Zorte kontua izan daiteke, agian, edo gaztagintza sendo bat dagoen adierazlea, beharbada. Izan ere, Gernika-Lumoko (Bizkaia) urriko azken asteleheneko azokako gazta lehiaketan gailendu direnak ez dira igo estreinakoz Merkurio plazako agertokira. Eulateko (Nafarroa) Remiro gaztandegiko Ricardo Remiro iaz gailendu zen, eta bigarren geratu da aurten; eta oraingo garailea, Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegia, bigarrenez izan da txapeldun Gernikan, 2018an ere lortu baitzuen lehen postua, eta bigarrena 2019an. «Ez nuen espero, baina ongi etorria da. Beti da gustukoa Gernikan edo Ordizian irabaztea», adierazi du Gorka Asurmendik (Galarreta, Araba, 1979).
Ikusi gehiago
Anaiarekin batera sortu zuen Azkarra, 2010ean. Eta urte hartan bertan aurkeztu ziren Gernikako lehiaketara. «Laugarren geratu ginen. Egun hori ez zait ahaztuko: negarrez hasi nintzen agertokiaren atzean. Hunkigarria da zure gazta nabarmentzea beste 70 daudenean».
Gazta ketu batekin irabazi du sariketa. Halako gaztekin parte hartzen dute normalean lehiaketetan. Formatu arrakastatsua da haientzat, bistan da: 2019an, gazta ketuen munduko txapelketa irabazi zuten, 3.800 proposamenen artean gailenduta. Badu alde sinbolikoa ere: aitak erakutsi zien ketzen, eta hartaz akordatu da oraingoan ere Asurmendi, bi semeekin ardiak jezten zebilenean hil baitzen, bihotzekoak jota. «Dena eskertzen diogu aitari».
Lan «esklaboa»
Garaipenaren euforiak ez ditu ogibidearen orbanak ezkutatzen, dena den. Solasaldiaren tonua apaldu egin da Asurmendik sektorearen egoerari heldu dionean. «Lehen sektorea oso kaltetua dago hainbat kontugatik —burokraziagatik, besteak beste—, eta aurten, gainera, lehortea gehitu beharra dago. Ganadua elikatu beharra dugu, bazkan diru asko xahutzen ari gara, eta oraindik hilabete asko geratzen dira». Bokazioa ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta mezu batekin tematu da: lehen sektoreko beharra ez da lana, bizimodua baizik. «Urteak 365 egun baditu, gu 370 edo 380 gabiltza, ganadua egunero bizi delako. Ez baduzu gustuko...».
«Abenduaren azkenetarako produkturik gabe geratzen naiz, apirilean berriro atera arte»
Hori ohartarazten dio semeari. 17 urte dauzka, eta nekazaritza eskolan ikasten ari da. «Negozioarekin jarraitu nahi du; zer egingo dugu, nahi badu... Baina hau behar oso esklaboa da, gauzak diren bezala».
Bezeroek, behintzat, eskertzen diete lan eskerga hori. «Abenduaren azkenetarako produkturik gabe geratzen naiz, apirilean berriro ateratzen dudan arte». Baina, paradoxikoki, beste urte batzuetan pila bat saldu izan duten arren, aurten arrakasta gutxi izan dute. «Orain etorriko zaizkigu erostera...».