Intxaurrondo ez da kuartel bat (bakarrik). Ez da udaltzainen tiro praktikek zipriztindutako polemika bat (soilik). Donostiako auzo bat da, udazkenak okrez margotu eta artistek muralez pintatu dutena. Ez da Mirakontxa, ez da Aiete, baina han goitik (ere) itsasoa ikusten da. Eta aire zabaleko arte galeria bat ere bada (orain).

Urriaren amaieran egin zuten Intx’Apain jaialdia: euskara, muralgintza eta kultura urbanoa uztartzen dituena. Tokiko eta nazioarteko artistek auzoko hainbat hormatan esku hartzeak egin zituzten, eta egitarau aberats bat ondu: musika, kaleko artea, bertsolaritza, breakdancea, tailerrak eta jarduera parte-hartzaileak, euskara ardatz hartuta. «Zein da zure hitza?», galdetu zieten artistei, bakoitzak berea aukeratu zezan, eta horren inguruan hormak margotu. Horietako batzuk modu kolektiboan ere bai. Emaitza aste honetan bertan jarri dute ikusgai.
Auzokideekin batera
«Ikusgarrienak horma irudiak dira, hori da gelditzen dena, baina prozesua bera izan da garrantzitsuena», azaldu du Helga Massetanik, aire zabaleko galeria berezi horren komisarioetako batek. Eta kontatu du Intxaurrondoko ikastetxeekin eta auzoko elkarteekin batera aritu direla elkarlanean —Donostia Kulturaren egitasmo bat izan da—, haien proposamenak eta beharrak aintzat hartu dituztela, eta, horma irudiez gain, euskara izan dela ardatza: «Horrek beste balio bat eman dio jaialdiari, eta beste indar bat emaitzari eta legatuari».

Pasieran egiten da topo lanekin. Ezustean tupust, koloreekin. Andrea Costas, Eva Mena, Jabier, Jeremy Dell’Armi, Maialen Arozena, Oscar Toro, Manuel Gerullis, Oliver Pusch, Sandra Garaioa, Urban 13 eta Xab Xab izan dira artistak, eta ikasleak eta auzoko kideak ere bai margolariak.
Idoiak —ez du abizenik eman nahi izan— urteak daramatza auzoan. Sandra Garaioak Lauaizeta ikastolako ikasleekin batera Bernat Etxepare plazan egindako muralari ari da argazkiak ateratzen. «Ederra da hormak artea egiteko baliatzea», nabarmendu du: «Kolorea ematen diote auzoari. Hori bai, argi utzi didate muralak direla, eta ez grafitiak».

Artista bakoitzak hitz bat aukeratu du, baina hitz hori ez dago margolan guztietan presente. Aukeratutako batzuk: ondarea, ortzadar, kalekume, itsua, mugak, baratza, kalekoak, elkar, zorabio... Loli eta Maite auzokideak Hirurak kalean daude, eta Oscar Torok, Manuel Gerullisek eta Oliver Puschek egindako horma irudiari argazkiak ateratzen ari dira. Donostiarekin senidetutako hiri bat da Wiesbaden, eta hangoak dira hiru artista alemaniar horiek. «Joan den egunean, lanean ari ziren hemen, eta emaitza ikustera etorri gara. Halakoek bizitza ematen diote auzoari», nabarmendu du Lolik. Arrazoia eman dio Maitek: «Halakoak ikusteko hirigunera jaitsi behar izaten da askotan. Gu bezalako jende heldu asko bizi da hemen, eta hau bada margolanak ikusi eta arteaz gozatzeko beste aukera bat». Intxaurrondoko arte galerian.

Â