Negazionista izatea hirian bizi direnen pribilegioa baino ez da; landan, bederen, ez dago modurik klima aldaketaren eraginei muzin egiteko, alderik delikatuenean kolpatzen baititu bertokoak: ogibidean. Gernika-Lumoko (Bizkaia) urriko azken asteleheneko azokan, betikoak dira jendetza, giro alaia eta jan-edan mordoa, ezaguna da bozgorailuetatik entzuten den musika folklorikoa, baina badago festa poliki-poliki moldatzen ari den ñabardura bat. Erakusmahaietako etiketetan da bereziki agerikoa: aurten, Gernikako indabaren kiloa 22 euroan dago, eta 24ra ere saltzen ari dira posturen batean; iaz, 18an zegoen. «Landan bizi garenok diogu egiazkoa dela klima aldaketa», ziurtatu du Aiarako (Araba) Txikubin upategiko Paz Berastegik.
Mallabiako (Bizkaia) nekazari Maider Uriarteren berbetan, aurtengo uzta «oso ahula» izan da, sikatearen kausaz, eta fruitu guztiei egin die kalte, hala indabei nola ortuariei. «Iaz gutxi jaso genuen, eta aurten gutxiago». Ura tentuz botatzen ibili behar izan dute, eta, barazkiei dagokienez, landareak behin eta berriro landatzen, bizpahiru bider, bero sapak erre egin dituelako aldiro. «Porrua erretzen bada, adibidez, gehiago sartzen duzu zeozer ateratzeko», esplikatu du baserritarrak; baina indabekin zorte kontua da, leka zabaltzean baino ezin dutelako ziurtatu fruitua balekoa den edo ez.

Igorreko (Bizkaia) Urtza Sarrionandiak indaba iazko prezio berean lagatzea erabaki du, 18 euroan. «Garestitu egin beharko genuke, baina saldu egin behar dugu, nahiz eta gutxiago irabazi». Bero boladek kalte handia egin diete, eta ureztapen sistemari esker uztaren zati bat salbatzea lortu duten arren, lore asko erre egin zaizkie fruitua atera baino lehen; azaloreak, azak eta lonbardak hirutan ipini behar izan dituzte haiek ere. «Uzta normalean baino hiru aste beranduago etorri da, eta neurri txikikoa izan da».
Ez da salbuespenezko urtea izango, ekoizleek aurreikusi dutenez. «Uste dut okerrera egingo duela», Uriarteren arabera. «Klima asko aldatu da eta, ufa, oso gaitza da, txarto gabiltza». Berez lan handia eskatzen duen ekoizpena da, gainera, Sarrionandiak nabarmendu duenez. «Bizkaiko orografia dela eta, dena eskuz egin behar dugu. 18 euroan ipintzea oparitzea da, eta 20an ipintzea ere bai».
Aldaketa erosteko eran
Indaba ekoizleen ifrentzua dira mahats ekoizleak. Txakolina produzitzen dutenek urte ona eduki dute. Berastegi «oso pozik» dago aurtengo uztarekin, eta Gatikako (Bizkaia) Etxebarria upategiko David Etxeberriak fruituaren kalitatea ere balioetsi du, «itzel ona» irizten baitio. Ordea, sagar gutxi jaso dute oraingoan. «Azken urteetan klima aldaketa igartzen ari gara ezer baino gehiago», berretsi du Berastegik. «Aurten, bilketa hamabost egun aurreratu zaigu. Egokitu beharko gara. Lehen, izozteak saihesteko ureztatzen genuen, eta, orain, beroari aurre egiteko. Hori ez da oso ohikoa izan txakolinari dagokionez».
«Indaba garestitu egin beharko genuke, baina saldu egin behar dugu, nahiz eta gutxiago irabazi»
URTZA SARRIONANDIA Igorreko baserritarra
Giroari erreparatuta, ordea, bestelakoa litzateke ondorioa. Indaba, gero eta garestiago egon arren, badirudi saldu egiten dela oraindik, eta azokako postuek jendetza daukate aurrean, betiko legez, saltzaileengana heltzea ia ezinezkoa izateraino. Eta, hala ere, baserritarrengandik etorri da berriro ñabardura. Aiaraldeko (Bizkaia) Okondo okindegiko Nerea Egiluzek hamahiru urte daramatza Gernikako azokara joaten, eta tarte horretan jende kopuruak eta salmentek behera egin dutela nabaritu du. «Urtean hiru azokatara joaten gara eta, oro har, denean jaitsi da. Izan ere, jendearen erosteko modua aldatu egin da». Eta, hala ere, oraindik merezi al die bertaratzea? «Eguna bukatzen denean esango dizut», erantzun du okinak, zalantzati bezain irribarretsu.
Merezi duela irudituko zitzaien Kondimenta Leioako (Bizkaia) espezie ekoizleei, Gernikako azokara joatea erabaki baitute estreinakoz. Pote sorta bat txukun-txukun daukate jarrita, eta askotariko koloreek generoaren aniztasuna iradokitzen dute. Tika masala, garam masala, harissa eta lemon pepper nahasketak topa daitezke, baina badaude osagai ezagunagoak ere. «Kozinatzea gustuko duten jende gazte askok erosten dizkigu, betiko zaporeei beste ukitu bat emateko», aipatu du Jorge ekoizleak. Pikanteetara jotzen dute bereziki, espezie exotikoetara, curry ez hain sonatuetara. «Jende nagusia tradizionalagoa da. Curry tradizionalak gustuko dituzte, tximitxurria...».

Egunak aurrera egin du Gernika-Lumon. Betiko azoka dirudi, baina ondo begiratuz gero aurki daitezke ñabardurak: daborduko poltsa betetzea bezain premiazkoa bilakatu da gerizpea aurkitzea, eta, azaroaren atarian, eguerdiko eguzkiak hustu egin du Merkurio plazako agertokiaren aurreko eremua; inguruko eraikinen itzalean babestu dira Onintza Enbeitaren, Amets Arzallusen eta Ibai Amillategiren bertso saioa entzutera bertaratu direnak. Postuetako toldoen azpian, baikorrak izaten ahalegintzen dira ekoizleak, edozelan ere. «Aurrera egin behar da», ebatzi du Etxeberriak, kemenez.
Landan ez dago-eta modurik klima aldaketaren eraginei muzin egiteko. Batzuk etsipenez ari dira horretaz jabetzen. «Azoketan beti ordaindu beharra dago apur bat gehiago, eta aurten, sikatearekin...», aipatu dio emakume batek lagunari.