Fermin Balentzia (Getze Ibargoiti, Nafarroa, 1948) abeslariaren esku dardartiak lasaitu egiten dira gitarraren sokak ukitu bezain pronto, «Maite zenuen hiriak nahi du zure oroitarria», abestu bitartean. Amorrua eta maitasuna uztartzen dira German Rodriguezen omenaldian, baina Balentziaren ahots leunak bi sentimendu horien arteko mugak lausotzen ditu. Urteroko ekitaldia da abeslariarentzat, baina aurten Pantxoa eta Peiorekin batera igoko da agertokira lehen aldiz. Herriko Tabernan izango da kontzertua, uztailaren 14an, 18:00etan.
Lehen akordeak zuk zeuk egindako gitarrarekin jo zenituen?
Bai, baina hor ez zen akorderik! Segan aritzeko makinaren sokekin eta egurrarekin egin nuen gitarra bat zen. Aitari entzundako abestiak kantatzen nituen: jotak edo mexikarrak.
Nolakoa izan zen agertokira igo zinen lehen aldia?
Donibane mendi elkarteko lagunek antolatutako jaialdian izan zen: Etxamendi eta Larralde, eta Bakartxo Maritxalar egon ziren, besteak beste. Ez naiz gogoratzen zer kantatu nuen, baina oso urduri nengoen.
Oraindik urduri jartzen zara?
Bai, beti... gitarra jotzen hasi arte.
Hori positibotzat hartzen duzu?
Bai. Uste dut horrek esan nahi duela ongi egiteaz arduratzen naizela. Zereginik ez dudanean, ez naiz urduri egoten.
Esan ohi duzu ez duzula zeure burua musikaritzat hartzen. Nola definitzen duzu zeure burua, beraz?
Langilea naiz. Musikaria ez naiz; musikari bikainak daude, batez ere gazteak, nahi duten instrumentua menderatzen dutenak. Agian, kantautorea naizela esan daiteke, nire kantuak abesten ditudalako, baina besterik ez.
«Musikak zerbaitetarako balio badu, entzulea alaitzeko ez ezik, gogoratzeko balio du. Orain entzuten ditudan doinu zahar batzuek nire garaietara eramaten naute, gurasoengana, nire herrira»
Noizbait esan izan duzu zure kontzertuak ez direla denbora pasatzeko tokiak, baizik politika egiteko tokiak. Musika beti al da politikoa?
Ez. Bakoitzak nahi duenerako erabiltzen du musika. Hasieran, nire garaian zeuden beharrei buruzko mezuak helarazi nahi nituen. Egiten ditudan abestiak nire ideiak defendatzeko sortu ditut.
Ideia horiek askotan zentsuratu dizkizute, ezta?
Askotan ihes egin behar izan dut. Gogoan dut kontzertu bat izan nuela Iribasen, Txiki eta Otaegi hil berri zituztenean. Eszenatokira igo, eta esan nuen: «Errepidean noanean, ez diot beldurrik ETAko inori, baina bai Guardia Zibilari». Egundokoa sortu zen! Ihes egin nuen, eta amaren etxean egon nintzen hiru egunez. Etxetik atera bezain pronto, guardia zibil batek harrapatu ninduen, eta amak egindako ogitartekoa lapurtu zidan. Hori izan zen okerrena!
Esandakoaz gain, idatzitako letrak ere zentsuratu zizkizuten.
Bai. Kantuak gobernu zibilean aurkeztu behar nituen, eta, nire izena ikusi bezain pronto, kantak zentsuratzen zizkidaten. Baina orain zentsura beste maila batekoa da. Dagoeneko ez dizute kantak abestea eragozten: zuzenean kartzelan sartzen zaituzte.
«Krabelin gorri bat zara», abesten diozu urtero German Rodriguezi. Nola bizi izan zenuen 1978ko uztailaren 8 hura?
Garai hartan ORTko militantea nintzen, eta arratsalde hartan txanda nuen, Antoniuttin. Iritsi nintzenean, lagun batek esan zidan: «Ez al dakizu ze iskanbila izan den Iruñean?». Ez nekien, baina zuzenean joan nintzen iskanbilara. Iruñeko kaleetan gerra piztu zen: batzuk, pistolekin; beste batzuk, berriz, hitzekin.
Musikarekin Rodriguezen memoriari bizirik eutsi nahi diozu?
Bai. Musikak zerbaitetarako balio badu, entzulea alaitzeko ez ezik, gogoratzeko balio du. Orain entzuten ditudan doinu zahar batzuek nire garaietara eramaten naute, gurasoengana, nire herrira. Hori da musikak duen alorrik politena, beste nonbaitera eramaten zaituela; usaina bezalakoa da abesti baten melodia. Barruan geratzen zaizun zerbait da, beti atseginez edo amorruz gogoratzen duzuna.
Nola zaindu duzu ahotsa agertokira atera aurretik?
Eztarriko minbizia izan nuen; beraz, ahots kordetan horren ondorioak sumatzen ditut. Orain, nire aspaldiko grabazioak entzuten ditudanean, gustatuko litzaidake ahots hori izatea berriz! Baina, tira, ariketak egiten ditut kantatu aurretik.
Ez dituzu zure abestiak disko batean grabatu. Nahiago duzu ahoz aho zabaltzea?
Abestiak grabatzea negozio bat egitearen sinonimoa da batzuetan; beste batzuetan, berriz, jendeak zure abestiak dituela ziurtatzea da. Baina nik uste dut jendeak abestiak izan nahi baditu ahoz aho askoz hobeto zabaltzen direla. Gogoan dut behin kontzertu bat eman nuela Hernani inguruan, eta ni baino mutil gazteago bat zegoela ni entzuten, eskaileretan eserita. La pastora de Ibardin abestu nuen, bera malkoak lehortzen ari zen bitartean. Kontzertua amaitzean, esan zidan kanta hori bere aitak abesten ziola lo har zezan. Horrelako oparitxoak asko maite ditut.
Zuk ez, baina hamar artista nafarrek zure abestiak grabatu eta Gure trobalaria lana atera zuten. Nola hartu zenuen omenaldia?
Kantuetan esan nahi nuena kopiatu dute, eta bikain egin dute. Badakit ez gaudela hemen betiko, eta adinak aurrera garamatzala. Baina zoragarria iruditzen zait pertsona horiek nire abestiak hartzeko gogoa izatea.
LOTSABAKO