Ziztor espeleologo taldeko kideak

Aritz Sukia eta Ioritz Karrera: «Kobazuloak leku delikatuak dira, eta ez da komeni jende asko joatea»

Urtarrilean, Zaldibia inguruko kobazuloak miatzen hasi ziren Sukia eta Karrera, eta jada ia 30 kobatan ibili dira. Aurrez informatzea «beharrezkoa» dela iritzi diote, eta kobazuloetan tentuz jokatzeko eskatu dute.

Aritz Sukia Arrieta eta Ioritz Karrera Mendizabal. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aritz Sukia Arrieta eta Ioritz Karrera Mendizabal. ARITZ LOIOLA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Zaldibia
2026ko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lagunarteko zaletasun gisa hasi zena Goierri osoan (Gipuzkoa) ahoz aho zabaldu da dagoeneko. Inguruko kobazuloak arakatzen ibiltzen dira Ioritz Karrera Mendizabal (Zaldibia, Gipuzkoa, 1998) eta Aritz Sukia Arrieta (Zaldibia, Gipuzkoa, 1998), Josu Murua Larrarte lagunarekin batera. Guztia dokumentatzen dute, euren Instagrameko kontuan argitaratzeko (@ziztor_zet).

Zein izan zen bisitatu zenuten lehen koba?

IORITZ KARRERA MENDIZABAL: Urdanozuloko haizpea.

Nolatan hasi zineten kobazuloak arakatzen?

ARITZ SUKIA ARRIETA: Niri aitak aurretik komentatua zidan gaztea zenean Aralarko kobazuloetan ibilia zela. Hark aipatutako kobazulo hura ezagutzeko asmotan, Interneten begiratzen ibili ginen, ea zer zegoen inguruan. Kobazulo hartan sartu ginen, eta gustatu egin zitzaigun.

Zenbat kobazulotan egon zarete dagoeneko?

KARRERA: 25 eta 30 artean. Hemen inguruan ibiltzen gara: Ataun inguruko kobazuloetan, Aralarren, Alotza aldean, Murumendin...

Nola informatzen zarete kobazuloetan sartzeko?

SUKIA: Gehienbat liburuen eta Interneten bidez.

KARRERA: Hala ere, kobazuloaren beraren koordenatuak bilatzea izaten da zailena. Gertatu izan zaigu hara joatea, basoan hiru orduz bueltaka ibiltzea, eta ez aurkitzea. Batzuk oso ezkutuan egoten dira. Gainera, joan aurretik komeni da jakitea barrutik nolakoa den, zenbateko sakonera duen, zer material beharko duzun…

Zuek ere ez duzue kokapen zehatzik ematen.

KARRERA: Hori da. Guk igotzen ditugun bideoetan gutxi gorabehera zer eremutan dagoen jartzen dugu. Leku delikatuak dira, eta kontserbazioa bermatzeko ez da komeni jende asko joatea.

Kobazuloetara joaten zaretenean, badakizue zer topatuko duzuen bertan?

SUKIA: Askotariko kasuak egon daitezke. Liburuetatik eta Internetetik ateratzen dugunez informazioa, kobazuloen kartografia ikus daiteke, mapa baten gisakoa. Irakurrita ere informazio gehiago biltzen duzu. Beste kasu batzuetan, berriz, ez dago informaziorik. Duela aste batzuk, esaterako, Alotza aldera joan ginen. Aurretik ez genekien zer zegoen, eta ikusi genuen hogei metro inguruko zulo bertikal bat zegoela.

KARRERA: Egun batean mendira joan ginen, eta hiruzpalau zulo lokalizatu genituen. Hortaz, hurrengo batean sokarekin joan ginen, baina guk espero genuen zuloa txikia izatea.

Noiz erabaki zenuten zuen esperientziak Instagramera igotzea?

SUKIA: Honen ideia izan zen.

KARRERA: Egun batean esan nien: «Zer iruditzen Instagrameko kontu bat egiten badugu, eta bideoak igotzen baditugu kobazuloetan ateratako argazkiekin?». Baietz esan zidaten, eta asko pentsatu gabe sortu genuen. Are, ez genuen espero hainbeste jendek ikustea. Zeozer serioa baino gehiago, lagunarteko zerbait izan da.

Aralarko lehorteei buruz hitz egin zenuten bideo batean. Nola topatu zenuten inguru hori?

KARRERA: Lareotik gertu dagoen kobazulo bat da, eta bere berezitasun nagusiena da bidean zehar ur putzu handiak daudela, hamabost metro luze eta hamar metro zabal dituztenak. Gerriraino heltzen zaizu ura, eta bospasei putzu oso handi ditu. Maiatzean joan ginen lehen aldiz, eta gerrirainoko ura zegoen, putzu guztiak beteta. Duela hiru aste inguru joan ginen berriz, besterik gabe, nola zegoen ikustearren, eta guztiz lehorra zegoen.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Inoiz aurkitu al duzue espero ez zenuten zerbait?

KARRERA: Euskal Herrian duela 24.000 urte desagertutako hartzen aztarnak ikusi izan ditugu. Hartzen atzaparrak ikusten dira zenbait kobazulotan. Hezurrak ere aurkitzen ditugu tarteka.

SUKIA: Ni bereziki harritu ninduen Intzartzuko koban ikusi genuenak. Bidea estu-estua zen, eta bat-batean izugarrizko galeria batean sartu ginen, eliza baten neurrikoa. Altu-altua eta zabala. Bagenekien galeria bat ikusiko genuela, baina ez genuen espero hainbestekoa izango zenik.

LOTSABAKO

Kobazulorik gustukoena?
BIEK: Intzartzuko koba.

Bisitatuko duzuen hurrengoa?
BIEK: Ondarreko zuloa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA