Jarraitutasuna izango da nagusi ETBren udazkeneko programazioan

Aurretik estreinaturiko formatuen aldeko apustua egin du Euskal Telebistak, aldaketa handirik gabe. ETB1eko arratsaldeetan, 'Biba zuek!' saioak lau ordu iraungo du. Kiroletan, saskibaloiko ACB liga itzuliko da.

ETBko aurkezleak, gaurko aurkezpenean, Gasteizen. FESTVAL
ETBko aurkezleak, gaurko aurkezpenean, Gasteizen. FESTVAL
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko irailaren 8a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Oso gurea, oso ezaguna eta oso gertukoa den programazioaren aldeko apustua egin dugu». Anafora horrekin laburbildu du Isabel Octavio ETBko zuzendariak Euskal Telebistaren udazkeneko programazioa. Hiru adjektibo horiek betetzen ditu egitarauak, «ezagun» horri dagokionez batez ere, aldaketa handirik gabe baitator udazkena ETBn.

Berritasun nagusia saskibaloiko ACB ligako partiden itzulera izango da. Baziren hamabi urte ez zutela lehiaketa horretako norgehiagokarik ematen ETBn, eta hori aldatu egingo da datorren udazkenean. «Kirolen aldeko apustu sendoa egiteko, Lehen Mailako saskibaloia bueltan ekartzea erabaki dugu», azaldu du Amane Ibañez kirol zuzendariak. Pilotako lau eta erdiko txapelketa, zestako Winter Seriesa eta Munduko Pilota Txapelketa ere izango dira ikusgai udazkenean, baita herri kirolak ere, Kirol herri eta Harri herri saioekin. 

Arratsalde luzeak

Gainerakoan, jarraitutasuna izango da nagusi ETBren udazkeneko eskaintzan, ETB1eko arratsaldeetatik hasita. Izan ere, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak gidaturiko Biba zuek! magazinak ia lau ordu iraungo du zazpigarren denboraldian, arratsaldeko hirurak eta laurdenetan hasi eta zazpiak arte luzatuko baita. «Irailaren 14. egunean» hasita, bi aurkezleek Orioko balearenak bertso ezagunaren doinua erabilita iragarri dutenez, ikusleek arratsalde entretenitua edukitzeko erronka izango dute. Arzallusek onartu du «egunero maratoi bat egitea bezalakoa» izango dela.

Erronka horri heltzeko, kolaboratzaile berri ugari eta sekzio berri andana iragarri dituzte. Amalur izeneko tartean naturari eta ingurumenari dagozkion gaiak bilduko dituzte, Maddi Mendibil abeltzainak, Urko Aristi kazetariak eta beste askok lagunduta. Herriko plaza tartean, berriz, aktualitatea gertutasunez landuko dute. Gastronomiak ere izango du tartea programan, Probatu beharko da izeneko atalean jakiak zuzenean dastatzeko aukera izango baitute aurkezleek.

Sukaldaritzarekin itxiko ditu ETB1ek arratsaldeak, albistegien aurretik Sukalerrian saioa ikusi ahalko baita ordutegi berrian, eguerditik gau partera igarota. Programaren aldaketa bakarra ez da ordutegia izango, aurpegi berria ere izango baitu: Joseba Argiñanoren ordez, Armintz Gorrotxategi arituko da buru-belarri. «Euskaldunok gastronomia maite dugu, eta jakin-min handia dugu; beraz, espero dut programak arrakasta izatea», adierazi du sukaldariak, erronkari gogotsu ekiten diola adieraztearekin batera. 

Hamahirugarrenean, agidanez

Albistegien ondoren, berriz, Mihiluze eta Gaupasa saioen atal berriak emango dituzte. Ilaski Serranok eta Antton Telleriak gidaturiko lehiaketak hiru proba berri izango ditu, eta «haize freskoa» ekarriko dute. Telleria anaiek girotuko dituzte gauak, Julen Telleria anaiaren gidaritzapean, maiatzean hasitako late night show-ak jarraipena izango baitu, eta inoiz baino «dibertsio handiagoa» hitzeman dute bi anaiek. 

Go!azen telesailaren denboraldi berria ere estreinatuko du udazkenean ETBk. Hamahirugarren denboraldia izango du telesailak, eta zaleak gogotsu daude; izan ere, Octaviok iragarri du Zinemaldian egingo den estreinaldirako sarrerak «bi orduan» amaitu zirela. 

Gaztelerazko kateari dagokionez, aldaketa gutxi egingo ditu ETB2k. Saio berri bakarra izango dela iragarri dute, CĂ³mo hemos cambiado izenekoa. Programa nostalgian murgilduko da, «ETBko artxiboaren une gogoangarriak» gogoratuz. Felix Linares oso gaztea zeneko irudiak ikusi ahal izan dira aurkezpen bideoan, programaren logoarekin batera.

Beste aldaketa nagusia En Jake saioan izango da; izan ere, Xabier Lapitz kazetariak ez du programa gidatzen jarraituko, eta, hamaika urteko ibilbidearen ondoren, Miriam Duque izango da haren ordezkoa. Gainerakoan, berritasun gutxi: Vaya Semanita, La Noche de..., Una Historia de Vasconia eta A Bocados saio beteranoek atal berriak aurkeztuko dituzte.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA