Izenak topatzea, izana gogoratzeko

Intxorta 1937 elkarteak ikerketa bat abiatu du 1936ko gerrako Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako umeen izen zerrenda osatzeko, tokian tokiko erakunde memorialistekin elkarlanean. Durangaldean 530 haur identifikatu dituzte jada.

1936ko gerraren ondorioz erbestera ihes egin behar izan zuten umeen argazkiak. UTZITAKOAK
1936ko gerraren ondorioz erbestera ihes egin behar izan zuten umeen argazkiak. UTZITAKOAK
June Montero
2026ko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izena duenak izana du. Hala dio esaerak. Izena behar da lehenik, eta izana ondoren egokitzen da. Izan ziren horiek ez ahazteko, izenen bila aritu dira Intxorta 1937 elkarteko kideak azken zazpi urteotan. 1936ko gerrako umeen deiturak bildu nahian. 2023. urtean argitaratu zituzten ikerketaren lehen emaitzak, gerra garaian erbestera ihes egindako Gipuzkoako haurren zerrenda: 10.500 izen-abizen. Eta izen bakoitzaren atzean, istorio bat, familia bat eta hamaika bizipen. Tristuraz, beldurraz eta jazarpenaz ez ezik, pozaz, elkartasunaz eta maitasunaz ere jarduten duten kontakizunak. 10.500 izan. Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako haurren bilaketa abiatu dute orain, lekuan lekuko elkarte memorialisten laguntzarekin. 

1936ko abuztuan eta irailean erbestera joan ziren milaka euskal herritar, gero eta hurbilago zeuzkaten tropa frankisten mehatxupean. Donostiatik, Hondarribitik eta Irundik (Gipuzkoa) abiatu ziren errefuxiatu gehienak. Ihesaldiak 1937an jarraitu zuen, martxotik urrira artean. Itsasontzi asko irten ziren Bizkaiko kostaldetik, baina, lurralde hori frankisten esku geratu zenean, Kantabria eta Asturiasera (Espainia) joaten hasi zen jendea, eta, handik, erbestera. Garai hartako Eusko Jaurlaritzaren arabera, 150.115 bizkaitar, arabar eta gipuzkoar atzerriratu ziren denera. Intxorta 1937 elkarteak kalkulatu duenez, umeak ziren horietatik 35.000 eta 40.000 artean. «Asko dira», zehaztu du Juan Ramon Garai elkarteko kideak. 

Gerrako ume deritze 1936an 0 eta 16 urte artean zituzten haurrei eta nerabeei, baita amak erbestera bidaiatu ondoren atzerrian jaiotakoei ere. Haur horietako asko gurasorik gabe bidali zituzten Euskal Herritik kanpora, baina beste asko amarekin edo senideren batekin joan ziren. Jaurlaritzak, ordea, erbestera bakarrik joandako umeen izenak eta adina baino ez zituen bildu. Herrialde Katalanetara, Frantziara, Erresuma Batura, Belgikara eta Sobietar Batasunera bidali zituzten haur gehienak, baina gutxi batzuek Ozeano Atlantikoa gurutzatu eta Mexikora, Txilera edo Venezuelara alde egin zuten. 

DATUak

200

Durangaldeko zenbat ume erbesteratu ziren Frantziara Ikerketaren lehen fasean Durangaldeko elkarte memorialistek osatu zuten zerrendaren arabera, eskualdetik alde egin zuten 530 umeetatik berrehun Frantziara eraman zituzten.

3.900

Eusko Jaurlaritzak zenbat ume bidali zituen Erresuma Batura Eusko Jaurlaritzaren arabera, gerra garaian Erresuma Batura joan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 3.900 haur.  

«Oso ondo dago gudari, miliziano eta emakume erresistenteei buruz egiten duzuen guztia, baina gurekin gertatutakoa noiz ikertuko duzue?». Eibarko (Gipuzkoa) gerrako ume batek galdera hori egin zien 2019. urtean Intxorta 1937ko kideei. Garaik gogora ekarri du elkarteko lagunek elkarri begiratu eta arrazoia eman ziotela gizonari. Orduan jarri zuten martxan ikerketa. «Ordura arte landu gabea genuen gai hori, eta askotan gertatu dira halakoak: erbestean egondako umeak ahaztuta egon dira. Debagoienean hasi ginen ikertzen, eta ustekabe handia izan zen. Gerrako hirurogei ume topatu genituen bizirik!». 36ko gerran eta frankismoan haur izandakoen lekukotzak gal ez zitezen, ikerketa Gipuzkoa osora hedatzea erabaki zuten. «Argi geneukan: bilketa lehenbailehen egin ezean, informazio hori galdu egingo zen betirako». 

Lau urte iraun zuen Gipuzkoan egin zuten ikerketak. Emaitza «sekulakoa» izan zela azaldu du Garaik: «Gure helburua zen 5.000 ume aurkitzea, eta, gaur egun, 10.500 izen daude Gipuzkoako Foru Aldundiko giza eskubideen webguneko zerrendan». Orduan jabetu ziren ikerketa Hego Euskal Herriko beste herrialdeetara zabaltzeko beharraz.

Esan eta egin. Bi urte daramatzate jada Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako gerrako umeen bila. Lana, ordea, ez da hasieran bezain nekeza, Garairen arabera. Kontatu du Gipuzkoan egindako ikerketa «oso lagungarria» izan dela, batez ere ikasi dutelako zer artxibo historikotara jo behar zuten. Hain zuzen ere, Alcala de Henaresko Administrazioaren Artxibo Orokorra, Salamancako Memoria Historikoko Dokumentu Zentroa (Espainia) eta lekuan lekuko udaletako 1940. urteko erroldak baliatzen dituzte. Gaineratu du beste ikerlari batzuen lanak ere «ezinbestekoak» izan direla, bereziki Jesus Alonso Carballes eta Gregorio Arrien historialariek gerrako umeen inguruan idatzitakoak. 

Ikerketa kolektibo bat

Hurrengo urratsa herrietako elkarte memorialistengana jotzea da. «Auzolanean egiten dugu lan, gu eragileak gara, baina ez gara langile bakarrak. Gaur egun, memoria historikoa lantzen duten hamalau talderekin gabiltza lanean», argitu dut Garaik. Izan ere, artxiboetan eta Carballes eta Arrienen liburuetan oinarritutako gerrako umeen zerrendetan haurren jatorria ez zen zehazten askotan. Beraz, tokian tokiko elkarteen esku dago hutsuneak betetzea. 

Talde horietako bat da Durangaldeko (Bizkaia) Gerediaga elkartea. «Halako batean, gugana jo zuten Intxorta 1937 elkartekoek, eta galdetu ziguten ea lagunduko genien gerrako umeen inguruko ikerketa bat egiten Durangon. Gure jarduera eremua Durangaldea denez, eskualdeko ikerketa kolektibo bat egitea proposatu genien», azaldu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak. Eskualdeko lantalde hori Zaldibarko, Berrizko, Durangoko, Elorrioko eta Otxandioko talde memorialistek osatu dute. 

36ko gerraren inguruko lanketak ezagunak zaizkie Durangaldeko herritarrei, elkarte guztiek baitute beren «gertuko historia ikertzeko motiboren bat», Gaztelurrutiaren arabera. Besteak beste, Durango, Elorrio eta Otxandio bonbardatu egin zituzten gerra garaian. Gerediaga elkarteko koordinatzaileak gogora ekarri du «intuizioak» hau esaten ziola hasieratik: «Informazio orokorrak artxiboetan eta erroldetan daude, baina benetako informazioa herrietan dago». 

«Informazio orokorrak artxiboetan eta erroldetan daude, baina benetako informazioa herrietan dago»

BEÑAT GAZTELURRUTIAGerediaga elkarteko koordinatzailea

Ikerketak bi fase izan ditu: barnekoa eta publikoa. Lehendabiziko fasean, artxiboetako eta udalen erroldetako informazioa bildu zuten, eta herri bakoitzeko gerrako umeen zerrendak osatu, Gaztelurrutiak azaldu duenez. Ondoren, lekuan lekuko talde memorialistek egiaztatu zuten zerrenda horietan ageri zirenak herrikoak zirela, eta, norbait falta zela sumatuz gero, haren izena zerrendara gehitzen zuten. «Lehen fasearen emaitza aberasgarria izan da, ia berrehun izen gehitu dizkiete-eta hasierako zerrendei. 530 izenek osatzen dute Durangaldeko gerrako umeen zerrenda». 

Fase publikoa abiatu dute orain: herri bakoitzeko zerrendak argitaratu dituzte Gerediaga elkartearen webgunean. «Helburua da eskualdeko familiek duten informazioa jasotzea. Edozeinek deskarga dezake zerrenda, eta senitartekoren bat ageri ote den egiaztatu. Agertzen ez bada edo agertuta ere haren inguruko informazio osagarria baldin badute, telefonoz edo posta elektronikoz jo dezakete gugana». 

Bilaketak zailtasunak ere badituela aitortu du Gaztelurrutiak. Urte asko pasatu izana da eragozpenik handienetakoa, haren esanetan. Izan ere, lehen mailako iturri historikoetan datuak «oso sakabanatua» daude, eta, batzuetan, informazioa «kontraesanezkoa» ere bada. Garaik, berriz, nabarmendu du bizirik dauden gerrako umeak lokalizatzea ere ez dela erraza. Horren adibide dira erbestean jaio ziren eta oraindik bizirik dauden Bilboko 66 gizon-emakume. Haien izen-abizenak Intxorta 1937 elkartearen webgunean jarrita daude, baina ez dute lortu haiekin harremanetan jarri eta haien bizipenak biltzea.

«Esperientzia horiek bilduz, elkarrizketarako esparru bat sortu nahi dugu, hurrengo belaunaldiei transmititzeko eta egungo errefuxiatuen bizipenekin lotura egiteko. Historiak bestelako gizarte bat eraikitzen lagundu behar digu»

JOSE RAMON GARAIIntxorta 1937 elkarteko kidea

Helburua hori baita, Garairen aburuz: erbestera joan zirenen izenak eta bizipenak biltzea. «Esperientzia horiek bilduz, elkarrizketarako esparru bat sortu nahi dugu, hurrengo belaunaldiei transmititzeko eta egungo errefuxiatuen bizipenekin lotura egiteko. Historiak bestelako gizarte bat eraikitzen lagundu behar digu», erantsi du. 

Bidean proiektuaren «kontrako erresistentziak» topatu dituztela salatu dute Garaik eta Gaztelurrutiak. Izan ere, Bizkaiko zenbait herritako udalek oztopoak jarri dituzte elkarte memorialistek eskatu dietenean 1935eko eta 1940ko erroldak erakusteko eta gerrako umeen zerrendak sarean jartzeko. Datuen babeserako legea aitzakia gisa erabili izana leporatu die Garaik, eta gogor mintzatu zaie udaletako agintariei: «Baina zer zentzu du lege hori aipatzeak jakinda orain dela 90 urte Eusko Jaurlaritzak ume guztien edo gehienen izenak argitaratu zituela? Ez dakite frankismoak eragindako minagatik erreparazioa ematen. Gu milaka lagunekin egon gara, eta inork ez du eskatu datuak ez argitaratzeko; alderantziz, poztu egin dira». Oztopoak oztopo, gerrako umeen izen-abizenen zerrendak eskuragai daude Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Laudio eta Arrigorriagako udalen webguneetan eta Gerediaga elkartearenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA