JokinEkin jaialdiaren antolatzaileak

Unax Urkia eta Endika de Tena: «Inportantea da jendeak jakitea Jokini laguntzeko jaialdi bat dela»

Apirilaren 2an eta 3an JokinEkin jaialdia egingo dute Eskoriatzan. Jokin Larrinaga gazteari laguntzeko ekitaldi bat izango da, bai eta gurpil aulkian daudenei ikusgaitasuna ematekoa ere.

Unax Urkia eta Endika de Tena. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Unax Urkia eta Endika de Tena. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Abarrategi
Aretxabaleta
2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jokin Larrinagak istripu bat izan zuen martxoan, eskiatzen zebilela, eta ezbeharrak bizkar muinean lesio bat eragin zion. Gaur egun, errehabilitazioa egiten dabil Toledoko Paraplegikoen Ospitale Nazionalean (Espainia). Egoerak eragindako kostu ekonomikoari aurre egiteko, familiak, lagunek eta herriko hainbat eragilek zenbait ekintza antolatu dituzte, tartean JokinEkin jaialdia. Unax Urkia (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2003) eta Endika de Tena (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2001) dira antolatzaileetako batzuk.

Zer gertatu zitzaion Jokini?

UNAX URKIA: Jokin Aretxabaletako gazte bat da, euskalduna eta kirolaria. Behin eskiatzera joan zen, eta herriko taberna batean geundela berri bat jaso genuen: Jokinek istripu bat izan zuela, ez zituela hankak sentitzen eta helikopteroan eraman behar izan zutela. Lur jota gelditu ginen. Hura bisitatu zuten lehenengoetarikoa izan nintzen, eta ez nekien zerekin topo egingo nuen. Gogorra da kuadrillarentzat. 

Nola dago Jokin?

URKIA: Harekin hitz egiten dugu, eta noizbehinka bisitan joaten gara. Mentalki hobeto ikusten dugu. Gorabehera asko ditu, normala den bezala. Gogorra izan da, baina buelta eman dio. Gogotsu dago, eta bizikleta moduko tramankulu batekin ibiltzen hasi da. Orain, Toledoko ospitalean dago, baina laster Bartzelonara joango da. Jokinen egoerara egokitzen den ospitale pribatu bat dago han, itxura denez, eta hara joango litzateke errehabilitazioarekin jarraitzera.

Hainbat ekintza antolatu dituzue Jokinen alde; hori nola bizi du berak?

URKIA: Gogoan dut orain dela hilabete batzuk Aretxabaletan Jokinen omenez egindako futbol partidua. Egun hartan, Jokin lehen aldiz etorri zen Toledotik. Ni, zoritxarrez, ez nengoen. 

ENDIKA DE TENA: Ni bertan egon nintzen, eta oso polita izan zen. Pasillo bat egin zioten, eta guztiok txalotu genuen. Gainera, sarrerekin lortutako dirua Jokinentzat izan zen. 

URKIA: Ni gauean egon nintzen harekin, eta hunkituta zegoen. Beldurra nuen; izan ere, ez genekien jendeak nola biziko zuen aldaketa, ezta berak nola biziko zuen ere.

Kirola egiteko modua aldatu zaio. Nola egokitu da bizimodu berrira?

URKIA: Egoerara moldatuz joan da, eta pixkanaka indarra hartuz. Hasieran, ezin zituen ariketa jakin batzuk egin. Orain, aldiz, egin ditzake. Diziplina berrietara egokitu da, eta guretzat izugarria izan da.

DE TENA: Kirolak lagundu egin dio, eta, kirola egiteko modua moldatu egin behar izan duen arren, egunerokoan mantendu egin du. 

JOKIN LARRINAGAK UTZITAKOA
JOKIN LARRINAGAK UTZITAKOA
Dirua biltzeko kanpaina bat hasi zuen Aretxabaletako UDA kirol elkarteak. Nola joan da?

DE TENA: Espero zuten baino hobeto joan da, herri mailan soilik zabalduko zen zerbait izango zela uste baitzuten hasieran. 

URKIA: Ezagutzen ditut laguntzeko asmoz dirua jarri duten inguruko herrietako kuadrillak, eta eskertzekoa da.

DE TENA: Guk Jokin ezagutzen dugu, baina ezagutzen ez duen norbaitek diru bilketan parte hartzeak asko esaten du haietaz. 

Kuadrillako bi kidek Mihiluze saioan parte hartu zuten. Jokinen egoera ezagutarazten lagundu du?

URKIA: Pentsatzen dut baietz. Ez dakit Mihiluze-k zenbat ikusle dituen, baina lagunartean komentatu genuen sareetan jarritako  bideoa 80.000 ikustalditara iritsi zela. Sare sozialen bidez Jokinen kasua zabaltzea inportantea da, baita gazteengan halako egoeren inguruko kontzientzia piztea ere.  

