Amaia Zubieta. Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformako kidea

«Indarkeria azaleratu behar dugu erasoei aurre egiteko»

IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Mugimendu feministako kideak «haserre» dira Iruñeko Udalaren jarrerarekin. Amaia Zubieta Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformako kideak salatu du erasoak ezkutatzea dela udalaren asmo. Horrez gain, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatearen jarrera eta erabakiak gaitzetsi ditu, eta Carlos Savaldor Berdintasun zinegotzi izendatu izana «oso kezkagarria» dela uste du.

Carlos Salvador izendatu dute berdintasun zinegotzi izateko. Nola jaso duzue berria?

Oso kezkatuta gaude. Carlos Salvador ezaguna da, gaur egun Voxek zabaltzen dituen ideiak aspalditik defendatzen dituelako. 2011. urtean Hazte Oir plataforma ultra eskuindarraren saria jaso zuen. Gainera, adierazi zuen abortatu baino lehen fetuaren argazkia ikusi beharko luketela abortatu nahi duten emakumeek. Transexualitatearen kontra ere agertu da.

Kezka bakarra ez da Salvador izendatu izana; Cristina Ibarrolaren jarrera ere salatzen duzue?

Ez da bakarrik Ibarrola bezalako pertsona bat izendatzea; orokorrean, haren jarrera da kezkagarria. Oso larrituta eta haserre gaude joan den asteko hilketa matxisten harira esandakoengatik. Esan zuen kezkatuta zegoela hilketa matxista hori hiriaren irudirako kaltegarria delako.

Zer dago horrelako adierazpenen atzean?

Iruñeko Udala ez da ari defendatzen emakumeen askatasuna, segurtasuna eta bizitza. Argi utzi dute hiriaren irudia lehenesten ari direla.

Zer esan nahi du horrelako erabakiak hartzeak?

Oso kezkagarria eta negargarria da. Argi uzten du UPNk zein asmo duen legealdi honetan berdintasun politikekin. Begi bistakoa da eskuinaren diskurtsoa nagusitzen ari dela jendartean, baina mugimendu feministatik armatzen ari gara eraso horiei aurre egiteko. Hamarkadetan kostata lortu ditugun eskubideak hilabete gutxitan pikutara joan daitezke. Hala ere, antolaturik gaude eta borrokan jarraituko dugu. Ozen diogu: ez dugu atzerapausorik emango.

Iaz mahaitik altxatu zineten udalaren jarrerarengatik. Aurten nolako izan da harremana?

Azpitalde bat dago indarkeriaren auziak kudeatzeko, baina udalak egin duen lanak ez du funtzionatu, eta soilik informazio gune bilakatu da. Ez dugu konfiantzarik politikariengan, baina teknikariekin ongi moldatzen gara, beti izan direlako gardenak. Ibarrolaren hitzak ikusita, susmoa dugu saiatuko direla datuak ezkutatzen. Horregatik, zaila izanen da kolaborazioa bermatzea.

Erasoen aurkako auzia albo batera uzten dutela uste duzu?

Ez diote behar duen garrantzia ematen. Adibidez, COVID-19aren garaiko sanferminetan, komunikazio arduradunaren helburua eta lana zen ez identifikatzea Iruñeko irudia erasoekin. UPNk erasoak estali nahi ditu irudi idilikoa lortzeko sanferminetan. Feministok, aldiz, esaten dugu edonon dagoela indarkeria. Gainera, horren berri emanez, mugimendu feministak hiritarren konplizitatea lortu du. Urrats garrantzitsuak egin ditugu peñetan eta tabernetan, eta eredugarri bihurtu gara. Kanpotik galdetzen digute nola egiten dugun, eta, horregatik harro egon ordez, estali egiten dute.

Beraz ikuspegia erabat desberdina da?

Dudarik gabe; mugimendu feministak uste du indarkeria azaleratzea dela modu bakarra eraso sexistei aurre egiteko, eta udalak, aldiz, estali egiten du.

Iruñeko Udalak hartutako neurriek emakumeen eta sexu genero disidenteen eskubide galera ekar dezakete?

Argi ikusi da nola murriztu dizkioten eskubideak LGBTI komunitateari, diru laguntzak eta zerbitzuak. Babes gabe geratzen ari gara. Saiatuko dira eskubideak zapuzten, baina gu aurrean izango gara. Ez gaude prest atzera pauso txiki bat ere emateko, eta ezpatak goian ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA