Ilustratzailea

Anne Baskaran: «Lanaren eta ilustrazioaren artean oreka lortu dut, artetik bizitzea zaila baita»

Anne Baskaran ilustratzaileak oso presente ditu emakumeak, landareak eta loreak bere lanetan. Urteetan egin duen lanak fruituak eman ditu, eta harena da aurtengo Gasteizko jaietako kartel sariduna.

ENDIKA PORTILLO / FOKU
ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteiz
2026ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Alde Zaharrean barrena ibiliz gero, bizitasunez beteriko mural bat ikus daiteke Indarra euskal kultur elkartearen egoitzako horman, Anne Baskaran ilustratzaileak egina (Gasteiz, 1996). Txikitatik gustatu izan zaio marraztea, eta, denborarekin, haren bizitzaren parte garrantzitsua bilakatu da. Eduki sortzaile aritzea du ogibide nagusia, eta jardun horrekin uztartzen ditu ilustrazio lanak: jendeari enkarguak egin, eta proiektu ugaritan parte hartzen du.

Zer transmititu nahi izan duzu karteleko irudiaren bitartez?

Jaiak guztionak direla adieraztea da kartelaren ideia orokorra, jaiak bizitzeko modu bat baino gehiago dagoela erakustea. Eszena guztian askotariko pertsonaiak agertzen dira, askotariko ekintzak egiten: musikariak, dantzariak, umeak, buruhandiak, jendea disfrutatzen... Jaiak bizitzeko zenbat modu dauden irudikatzen da, baina badaude beste asko ere. Saiatu naiz abuztuaren 4ko txupinazoa eta Zeledonen jaitsiera eszena bakar batean islatzen.

49 lagun aurkeztu zineten lehiaketara, horietatik bost finalera sailkatu, eta zuk irabazi duzu saria. Nola bizi izan duzu prozesua?

Lehenengo aldia izan da Gasteizko jaietako lehiaketara aurkeztu naizena. Inauterietakora aurkeztu nintzen, eta ez nuen ezer ere lortu; hortaz, ez neukan espektatiba handirik jaietarako. Finalista izateak nahiko ustekabean harrapatu ninduen. Kartela egiteko bi aste nituenez, presioarekin ondo jolastea izan zen gakoa. Denbora gutxi nuenez, ideiak argi eduki, eta aurrera egin nuen ideia horiekin; irabaztea sekulakoa izan da.

Kolaboratzaile lanetan aritzen zara BERRIAn ; gustura zabiltza?

Hilean behin edo bi hilean behin egiten ditut kolaborazioak Mantangorri sailerako, ilustrazioak eginez. Bost urte inguru daramatzat, eta gozamena da: gai bat ematen didate, eta askatasuna daukat nik nahi dudan marrazkia egiteko. Azaleko marrazkia eta aldizkari barruko beste marrazki bat egiten ditut.

Marrazkien mundua txikitatik gustatu zaizu, ala adinarekin piztu zaizu interesa?

Txikitan hasi nintzen marrazten, eta etxean beti eduki izan dut aukera marrazteko; amak erakutsi zidan, eta familian ere egon da artistaren bat. Ondoren, unibertsitatean, profesionalizatu egin nintzen. Izan ere, irakasle batek, lan batzuetan egin nituen marrazkiak ikusi, eta idazten ari zen liburu bat ilustratzea proposatu zidan. Orduan, liburu hori profesionalizatzeko eta marka bat sortzeko abiapuntutzat hartzen dut.

Hortelanos izeneko marketin agentzian egiten duzu lan. Zer egiten duzu zehazki?

Eduki sortzaile aritzen naiz: bezero batzuen sare sozialak kudeatzen ditut irudien, bideoen eta edukien bitartez. Ilustrazioa lan horretatik kanpo dago, baina bi munduen arteko oreka ona lortu dut. Azken finean, gaur egun oso zaila da artetik bizitzea.

Adimen artifiziala geroz eta protagonismo handiagoa hartzen ari den garaiotan, lagungarria ala traba da ilustratzaileentzat?

Nik lanean maiz erabiltzen dut, baina irudi zehatzak sortzeko ez. Kontuan hartu behar da ChatGPTk eta adimen artifizialeko halako tresnek Interneten dagoen informazioa hartzen dutela, eta beste ilustratzaile batzuen estiloa kopiatzeko aukera izaten da. Orduan, horrela erabiltzea ez zait ondo iruditzen. Beste gauza batzuetarako, Photoshopen kartel bat maketatzeko, esaterako, baliagarriak dira adimen artifizialeko tresnak, zentzuz jokatuta betiere.

Ba al duzu beste proiekturen bat bistan?

Gustatuko litzaidake jendearentzat egin behar ditudan enkarguez gain niretzako lan batzuk ere egitea. Adibidez, Gasteizko eszena edo serie moduko bat egin nahiko nuke, nire hiriko serie bat. Hala ere, jaietako kartela egitea nuen helburua orain arte, eta lortu dut. Hemendik aurrera, ikusiko da zer egingo dudan.

LOTSABAKO

Jaietako egunik gustukoena? Abuztuaren 4a. Jaietan, eguneko ala gaueko planak? Egunekoak. Egun beroak edo freskoak? Erdi freskoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA