Krokodiloen aitzindarien berri

‘Crocodylus lucivenator’ izeneko krokodiloak 3,6 eta 4,5 metro arteko luzera zuen, eta 270 eta 600 kilo arteko pisua. Duela 3,4 eta 3 milioi urte bitartean bizi izan zela ondorioztatu dute, Etiopian.

‘Crocodylus lucivenator’ izeneko krokodiloaren eta Lucyren ilustrazioa. TYLER STONE / UNIVERSITY OF IOWA
‘Crocodylus lucivenator’ izeneko krokodiloaren eta Lucyren ilustrazioa. TYLER STONE / UNIVERSITY OF IOWA
itsaso jauregi 2
2026ko martxoaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hiru milioi urte baino gehiago, lehen hominidoek (Australopithecus afarensis) Afrikako paisaia zeharkatzen zuten bitartean, inguruko harrapari nagusietako bat uretan ezkutatuta zegoen: Crocodylus lucivenator. Iowako Unibertsitateko (AEB) ikerketa talde batek harrapari horren aztarnak aurkitu ditu Etiopian. Fosil gehienak eskeletoaren zatiak dira, baina ikerlariek ikusi dute ale batek zenbait lesio zituela masailezurrean, denboraren poderioz partzialki sendatu zirenak: horrek iradokitzen du beste kide batekin borrokatu zela, ikertzaileen arabera. Zientzialariek Crocodylus lucivenator (Lucyren ehiztaria) izena jarri diote krokodiloari, eta lanaren emaitzak Journal of Systematic Palaeontology aldizkarian argitaratu dituzte.

Aurkikuntza ez da bat-batekoa izan, Hadar aztarnategiko (Etiopia) fosilei buruzko hainbat urtetako ikerketaren ondoren baizik. Zientzialariek 121 hondakin fosil aztertu zituzten, besteak beste, garezurrak, masailezur zatiak eta hortzak; horietako asko duela urte batzuk induskatu ziren, eta bilduma zientifikoetan gordeta zeuden, azalpenen zain. Xabier Pereda paleontologo eta EHUko ikerlariak, aztarnategi batera joaten denean, ez daki zer aurkituko duen bertan, baina badaki aurkitzen duen piezarik esanguratsuena holotipo gisa nabarmenduko dela: «Ikertzaileek fosil multzo bat aurkitu dute, baina horien artean badago bat informazio asko ematen duena, garezurra. Horregatik holotipo gisa erabili dute, eta espeziearen erreferentzia izango den materiala dela esan nahi du horrek».

«Garai eta inguru berean bizi ziren biak, eta orduan, seguruenik, krokodiloak gure arbasoren bat jango zuen, aukera izanez gero»

 XABIER PEREDA Paleontologoa eta EHUko ikerlaria

Fosil bat aurkitzen denean, artxibo lana hasten da: orain arte publikatu diren lanak goitik behera irakurri behar dituzte ikerlariek, ziurtatzeko esku artean duten fosilaren ezaugarriak ez dituela inork aurretik deskribatu. Xabier Murelaga paleontologoak askotan bisitatu ditu museoak bertan dauden aleak behatzeko: «Ziurtatu duzunean zuk duzun materiala aurrez ez duela inork inoiz aipatu, orduan esan daiteke beste taxon bat duzula». Taxonak karpetekin konparatu ditu Murelagak. Crocodylus karpeta jada izendatuta zegoen, ez da berria, baina horren barruan dauden krokodilo espezie guztiekin konparatu zituzten fosilak, eta aurkitutakoa desberdina zela ohartu ziren ikerlariak.

Lucyren harrapakaria

Krokodilo izendatu berriak 3,6 eta 4,5 metro arteko luzera zuen, eta, helduek, 270 eta 600 kilo arteko pisua. Narrasti handi horren ezaugarri fisiko berezien artean muturraren erdian dagoen konkor handia nabarmentzen da. Crocodylus du izena, baina azpimarratzekoa da bere abizena: lucivenator (Lucyren ehiztaria). Lucy orain arte aurkitu den arbasorik zaharrena eta osatuena da, eta bide asko ireki zituen gizakiaren eboluzioan sakontzeko. Lucy belardien artean ibiltzen zen, eta krokodilo handia arriskutsua zen uretara hurbiltzen ziren izakientzat.

«Ekosistema horretako harraparirik handiena zen, lehoiak eta hienak baino handiagoa, eta garai hartan han bizi izan ziren gure arbasoentzako mehatxurik handiena», ziurtatu du Christopher Brochu ikertzaileak, Iowako Lurraren eta Ingurumenaren Zientzien Departamentuko irakasle (AEB) eta ikerketaren egile nagusiak. Lucyren aztarnak krokodiloaren aztarnak aurkitu diren lekutik gertu daude, eta horregatik egin dute bien arteko lotura izenean. Baina fosilekin egin diren ikerketen arabera, Lucy segur aski zuhaitz batetik erorita hil zen. «Garai eta inguru berean bizi ziren biak, eta orduan, seguruenik, krokodiloak gure arbasoren bat jango zuen, aukera izanez gero. Uste dut egokia izan dela izen hori erabili izana, horrek ospe handia eman diolako», adierazi du Peredak.

Ikerlari estatubatuarren marketin estrategia ere azpimarratu du Murelagak, Lucyren ospeari esker krokodilo aurkitu berriaren albistea gehiago zabaldu delako: «Krokodiloa ez zen izango arriskutsua lehen hominidoentzat bakarrik, ibai edo laku horietan sartzen ziren animalia guztientzat baizik. Garai berekoak direlako jarri diote Lucyren izena, baina ez du esan nahi Lucy jan zuela». Pliozenoan —duela 5 eta 2,6 milioi urte artean—, Hadarren (Etiopia) aintzirek eta ibaiek bustitzen zuten lurzoru lehorra, eta baso irekien artean bizi izan ziren bi espezieak. Gainera, ikerlariek ondorioztatu dute krokodilo hori izan zela denboran zehar bizirik irautea lortu zuen espezie bakarrenetakoa.

«Horrelako espezie bat aurkitzeak krokodiloen eboluzioan galduta zegoen hutsune bat betetzea dakar. Lagungarria izan daiteke gaur egun Afrikan dauden krokodilo espezieek nola eboluzionatu duten ikertzeko»

 XABIER MURELAGA Paleontologoa

Gaur egun hiru krokodilo familia ezagutzen dira: Crocodylidae (krokodiloak), Alligatoridae (aligatoreak eta kaimanak) eta Gavialidae (gabialak). Talderik zabalena Crocodylidae taldea da, eta, horren barruan, Crocodylus niloticus da (Niloko krokodiloa) generorik ezagunena. Ikertzaileek gaur egungo krokodiloen hezurrekin alderatu dituzte fosilak, eta desberdinak direla konturatu dira. «Artikulu honetan zera esaten dute, ezaugarri morfologiko batzuk aurkitu dituztela, Niloko krokodiloak ez dituenak. Esan daiteke Afrikako antzinako krokodiloen antz handiagoa duela egungo krokodiloena baino», argitu du Peredak. Alde nagusia garezurraren goiko aldean ikus daiteke: begien aurrean duten hezur konkorra. Gainera, sudurraren orientazioa ere desberdina da gaur egungo krokodiloekin alderatuta.

Ezaugarri nahasketa horrek iradokitzen zuen ordura arte ezagutzen ez zuten leinu bat aurkitu zutela. Murelagak azpimarratu duenez, horrek bide bat ireki du krokodiloetan adituak diren ikertzaileentzat: «Horrelako espezie bat aurkitzeak krokodiloen eboluzioan galduta zegoen hutsune bat betetzea dakar. Lagungarria izan daiteke gaur egun Afrikan dauden krokodilo espezieek nola eboluzionatu duten ikertzeko».

Harrapakinen zain uretan isil-isilik murgilduta zegoen harraparia azalera atera da azkenean. Krokodiloaren aztarnak ikertzen jarraituko dute paleontologoek, baina, bien bitartean, Murelagak aurkikuntza paleontologikoen garrantzia nabarmendu du: «Aurkitzen dugun fosil bakoitzeko beste hainbat desagertzen dira, eta, fosilak desagertzen edo galtzen badira, ondare hori ezin da berreskuratu. Erregistro fosila ezinbestekoa da gure historia ezagutzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA