Euskal Herria sakon ezagutzen ari da egunotan Nancy Jimena Flores (Quitugo, Ekuador, 1996). Garabide elkarteak antolatutako Aditu Ikastaroa egiten ari da beste 11 hizkuntza gutxiagotutako hogei aktibista indigenarekin batera. Unibertsitate formakuntza jasotzen ari dira hizkuntza biziberritzeko estrategietan, eta bukaeran proiektu bat aurkeztu beharko dute ikasitakoa 2019. urtean euren komunitateetan nola aplikatuko duten zehazteko.
Nola hasi zinen Radio Iluman irratian parte hartzen?
Kitxua hizkuntzarekiko dudan sentimenduak eraman ninduen bertara. Nire aitona-amonek eta gurasoek kitxuaz hitz egiten zuten, baina nerabea nintzenean nik ez nuen hitz egiten. Lotsa ematen zidan, hanka sartzeko beldurra izaten nuen. Baina aitona-amonek ez dakite gaztelaniaz, eta haiekin komunikatzeko beharra sentitzen nuen. Radio Ilumanen ikastaro batzuetara joan nintzen. Handik gutxira, irratian kolaboratzen hasi nintzen. Aurretik ez nuen beste esperientziarik irratian.
Motibazio bereziarekin aritzen zara Radio Ilumanen?
Kitxua hizkuntza erakustea eta entzuleak sentsibilizatzea gogoko dut; berezia da niretzat. Kichwa shimita yachakushun irratsaioan aritzen naiz esatari.
Zeintzuk dira saio horren edukiak?
Musika andinoa jartzen dugu, kitxuaz. Halaber, kitxuaz ikasteko irrati eskolak ematen ditugu. Facebook Live bidez ere eman ohi dugu saioa. Horren bitartez, herritar askorekin mantentzen dugu komunikazioa, mezuekin eta deiekin. Askotan, pertsona baten urtebetetzea denean, deitu egiten gaitu, eta kitxuaz kantatzeko eskatzen digu. Gure irratsaioa ezagun bilakatu da zorion agurrei eta kantuei esker.
Haurrekin ere lan egiten duzue. Nolako jarrera dute neska-mutikoek irratiarekin?
Haur asko etortzen dira irratianparte hartzera. Hasieran, hizkuntzak bultzatuta etortzen hasi ziren, baina irrati lokuzioak gero eta gehiago maite dituzte. Haurrak dauden tokietara ere joaten gara gu tarteka. Komunitateetara joan ohi gara, zer behar dituzten ikustera. Erakunde publikoek ez badute ezer egiten, gu saiatzen gara laguntza ematen.
Radio Ilumanen emankizunen %80 kitxuaz dira, eta %20, gaztelaniaz. Ekuadortik kanpo entzule asko al dituzue?
Bai, kontuan izan behar da Ekuadorko migrante asko daudela munduan zehar. Facebook Livek asko lagundu digu; sare sozial horren bitartez kitxuaz erakusten dugu, eta, horri esker, interakzio ugari dauzkagu. Irratitik hitz bat esaten da kitxuaz, eta esanahiaz galdetzen zaie Facebooken ikusle daudenei. Harrera ona da oso. Atzerrian bizi diren entzule askok esaten digute etxean bezala sentitzen direla gure irratia entzuten.
Irratiaren helburuen artean lan soziala dago. Nola laguntzen diezue herritarrei?
Adibidez, animaliaren bat galtzen bada, hor gaude. Jaiak edo jaialdiak antolatzen badituzte, horien berri ematen dugu. Gainera, zerbitzu sozialeko saio bat dugu, ordu batekoa. Bertara edonork dei dezake, eta oharrak edo iragarkiak doan egin daitezke.
Irratiak jasotzen al du diru laguntza publikorik?
Ez, Ekuadorko Gobernuak ez digu laguntzarik ematen. Soilik publizitateari esker finantzatzen dugu proiektua.
Aldizkari bat ere bada kitxuaz. Zer garrantzi dute komunikabideek hizkuntzarentzat?
Funtsezkoak dira hizkuntzaren estandarizazioan, entzuleak eta irakurleak egon daitezen. Kontzientziazio lan handia dugu egiteko. Erakunde publikoek babesa eman beharko lukete.
Euskal Herriko egonaldian zerk harritu zaitu? Nola ikusten duzu euskararen alorrean egiten den lana?
Nire bizitzako lehen bidaia da hau Ekuadortik kanpo; esperientzia zoragarria izaten ari da. Ikusi dut euskararekin ez direla pauso luzeak eman, baizik eta pixkanaka egin dela aurrera. Euskara hutsean irratiak, telebista eta egunkaria egotea ederra da. Euskarazko komunikabideak egotea oso polita da. Adibide ederrak dira, eta amesten dut kitxuaz halakoak egitea. Baina ezin gara ametsetan gelditu; esnatu egin behar dugu.
Nancy Jimena Flores. Radio Iluman irrati kitxuako esataria
«Kitxuaz ere euskarazko hedabideak bezalakoak izatea amesten dut»
Kitxuaz emititzen duen irrati bakarrean aritzen da Flores. Nabarmendu du zorion agurrek «erantzun beroa» izaten dutela bere saioan. Ekuadortik kanpo, gero eta entzule gehiago dituzte, Facebook bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu