Txarangaren erritmoan eta koloretako txilabak soinean, ostegun gizenarekin batera ekin diete Tolosako inauteriei (Gipuzkoa). Eguerdian bota dute herriko lau neska gaztek inauteriei hasiera eman dien txupinazoa, Plaza Zaharrean, eta, asteartera bitartean, festa giroa nagusituko da Tolosan. Goizean goizetik nabari zen mugimendua herriko kaleetan, eta pregoia irakurtzerako jendetza bildu da plazan.
Ikusi gehiago: Tolosako inauteriak, iruditan
Hasi da Tolosako Plaza Zaharra jendez betetzen. Gazteak gogotsu daude inauteriak hasteko eta txilaba koloretsuak daramatzate soinean. Ordu erdi barru botako dute hemen jaien hasiera iragartzeko suziria. @berriapic.twitter.com/14rfMFnD0T
— Ane Insausti (@ane_insausti) February 24, 2022
Pregoia irakurri baino lehen, Imanol Rojo eskiatzaileari (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) harrera egin diote udaletxeko balkoian. Herritarrek txalo artean hartu dute eskiatzailea, Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetan egin duen lana goraipatzeko.
Imanol Rojo eskiatzaileari harrera egin diote balkoian. Txalo artean hartu dute Olinpiar jokoetan egindako lana goraipatzeko. @berriapic.twitter.com/pOCIRJ3oDS
— Ane Insausti (@ane_insausti) February 24, 2022
Astelehenean iragarri zuen Tolosako Kabi Alai elkarteak Tolosako herriari emango ziola Kuttuna. Zozketa bidez aukeratu dute nork botako zuen txupinazoa. Horrela, herriko lau neska gaztek bota dute suziria, eta «Gora Kabi Alai! Gora Tolosa!» esanez hasi da festa Plaza Zaharrean. Txaranga doinua nagusitu da herrian, eta herritarrek saltoka egin diete harrera inauteriei.
"Gora Kabi Alai! Gora Tolosa!" esan, suziria bota, eta lehertu da festa. Txaranga doinua da nagusi eta saltoka ari dira Plaza Zaharrera gerturatutakoak. @berriapic.twitter.com/m7FMhQICHy
— Ane Insausti (@ane_insausti) February 24, 2022
Olatz Peon Ormazabal alkatearen arabera, denbora «errekorrean» antolatu dira aurtengo festak, eta ia ekintza guztiei eutsiko diete. Nabarmendu du, gainera, «desberdinak eta bereziak» izango direla; izan ere, COVID-19aren ondorioz, Udalak bertan behera utzi zituen iazko inauteriak. Hauek izango dira, beraz, pandemiaren ondoren Euskal Herrian egingo diren lehen festa handiak.
Alkateak asteon azaldu duenez, «guztion osasuna, ongizatea eta segurtasuna bermatzeko», zenbait neurri hartu dituzte; besteak beste, karrozen arteko distantzia handitu dute, eta zezen plazarako sarrera-irteerak musikarik gabe egingo dituztela iragarri dute. Horrez gain, jendea pilatzen bada maskara jartzeko eskatu dute.