Bazuen Iruñeak festarako egarria. Urtebetez zain egon osteko premia larria. Eta Clint Jean Louis Fernandezek eta Araceli Sergiok «gora San Fermin!» oihukatzearekin eta suziria Udaletxe plazako zeruan lehertzearekin batera hasi dira iruindarrak egarri hori asetzen. Larrialdietako Zuzendariordetzako kide dira Jean Louis eta Sergio, eta haiei egokitu zaie metxa piztea. Joseba Asiron alkatearekin batera atera dira balkoira, eta ohiko formula erabili dute 2026ko festari hasiera emateko, gaztelaniaz eta euskaraz: «¡Pamplonesas, pamploneses, viva San Fermín! Iruindarrok, gora San Fermin!». Horren ostean, Iruñeko txistularien banda atera da, festaren lehen konpasak musikaz janztera.

Txupinazo jendetsua izan da aurtengoa ere. Goizean goizetik eguzkiak berotuta, festazaleek Alde Zaharreko karrikak hartu dituzte hamarretakoa egiteko, eta 12:00etarako ordubeteren faltan, leporaino beteta ageri ziren Udaletxe plazaren ingurumariak. Turistak ere erruz zebiltzan Gazteluko plazan, Estafetan eta San Nikolasen, bidaia agentzien eta tour operatzaileen promozioko kamisetetan bilduta eta plastikozko sangria botilak eskuetan, epel. Arropa zuri dotoreak arrosaz tindatu dira, goizak aurrera egin ahala.
Udaletxe barruan zirenek, berriz, hobeki eutsi diote alkandora lisatu berriaren zuriari. Xanpain kopa eskuetan eta aire girotuak garondoa freskatuta, irri eta algaraka egin diete ongietorria aurtengo sanferminei. Aurtengo gonbidatu instituzionalen artean izan dira Maria Txibite, Nafarroako Gobernuko lehendakaria; Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Elma Saiz, Espainiako Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa; eta Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, besteak beste. Kultur eragile batzuk ere gonbidatu dituzte txupinazoa bertatik bertara ikustera. Han izan da, besteak beste, Zetak taldeko Pello Reparaz ere.
Ikurrina, presoak, Israel
Urtero legez, elkartasunak, lurraldetasunak eta bestelako mezu politikoek ere lehentasunezko tokia izan dute plazan. Aurten, plazaren alderik alde zintzilikatu dituzte ikurrin erraldoi bat eta Independentzia! leloa zeraman Nafarroako bandera bat. Horrez gain, euskal presoak etxeratzearen aldeko bandera ere jarri dute, eta beste pankarta erraldoi batek ere alderik alde zeharkatu du plaza: «Euskal Herria» irakur zitekeen letra larriz, eta aldamenean, ingelesez: «Freedom for the Basque Country».

EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere bi pankarta handi hedatu ditu eztandarako ordu laurden bat falta zela: «Sozialismoa eraiki» irakur zitekeen batean, eta «Destroy Israel» bestean. Izan ere, Palestinaren aldeko mezuak ere usu ikusi dira aurtengo txupinazoan. EHKSren pankartaz gain, sandia itxurako baloi erraldoi batzuk ere atera dituzte plazara —Palestinaren askatasunaren aldeko nazioarteko ikur bihurtu da angurria—, eta Free (aske) eta bakea hitzak irakur zitezkeen bertan.
Poliziaren presentzia ere nabaria izan da Alde Zaharrean. Udaltzainek hesia osatu dute Udaletxe plazarako sarbideetan, eta atzera eginarazi diete botilak, arrautzak eta bestelako janaria zeramatzatenei. Espainiako Poliziak ere kontrol zorrotzak ezarri ditu udaletxearen atzealdean, Kale Nagusian, San Frantzisko plazan eta beste hainbat tokitan.
Aranzadiren suziria, Oinez txokoan
Udaletxe plazatik jaurtitakoa ez da sanferminen hasierako txupinazo bakarra. Nafarroako Ikastolek ere suziri propioa jaurtitzen dute urtero, Taconera parkeko gunetik. Aurten, Aranzadi zientzia elkarteak eman dio hasiera Oinez Txokoaren programazioari, ikastolen txupinazo alternatiboaren metxa piztuta. Ehunka lagun bildu dira —Udaletxe plazan baino giro dezente lasaiagoan—, eta, antolatzaileen arabera, «zientzia, euskara eta auzolana» izan dira ekitaldiaren ardatz nagusiak.
Porrotx pailazoak egin ditu aurkezle lanak. Gogorarazi du Aranzadiko kideek «lurra goldatzen» dutela Euskal Herriaren iraganaren aztarnak aurkitzeko, eta ikastolek, berriz, «euskararen haziak ereiten» dituztela etorkizuna eraikitzeko. Irudi horren bidez azpimarratu du bi erakundeek helburu bera dutela: herri baten memoria eta etorkizuna zaintzea.

Ondoren, Aranzadi zientzia elkarteko ordezkariek hartu dute hitza. Mattin Aiestaran eta Leire Malkorraren esanetan, zientzia eta euskara ez dira bi mundu bereizi, «iturri beretik edaten duten» bi ezagutza bide baizik: «Bata mundua ulertzeko tresna da, eta bestea, mundu hori gure hizkuntzan kontatzeko modua». Irulegiko eskuak, sorioneku inskripzioak eta berriki azaleratu dituzten zeramikazko ontziek euskararen historiari egin dioten ekarpena ere gogorarazi dute hitzaldian.