Babarrun ale batzuk, aza bat, arto aleak, eltze bat, babarrun zaku bat, Tolosako babarrun lehiaketan irabazitako txapeletako bat... denak txukun-txukun jarrita dauzka Irurako Jauregiberri baserriko (Gipuzkoa) egongelako mahai gainean Mari Carmen Iradik (Hernani, Gipuzkoa, 1942). Inork eskatu gabe hartu du lan hori, produktuari dion maitasunaren adierazgarri: babarrunaren bueltakoak jarri ditu mahai gainean, bizitza osoa eman baitu babarrunaren bueltan. Haurra zenetik ezagutu du babarruna etxean, eta Tolosako Babarruna elkarteko lehendakaria izan zen hemezortzi urtez. Babarrun usaina dago sukaldean, eta hantxe hasi da galderei erantzuten; su txikian izan ditu hiru orduz, haiei buruz hitz egin bitartean.
Egun handia izan zen atzo Tolosan: Babarrunaren Eguna. Zer sortzen zaizu barruan egun hori iristean?
Urtean zehar gure babarrunak zaintzen aritzen gara, eta gero poza izaten dugu. Lehiaketa ere izaten dugu, eta harako ere ilusio pixka bat ere bai. Bide horretatik joaten gara.
Aurten ere parte hartu duzu...
Bai, nire babarrunak eraman ditut lehiaketara. Azokara ez naiz joan, ez daukat nahikoa. Aurten urte txarra izan da, eta oso gutxi bildu dugu. Baina dagoena ahalik eta txukunen jarri, eta presentatu dugu. Gutxi dugu, baina ona dagoena kalitate handikoa atera da; egosi ere oso ondo egosten da.
Festa eguna izaten da Tolosan. Balio du babarrunari garrantzia emateko?
Bai, kanpoko jendea ere egun horren zain egoten da eta. Zeinek egingo onena... Intentzio horiek hor daude; ez baserritarren aldetik bakarrik, kaleko jendeak ere izaten du interes hori. Aurten, gainera, gutxi dagoenez, denak galdezka aritu dira.
Hernaniko Argindegi baserrian jaio zinen, 1942an. Noiz izan zenuen lehen harremana babarrunarekin?
Oso txikitatik; gure etxean beti egiten zen babarruna. Artoarekin egiten zen; makilarekin ere bai, baina gehienbat artoarekin. Orduan etxean jende asko bizi zen: ama, izeba, amona... eta denak babarrunak biltzen aritzen ginen. Oso txikitan hasi nintzen horretan; babarrunarekiko zaletasuna hortik ekarri dut.
Eskolara joaterik izan zenuen?
Bai, auzoan herri eskola geneukan, eta auzo guztiko umeak hara joaten ginen. Laurogei bat joango ginen. Orduan neskak eta mutilak aparte izaten ziren; andereño bana izaten zen neskekin eta mutilekin. Eta kurtso guztiak batera. Haiek zeukaten lana...
Gazteleraz emango zenituzten eskolak, noski...
Dena, dena erdaraz. Andereñoak euskaldunak ziren, baina haiek esaten zuten galarazia zeukatela euskaraz egitea. Hala ere, erakutsi ziguten euskaraz zerbait. «Ni zuekin euskaraz hitz egin gabe ezin naiz egon», esaten ziguten. Baina kontatzen, irakurtzen eta horiek denak... erdaraz. Dotrina ere ematen genuen, nahi zuenak euskaraz, eta nahi zuenak gazteleraz.
«Tolosako Udaletik abisua ematen hasi ziren. Babarrunari balioa eman behar zitzaiola, gauza preziatua zelako»
Goizetan eskolara, eta arratsaldean baserriko lanetara?
Arratsaldean libratzen ginen, 17:00etan, eta, handik aurrera, etxeko lanetara joaten ginen. Lanari eskua erantsi beharra zegoen, denentzako zegoen eta lana.
Sagardotegia zenuten etxean, ezta?
Bai, sagastiak ere handiak genituen, eta sagar asko izaten zen. Nik nire denboran ezagutu nuen dolarea etxean, eta sagardotegia ere bai. Nik kantatu egiten omen nuen.
Bezeroei?
Bai, joaten zen jendeak tentatu egiten omen ninduen, eta nik kantatu, eta, gero, dirua bildu.
Nongoak izaten ziren bezeroak?
Astigarraga, Donostia, Andoain, Urnieta... horiek denetatik jende asko etortzen zen. Gure baserria Urnietako mugan dagoenez, inguruetako jendea etortzen zen. Bolatokia geneukan etxean, eta hori ez zen nonahi; toka ere bai, eta, izen horrekin, jendea jolastera etortzen zen.
Hor hasi zinen jendearekin hartu-emanean?
Hor hazi nintzen, bai, jende artean. Gero, amona egunero kalera joaten zen, esnearekin eta etxeko gauzekin. Ni ere oso txikitan hasi nintzen hari laguntzen. Eguneroko tratu hori txiki-txikitatik dakarkit. Hori ikusi nuenez, ez zitzaidan kosta. Ezkondu ginen arte, txotxean izaten zen sagardoa. Gero jende gutxi gelditu zen etxean, eta denei ez zegoen kasurik egiterik.
Irurara ezkondu zinen, baina baserriko lanak ez zenituen utzi.
Lehendik ere baserria zen Irurako plazan, Jauregi. Nire senarra maiorazkoa zenez, bertan segitu genuen. Handik urte batzuetara hemen egin genuen etxea [Jauregiberri baserria], pentsaturik hango kamino hori zabaldu egingo zutela eta etxea harrapatuko zigutela. Hemen egin genuen, eta kaminoa ondora ekarri ziguten, zapla! Burrunba ederra daukagu hemen [N1 errepideko hotsak entzuten dira etxetik].
Noiz sortu zenuten Tolosako Babarruna elkartea?
1994an izan zen. Tolosako Udaletik abisuak ematen hasi ziren, esanez babarruna egiten genuenak elkartzeko, balio gutxi zeukala, eta jendea ari zela babarruna egiteari uzten. Bildu egin behar genuela, elkarte bat egin behar zela, aurrera atera behar zela, erregistro bat egin behar zela... Balioa eman behar zitzaiola, gauza preziatua zelako.
Hasieratik proposatu zizuten lehendakari izatea?
Junta hartan lehendakaria behar zen, eta segituan markatu ninduten: zu lehendakari. Ezetz esan nien, nik ez nekielako horrelako gauzei buruz ezer. Baina onartu egin nuen.
Zein ziren zure betebeharrak lehendakari gisa?
Batera eta bestera asko ibili beharra egokitu zait, eta bilerak egitea. Baina oso gustura ibili naiz. Jende asko ezagutu dut, eta oso ondo hartu naute babarruna dela eta. Konfiantza ematen dizu jendea ezagutze horrek. Horrekin disfrutatu egin dut.
Gizonekin lotzen da sarri baserri mundua. Gutxiespenik sentitu al duzu inoiz?
Ni emakume bezala oso ondo hartu naute. Konfiantza handia eman didate, eta asko ezagutu dut babarrunari esker. Beti eman didaten kariño hori ez dago ordaintzerik. Ni orain telebistatik ezagutzen naute kalean... Begira gelditzen zaizkit. Ez dakit zein diren, baina hitza ematen didate, eta atentzioa izan dute. Horrek ere poza ematen du. Egindako lanaren saria da.
Zeintzuk izan ziren elkarteari esker egindako lehen aurrerapausoak?
Babarruna aletzeko makina berehalaxe jarri genuen. Makineria pixkanaka-pixkanaka hasi ginen sartzen; aurrena aletzekoa, eta gero izozkailua behar zen, ateratzen zaion xomorro hori ez ateratzeko. Elkartea pixkanaka-pixkanaka osatu genuen, Tolosako Udalak lokala jarri zuen, eta lokal horretan jarri dituzte makineria eta gaurko Babarruna elkarteko lekua.
«Lehendakari izateagatik, batetik bestera asko ibili beharra egokitu zait. Oso gustura ibili naiz, oso ondo hartu naute»
Nola eragin zuen makineriak zuen lanean?
Kantitate handiagoak egitera animatu ginen. Etxean kantitate handiak egiteak lan asko dakar. Babarruna elkartean aletu egiten dute, bereizi, izoztu eta zakuetan jarri. Askoz ere erosoagoa da denentzat. Eta gero Label sortu zitzaigun. Erregistroa daukagu han, marka kolektiboa atera genuen.
Prezioa elkartean bertan adosten zenuten. Zaila izaten zen hori zehaztea?
Hasieran ez dakit zenbatean saltzen zen; orduan pezetak ziren eta... hogei duro, kiloa? Gehienera... Eta, gero, pixkanaka-pixkanaka hasi ginen... Mila pezeta, asturiarra mila pezetatan saltzen zutela eta. Guri astakeria iruditzen zitzaigun: «Zuek zer uste duzue, gure babarrunagatik mila pezeta pagatuko duela jendeak?»; «Baietz, zergatik ez ba! Asturiarra pagatzen badute, zergatik ez dute pagatuko hemengoa». Mila pezetarekin hasi ginen, eta, pixkanaka-pixkanaka, aurtengo prezioa hemezortzi euro ingurukoa izango da.
Babarrunak zaku barruan saltzen ere orduan hasi zineten, ezta?
Bai. Kofradiak ere lagundu zidan, esanez zakuak eramango zizkigula, eta Tolosako azokan saltzeko mahaia jarriko zidala pronto. Hala hasi nintzen, ni aurreneko, babarrunak zakuetan sartu eta saltzen. Orduan kofradiako zakuak ziren, baina gero geureak egin genituen, partikularrak.
«Hemengo babarrunak beste goxotasun bat dauka, aparteko gustua dauka; salda lodi-lodia egiten du»
Besteengandik bereizteko modu bat zen?
Esan ziguten: «Hemen aldaketa handi bat etorriko da urte gutxi barru; hemen gauza on asko dago, eta ziurtatu egin behar dira, erregistratu egin behar da». Beldurra zuten dena kanpotik etorriko zela eta ez ote ginen galduta geldituko. Ondo hartu zuen jendeak, joan eta esku artean erabiltzeko ohitura baitaukagu. Hori dena saihestu egiten da, eta jendeak onartu egin zuen.
Zerk egiten du berezi hemengo babarruna?
Hemengo babarrunak beste goxotasun bat dauka, aparteko gustua dauka. Egosi ere hiru orduan egosten da. Orain, berrietan, lehenago. Salda lodi-lodia egiten du; beste batzuek saldarik ez dute loditzen. Diferentzia hori badauka. Salda loditzearekin bakarrik antzemango diozu. «Ogi irina botata ederki loditzen zaio salda», esaten digute. Hemengo babarrunak ez du horren beharrik. Eta urtekoa baldin bada, ez du beratzen jarri beharrik. Eta beste sekretu bat behar du: gatza azkenean bota behar zaio, bestela gogortu egiten du.

Babarrun lehiaketa ere martxan jarri zenuten. Nola bururatu zitzaizuen?
Beste gauza batzuekin lehiaketak izaten zirenez, «Eta babarrunarekin zergatik ez?», pentsatu genuen. Elkartearen indarrarekin, horrelaxe hasi zen sortzen. Orain hogei bat lagunen babarrunak hor egongo dira lehiaketan, eta kilo bana eman behar izaten dugu. Parte bat esposiziorako, eta beste bat eltzean egosteko. Tolosan ikusmira hori dena egoten da, jendea zain egoten da.
Bi aldiz jantzi duzu irabazlearen txapela. Zer sentitu zenuen?
Bai, eta bigarren eta hirugarren postua ere lortu izan ditut. Aurreneko txapela atera nuenean, bularrean eman zidan halako zartako batek... Halako sorpresa hartu nuen! Egun hartan bigarren postukoari nik eman behar nion saria, eta, gero, aurreneko saria esan zutenean, neroni nintzen! Ai ama! Izugarrizko poza eman zidan. Bigarren aldiz atera nuenean ere bai.
«Tamaina onean eman nuen erreleboa. Inork ez du karga hori nahi izaten, baina, pixkanaka, ohitu egiten zara»
Hemezortzi urte eman zenituen lehendakari postuan. Lekukoa pasatzeko garaia zen?
Bai, eta handik aurrera lasaiago ibili naiz. Nik uste tamaina onean eman niola erreleboa. Esaten nuen: «Gehiago ere badaude, eta zergatik ez?». Inork ez du jarri nahi izaten, ez du inork karga hori hartu nahi. Nik ere aurrena horixe esan nuen: nik ez dakit hori egiten, eta ez dut balioko. Baina gero, pixkanaka-pixkanaka, ohitu egiten zara.
Baina jarraitzen duzu babarrunak ereiten...
Bai. Semeek egiten dituzte makinaz egin beharreko lanak: lurra maneiatu, hazia bota... horiek denak. Gero, guk belarrari kontu egin, eta azkeneko orduan, biltzeko garaian, orduak sartu behar izaten ditugu.
Indartsu ikusten duzu sektorea?
Ez, indar handia ez dago. Errelebo gutxi dagoelako. Hor dago hutsunerik handiena. Gainontzean, babarrunak ematen du. Salmenta ere badauka. Izen ona dauka Tolosako babarrunak, mundu guztian ezaguna da. Ni Donostiara feriara joaten nintzenean ere poza ematen zidan horrek. Udatiarrak etortzen ziren eta esaten zidaten: «Horrelako eta halako tokitara eraman behar dut; han ez dago halakorik».
«Iruditzen zaie azkeneko prezioa dela babarruna, baina bitartean lan asko ematen du, ordu asko sartu behar ditugu»
Klima aldaketak ere badu eragina. Aipatu duzu aurtengo uzta txikia izan dela, eta duela bi urte ere abendura atzeratu zuten Babarrunaren Festa, uztaren atzerapenagatik...
Bai. Nik azkeneko bi urteotan porrota izan dut. Lehengo urtean bai, eta aurten, berriz, gehiago. Kezka sortzen digu horrek. Egoten zara, jada ikusten dituzu loretan daudela, leka egiten ari direla, ederki, eta gero bero handia etortzen da... Eta lorea bota egiten dute, leka ere zimurtu egiten dute, aleari ez dio garatzen uzten... Beti gainean egon behar biltzeko garaian.
Nahikoa laguntza jasotzen duzue erakundeen partetik?
Beti behar da laguntza gehiago. Iruditzen zaie azkeneko prezioa dela babarruna, baina bitartean lan asko ematen du, ordu asko sartu behar ditugu. Lurra prestatu, hazia egin, hura jaiotzen denean kontserbatzeko lan egin... Xomorroa beti baitago gainean, eta belarra ere beti sortzen baita. Ordu asko sartu behar izaten da azkeneko momentu hori ailegatzerako. Borroka asko izan dira. Orain ondo goaz. Ea aurrera segitzeko modua izaten den.
Ez duzu itxaropena galdu, halere?
Begira, gu ere, gurasoak, zahartzen ari gara, eta seme-alabek beste ogibide batzuk bilatu dituzte. Haiek ere denbora gutxi daukate lan honetan aritzeko. Aste bukaerak, udarako oporrak... Baina ikusi dute hau zertaraino joan den, norainoko eboluzioa eman dugun, zer produktu daukagun... Nik uste geratuko zaiela zerbait. Ez direla erabat geldituko. Kosta egingo zaie, baina... Gaurko egunean, babarruna luxuzko artikulua da berriz. Familiarteko bilerak direla, lagunarteko bilerak direla... Babarrunak, odolki puska bat, txorizoa, aza eta urdaia... oso ondo gelditzen zara plater batekin.
Ondo bazkalduta, bai. Horixe jango duzue gaur zuek ere?
Bai, honezkero egosita dago. Erretzen ez al da ariko... [barrez]. Ai! Ba, larri-larri, e! Begira nola dagoen... Nahikoa egosita dago. Erre usainik ez dauka oraindik, baina hortxe zegoen, e!