'Kartelak.eus' bildumaren jabea

Pablo Tejada Aiala: «Kartelen bitartez Gipuzkoako eta bereziki Donostiako historia ezagut daiteke»

Realaren kartelak gordetzen hasi zen Tejada, eta, jabetu ere egin gabe, jada mila kartel baino gehiagoko bilduma osatu du. Donostiako ekitaldienak dira gehienak.

Pablo Tejada Aiala. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Pablo Tejada Aiala. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askotariko bildumak egiten ditu jendeak. Horietako asko bitxiak, gainera. Pablo Tejada Aialak (Donostia, 1964), esaterako, kartelen bilduma bat dauka gordeta. Etxean jasota zituen hasieran, baina beste toki batera mugitu behar izan ditu, leku faltagatik; mila kartel baino gehiago ditu bildumak. Horiek guztiak digitalizatzen hasi da orain, eta Instagrameko kontu bat egin dio semeak: Kartelak.eus; bertan ikus daitezke halako batzuk. 

Zein izan zen gorde zenuen lehen kartela?

Ez dut gogoratzen lehenengoa zehazki zein izan zen, baina Realaren kartelekin hasi nintzen. Lasarteko hipodromoan egiten ziren lasterketako kartelak gordetzen hasi nintzen ondoren, txikitan aitak hara eramaten baininduen. 

Zer-nolako kartelak dituzu bilduman?

Gehienak Donostiako ekitaldienak dira: estropadak, txirrindularitza, Korrika, Donostiako Zinemaldia, Lilatoia, inauteriak, kaldereroak, danborrada, Lasarteko hipodromoan egiten ziren lasterketak, San Tomas azoka, aizkolarien arteko txapelketak... Nazioarteko kartel batzuk ere baditut. 

Nondik datorkizu kartelen inguruko afizioa?

Egia esan, ez dakit. Realaren kartelak gordetzean, beste kartel batzuei erreparatzen hasi nintzen, eta konturatzerako jada bilduma bat nuen. Gustatzen zait horiek gordetzea; izan ere, kartelen bitartez Gipuzkoako eta bereziki Donostiako historia ezagut daiteke.

Mila kartel baino gehiagoko bilduma osatu duzu. Gaur egungoak ere jasotzen dituzu?

Ez, ez. Duela hamar-hamabost urte erabaki nuen ja gehiago ez jasotzea. Asko okupatzen dute, eta ez dut lekurik ditudanak baino gehiago gordetzeko. Altxor handia da niretzat, baina zama bat ere bai aldi berean.

Tejadaren bilduma osatzen duten kartel batzuk. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Tejadaren bilduma osatzen duten kartel batzuk. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Non eta nola gordetzen dituzu horiek guztiak?

Karpetatan ditut, gaika. Hau da, karpeta bakoitza gai bat da. 

Zuk lortu dituzu kartel guztiak?

Donostia ingurukoak bai, baina lagunek ere eman dizkidate batzuk: esaterako, sanferminetakoak. Beste lagun batek Errusiara bidaiatu zuen, eta handik ere ekarri zizkidan kartelak. 

«Aldaketa handia egon da: diseinuan, grafismoan, babesleetan... Azken finean, gizarteak izan duen eboluzioa islatzen dute»

Gipuzkoakoak nola lortzen zenituen?

Gehienak Viktoria Eugenian, bertan zegoen turismo bulegoan. Ez dut gogoratzen besteak nola lortu nituen.

Nabaritu duzu ezberdintasunik lehengo kartelen eta gaur egungoen artean?

Bai, aldaketa handia egon da: diseinuan, grafismoan, babesleetan... Lehengo babesleak Egin eta Aurrezki Kutxa bezalako enpresak ziren. Orain, berriz, berriak daude. Azken finean, gizarteak izan duen eboluzioa islatzen dute.

Hizkuntzari dagokionez, egon da aldaketarik?

Aizkolarien karteletan argi eta garbi ikus daiteke hori. letrarekin idazten zuten: haizkolariak. Horrelako gauza bitxiak ikusten dira; izan ere, oraindik arauak ez zeuden oso ondo finkatuta.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Soldaduskari buruzko kartelak ere badituzu.

Bai. Niri soldaduska egitea tokatu zitzaidan garai hartan, eta, orain munduan gertatzen ari diren gatazkekin, pentsatu nuen egokia zela Instagrameko kontuan jartzea.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Nolatan hasi zara zure bilduma Instagramera igotzen?

Begira, aurten nire semeak esan zidan zerbait egin behar nuela kartelekin, eta Instagramen kontu bat sortu zidan. Pixkanaka-pixkanaka, gaika jarriz joaten naiz. Duela gutxi, esaterako, Euskal Herriko Itzulia izan da; beraz, horko kartel zaharrak igo ditut. Gauza bera egin dut Realarekin: Espainiako Kopako finala irabazi du, eta 1987an eta 2020an irabazi zituenekoak ere igo ditut. Funtsean, pil-pilean dauden gaien inguruko kartelak jartzen ari naiz.

Aro digital honetan, kartelek balioa galdu al dute?

Egia da geroz eta kartel gutxiago egiten direla, kirolean bereziki. Baina Donostia Kulturak, esaterako, aurten erabaki du berriro kartelak argitaratzen hastea. Aurtengo danborradako kartela argitaratu dute, baita kaldereroena ere. Polita eta sinbolikoa da kartelen aldeko apustua egitea.

Betiko gordeko duzu bilduma?

Segur aski oparitu egingo dut, Donostia Kulturari edo halakoren bati. Nire asmoa da erretiroa hartzen dudanean hainbat erakunderi deitzea, eta komentatzea kartel horiek ditudala, jakiteko ea haiek nahi dituzten edo ez. Jada egin ditut dei batzuk, eta interes gutxi adierazi didate.

LOTSABAKO

Kartelik gustukoena?
Asko ditut: Donostiako lehenengo maratoikoa, Lilatoiko lehenengoa eta Donostiako inauterietako lehenengoa. 1979koa da azken hori.

Zaharrena?
1922ko mapa bat, nire aitaren lagun batek oparitutakoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA