Iruindar askok buruan duten ideiarekin kontrastean, herritar ortodoxoenek esanen dute festek zortzi egun eta erdi irauten dutela, eta ez bederatzi. Esanen dute sanferminak, izatez, uztailaren 6an erlojuan 12:00ak direnean eta txupinazoa lehertutakoan hasten direla, eta ez lehenago. Baina badago, jakina, hori auzitan jartzerik. Goiz-goizetik, urduritasunak jota esnagailuaren alarma aditu baino are lehenago esnatu diren horien eguneko lehenbiziko keinuetatik ere has baitaiteke sanferminen kontakizuna egiten. Bezperan prest utzitako arroparekin goitik behera zuriz janzteko unea ere bada festaren parte. Eta ezin ahaztu lo hartu ezinik gaua ohean bueltaka eman dutenak. Minutuak bizi-bizi pasatzen diren goiz horietakoa izaten da festen atarikoa, eta nork bere modura bizi du, baina denek dakite lehenbiziko helmuga zein duten. Iragarritako eztanda bat da. Eta askoren poza ere lehertzen da harekin batera.
Ikusi gehiago
09:15 erlojuan, eta Iruñeko Alde Zaharretik zenbait kilometrora diren auzo eta herrietan ere zuriz jantzita dabil jende gehiena harat-honat —usadioak agindu gisara, zapia ez dute oraindik lepoan—. Antsoainen (Nafarroa), esaterako, gutxi batzuk baizik ez dabiltza ohiko arropak soinean. Baina, hain justu ere, halaxe azaldu dira zenbait emakume Beatriz Gaston Lujanbioren farmaziara, sendagai bila. Eta, halere, sanferminak dituzte hizpide etengabe.
«Eromena da. Estresatuta bezala, lasterka dabil jende guztia. Beti berdin!», esan du ilaran lehenbizikoa den andreak. Atzekoak ziztuan egin du baietz buruarekin, eta honela errematatu: «Nik beti esaten dut bihar, San Fermin egunez, hasten eta bukatzen dela urtea. Uztailaren 7an jan beharko genituzke mahatsak!». Marmarrak marmar, irribarre erdi bat ahoan esan dituzte horiek guztiak bi emakumeek.
Ordurako, Txantreako Arriurdineta plazako mahaietan eserita ziren zenbait lagun kuadrilla, gosaritan. Hantxe zen, adibidez, tartarrean, Miguel Muñoz de Leon, gustura. Hori bai: bart gauean bakarrik ez, uztailaren 4tik 5erako gauean ere zailtasunak izan zituen lotarako. «Urduri-urduri ibili naiz, ohi bezala», aitortu du. Dioenez, beti nahiago izaten dute hamarretakoa auzoan bertan egin. «Normalean, hemen gosaldu eta gero ateratzen gara lasterka, txupinazoa botatzen dutenerako Alde Zaharrean izateko moduan. Aurten, hemen ikusiko dugu, eta gero igoko gara festaren epizentrora».

Tripa bete, zer gerta ere
Hain justu, suziria zeruratu aurreko bi orduetan, zientoka herritar dabiltza Alde Zaharrerako norabidea hartuta, presaka bezala. Horren erakusle da hau: 10:00etarako, «epizentrora» ailegatu nahian dabiltzan lagun andana bat ikusitakoak dira Descalzos kaleko igogailu ondoan diren Ana Khadi eta Ane Rodriguez. Babes Zibileko laguntzaile gisa ariko dira lanean festetan. «Esana digute gaurkoa dela okerrena, jende asko-asko pasatzen delako goiz-goizetik. Ea, ba», esan du Rodriguezek. Bien esanetan, pixkanaka baina «etengabe» ikusi dute nola doan giroa berotuz.
Ikusi gehiago
Dena dela, barrenak berotzeko, hamarretakoa egitea da izkin egin ezineko urratsetako bat. Non eta norekin, hori erabakitzea da kontua, gehienez ere. Lepo dira tabernak, lepo Alde Zaharreko hamaika kale: berdin Kale Nagusia, Konpainia kalea eta Jarauta.
Garazi Sanzek, Amaia Garciak eta Ainhoa Urrutiak —Donibane auzokoak dira hirurak— Laba aukeratu dute aurten indarrez kargatzeko, eta, lehenbiziko aldiz, Gazteluko plazan dira festa noiz lehertuko zain. Txupinazoaren eztanda bertan bizitzea da asmoa. «Udaletxe plazara joateko batere asmorik ez dugu. Behin joan nintzen, eta oraindik gogoan dut nola sufritu zuten oinek», kontatu du umoretsu Sanzek. Festa lehertu, eta San Fermin peñara joanen dira segidan.

Eta eszena bitxiak ere uzten ditu festaren leherketaren aurreko tarteak. Eguerdirako hamar minutu eskas falta direla, hara non azaldu diren Kale Berrian lauzpabost lagun —atzerrikoak, itxuran—, nor bere maletatzarra arrastaka, halako harridura keinu bat aurpegian, ordu horretarako halako jai girorik izanen zela espero ez balute bezala.
Akaso, kontua da zenbat eta sanfermin gehiago bizi, orduan eta adituago bihurtzen dela bat. Ibai Zangitu aretxabaletarrak galdua du kontua dagoeneko: ezin lezake esan zenbatgarren aldia duen uztailaren 6 batez Iruñean. «Huts egin gabe zenbat daramatzadan ere ez dakit», kontatu du, alai, San Lorenzo kalean gosaltzen ari delarik. Osoki etorri da zuriz jantzia. «Ikusi duzu? Galtza bakerorik ez!».
Aitortu duenez, aspaldi, aurreneko aldiz etorri baino askoz lehenago sortu zitzaion sanferminetara etortzeko harra. «Gazte-gaztetan, sanferminetan gaupasa eginda azaldu zitzaidan aita udalekuetara bila. Pentsa, ordutik...», ekarri du gogora. Festa egarriz etorri da aurten ere Zangitu, eta horregatik, honako hau du plana: uztailaren 6a, Iruñean; 7a ere bai. «Eta gero gerokoak».