bat urez bete, gatza bota, eta azukre pittin bat ere bai. Irakiten hastean, zainzuriak gehitu eta ordu laurden batez irakin. Zainzurien lodieraren arabera, beharbada denbora gehixeago eduki beharko dugu. Ondoren, sua itzali eta zainzuriak bertan utzi.

3. urratsa

Orburu freskoak prestatuko ditugu ondoren. Lapiko handi batean ura erdira arte bete, bi koilarakada irin gehitu eta ondo nahastu. Gatz pittin bat bota eta sutan jarri, irakin arte. Bitartean, orburuak zuritu eta txortena moztu gabe zuritu. Orburuaren punta moztu, pare bat zentimetro zabal. Ondoren, irakiten ari den uretan sartu, eta irakin, hogei bat minutuz. Gorde.

4. urratsa

Azenarioa zuritu eta tira finetan moztu. Pare bat minutuz uretan galdarraztatu, eta ur hotzetan hoztu, kolorea eta testura gal ez dezan.

5. urratsa

Barazkiak egosi ondoren, orburu bakoitza lau puskatan moztu eta zainzuriak erditik moztu.

6. urratsa

Legatza prestatzeko, zartagin bat plantxa moduan berotzen jarri. Bero-bero dagoenean, legatz puskak bertan jarri, gatz pittin bat bota eta oliba txorrotada bat gehitu. Hiru bat minuturen ondoren, buelta eman. Oso garrantzitsua da lehen hiru minutu horietan legatza ez ukitzea; horrela zarakar txiki bat egingo zaio, eta ez zaigu zartaginean itsatsiko. Buelta emandakoan, beste hiru minutuz eduki.

7. urratsa

Legatza atera ondoren, zartagin berberean baratxuri aleak xaflatan moztuta gehitu. Olio txorrotada bat gehitu. Jarraian, barazkiak hara bota, azken berotu bat eman, legatzaren zapore guztia xurgatu dezaten.

8. urratsa

Platereratzeko, orburuak plateraren kanpoaldean ipini, erdian zainzuriak eta gainean legatza eta azenarioak. Oliba olio birjinaren txorrotada gordina bota ondoren, prest dugu sasoi honetako plater hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.