Donostiako Piraten egitarauan, marra batez estalita ageri dira gaurko ikuskizunen izenak. Izan ere, gaur ez da kontzerturik izango Flamenkan eta Trinitate plazan, ikuskizunetako teknikariei elkartasuna adierazteko. Udala, berriz, programazioari eusten ahaleginduko da. Teknikariok sindikatuko kideek abuztuaren 5ean egin zuten lehen protesta, Gasteizen, eta, Donostian ez ezik, Bilbon ere greba egitekoak dira, hilaren 26an. Isiltasunaren bidez atera nahi dute zarata. Sindikatuko kidea da Ander Tejerina (Amurrio, Araba, 1974).
Festa giroan murgilduta daude Donostian, baina zuek greba egitea erabaki duzue. Zergatik?
Grebara jo dugu ikuskizunetako eta ekitaldietako lehenengo hitzarmen kolektiboaren negoziazioak geldirik daudelako, eta presioa egin behar dugulako EUKI patronalak, behingoz, eskaintza serio bat egin dezan, eseri dadin eta negoziatzen jarrai dezan.
Estrategikoki aukeratu dituzue Aste Nagusietako egunak?
Argi dago jaietan greba egiteak kristoren oihartzuna emango digula; oso data esanguratsuak dira, eta horregatik aukeratu ditugu, bai. Gu ezkutuko gremio bat gara; gure lana ondo ateratzen bada, inork ez dio gure lanari edo figurari erreparatzen. Izan ere, ekitaldietan arazoren bat baldin badago bakarrik agertzen gara. Beraz, gure estrategiaren oinarrietako bat da sektoreko langileon lana eta lan baldintzak publikoari ezagutaraztea.
Negoziazioen «blokeoa» salatu duzue. Zer eskatzen duzue, zehazki?
Hitzarmen kolektiboaren negoziazioekin aurrera jarraitu ahal izatea, hori eskatzen ari gara. Baina, aurrera jarraitu ahal izateko, EUKI patronalaren aldetik eskaintza serio bat behar dugu. Negoziazioa ez da hain txarto joan, urte eta erdi eman dugu negoziatzen. Hainbat puntutan ados jarri gara. Baina, kontziliazioarekin zerikusia duten gaietan —noiz jakingo ditugun gure egutegiak, lan txandak eta ordutegiak—, patronalaren eskaintza oso-oso eskasa da.
Halakoen inguruan bost egun lehenago abisatzea eskaini dizuete, ezta?
Bai, aukera eduki nahi dute azkeneko bost egunetara arte egutegiak eta ordutegiak aldatzeko, eta hori ezin dugu onartu. Nik ez baldin badakit hemendik astebetera noiz lan egingo dudan, ezin ditut lan bizitza eta familia bizitza uztartu. Hortaz, puntu horri buruz patronalak jarrera aldatzen duenean, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko moduan egongo gara berriz ere.
Deiaren zain jarraitzen duzue.
Gure sektorea batere arautu gabe dago, langileen estatutuko gauza asko eta asko ez baitira betetzen. Guk ulertzen dugu gure sektorean baldintza oso berezietan lan egiten dela, eta alde horretatik, jakina, moldatu gara gure sektorearen errealitatera. Baina azpiegituretan, adibidez, aurrera egin badu sektoreak, zergatik ez du aurrera egingo lan baldintzetan?
«Gure estrategiaren oinarrietako bat da sektoreko langileen lana eta baldintzak ezagutaraztea»
Baldintza berezi horiek aprobetxatzen dituzte prekaritatea justifikatzeko?
Bai, erabat. Gure sektorean hainbat langile autonomoak dira, eta azkenaldian pentsatzen ari gara hori ez dela kasualitatea. Izan ere, autonomoek ez daukate eskubiderik, eta autonomo bat ordezkatzea oso erraza da. Ez dute langileria antolatu bat nahi.
Gasteizkoa izan zen lehen greba eguna. Zer moduz joan zen?
Balorazioa oso positiboa izan zen. Hainbat eta hainbat langilek bat egin genuen grebarekin, hainbat eta hainbat promotorek ere bat egin zuten gure aldarrikapenekin, eta emanaldiak bertan behera utzi zituzten. Ez naiz esateaz nekatuko: izugarri eskertzen dugu. Piketeetan egon ginenok egun osoa eman genuen gure lan baldintzen alde lanean eta borrokan. Nik uste horrek balio digula taldea egiteko eta indartzeko.
Donostiako Piratek ere bertan behera utzi dituzte gaurko emanaldiak. Pozik zaudete jasotako elkartasunarekin?
Poza eta ardura sentitzen dugu, horrek gure gainean kristoren ardura jartzen baitu. Ikusita jendea zer eskuzabala den, eta zelan ulertzen dituzten gure aldarrikapenak, zenbat galduko duten greba egunean eta guri zenbat emango diguten...
Jon Insausti Donostiako alkateak esan zuen udalaren programazioari eutsi nahi diotela, greba eskubidea errespetatuz. Haren arabera, programazioaren bidez lortzen baita «kultura zaintzea». Zer deritzozu zuk?
Ez dakit nondik hasi ere. Nik uste dut langile antolatu gisa gure lan baldintzak hobetzen saiatzea dagokigula, sektore hau hobetzeko. Hori lortzen dugunean, lortuko dugu sektore hau pixka bat erregularizatuago egotea. Kultura modu askotan zaintzen da. Nik uste dut udalak onartu behar duela ardura handiagoa duela: bere ardura ez da bakarrik dirua jartzea eta programazioa egitea, bere ardura ere bada ziurtatzea programazio hori baldintza duinetan egiten dela.
Zer ardura dute erakundeek?
Ardura itzela dute. Baina, gainera, txarrena da tresna eraginkorrak dituztela euren ardura sozial hori indarrean jartzeko. Tresna horiek lehiaketa publikoak dira. Lehiaketa publiko batean oso erraza da jartzea lehiaketa horretako irabazleak hitzarmen kolektiboa errespetatu behar duela, adibidez. Nire ustez, halakoetan oso nabarmen geratzen da, berriro ere, promotore batzuen jarrera eta beste batzuena: promotore sozialek oso argi ikusten dute euren ardura, baina instituzio publikoek nahi dutena da emanaldiak kosta ahala kosta aurrera ateratzea. Noren kontura ez zaie axola.
Bilbon ere egingo duzue greba, asteazkenean. Zuen baldintzak hobetu arte jarraituko duzue protestan?
Zoritxarrez, bai. Benetan oso berri ona izango litzateke grebak bertan behera geratzea EUKI patronalaren eskaintza serio bat jaso dugulako eta berriro negoziatzen hasi garelako. Baina ez dirudi hala izango denik. Beraz, badirudi bi greba egun hauekin aurrera egingo dugula, eta behin hiru grebako zikloa bukatuta, balorazio bat egingo dugu, ikusteko nondik jo, edo zein den bidea.
LOTSABAKO
Ikusi nahiko zenukeen kontzertu bat?
La Txama taldearena.Artillaria bazina, zeri emango zenioke su?
Udalaren jarrerari.