«Helburua dirua lortu eta Jokini laguntzea da, baina baita gurpil aulkian dabiltzanei ikusgaitasuna ematea ere»

ENDIKA DE TENA JokinEkin jaialdiaren antolatzailea 
Nola sortu zen jaialdia sortzeko ideia? 

DE TENA: Bilketa hasi zenean, Kaparrak taldeko kideok komentatu genuen ondo egongo litzatekeela talde gisa dirua jartzea. Ondoren, trago batzuk hartzen ari ginela, dirua irabazteko kontzertu batzuk jotzeko ideia sortu zen, herriko beste talde batzuekin batera. Hasieran, ideia xumeagoa zen, baina berotu egin ginen, eta ikusi genuen Eskoriatzan jaialdi handiago bat eginda irabazi gehiago izango genituela. Beraz, Almen gunearekin eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalekin harremanetan jarri ginen. Denak laguntzeko prest zeuden. Baimenak lortuta, musika taldeei idazten hasi ginen. Aipatzekoa da talde gehienak musu truk etortzeko prest egon direla.

Lehenengo aldia da jaialdi bat antolatzen duzuena?

DE TENA: Bai, ez dugu antzeko ezer antolatu inoiz. Nik antolatu dudan ekintzarik handiena inauterietako gure kuadrillak jartzen duen karpatxo bat izan da.

URKIA: Ideia oso ona da, baina lurrera ekarri dugunean ikusi dugu ez dela horren erraza. Gauza asko izan behar dira kontuan.

DE TENA: Gauza askok ihes egiten digute. Horregatik, Ekinez jaialdikoek eta Maukak lagundu digute.

Zenbat pertsona ari zarete jaialdia antolatzen?

DE TENA: Asko. Hasieran, haren inguruko gazte batzuk soilik ginen. Orain, herri guztia inplikatu da: Mauka, Kaparrak.... Herriko jende asko ere etorri zaigu laguntzeko prest.

URKIA: Bakoitzak ahal izan duenean lagundu du.

Jokinek berak nola jaso du jaialdiaren albistea?

URKIA: Uste dut gu ere ez garela kontziente zenbaterainokoa izango den jaialdia, eta Jokinek, niri esan didanagatik, ez du hitzik. Oso eskertuta dago. 

Nolakoa izan da musikarien erantzuna?

DE TENA: Oso ona izan da; datozen guztiak laguntzeko prest egon dira. Mezua jaso bezain laster baiezkoa eman digute askok, galderarik egin gabe. Momentuz, hamabost musikariren berri eman dugu, baina gehiago izango dira.

URKIA: Taldeak musu truk jotzera datoz. Kaparrakeko kideak herrikoak dira, eta ezagutzen dute Jokin, baina besteek ez.

«Kalean agian ez gara jabetzen, baina, gu hara joan ginenean, mugikortasun arazoak zituzten gazte asko ikusi genituen»

UNAX URKIA JokinEkin jaialdiaren antolatzailea
Zein da jaialdiaren helburua?

DE TENA: Inportantea da jendeak jakitea Jokini laguntzeko jaialdi bat dela. Jendea musika gustuko duelako joaten da jaialdietara, eta honetan ere segur aski gozatuko dute, baina, aldi berean, istripua izan duen Aretxabaletako gazte bati lagunduko diote. Helburua da dirua lortu eta Jokini laguntzea, baina baita gurpil aulkian dabiltzanei ikusgaitasuna ematea ere. Jaialdia gurpil aulkian dabiltzan pertsonek gozatzeko modukoa ere egin dugu. 

URKIA: Bai, eta kontzientzia pizteko, ez baitira kasu bakanak. Kalean agian ez gara jabetzen, baina, hara joan ginenean, mugikortasun arazoak zituzten gazte asko ikusi genituen.

Nola joan da sarreren salmenta? 

URKIA: Sarreren %45 saldu dira dagoeneko. 

DE TENA: Uste baino gehiago saldu dira, hasierako egunetan batez ere: oso azkar saldu ziren.

Zeintzuk dira Jokinen eta haren familiaren beharrak gaur egun?

DE TENA: Gurasoek han egoteko alokairu bat hartu dute, eta sarri bidaiatu behar izaten dute. Orain, Toledoko ospitale publikoan dago, baina irtendakoan, mugikortasuna hobetzen jarraitzeko, ospitale pribatua ordaindu beharko du. 

URKIA: Ez dakit zein den prezio zehatza, baina dirutza da. Gurasoek ere bizimodu berrira egokitu beharko dute, eta haren kostuari aurre egin. 

DE TENA: Eta Aretxabaletara bueltatzen denean ere bere bizitza moldatu beharko du: etxea, autoa...

Galdera-ErantzunaK

Talde bat?
BIEK: 721.

Gustuko edari bat?
BIEK: Jengibre eta limoizko infusioa.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA