Latina eta greziera, bigarren aldiz ez desagertzeko borrokan

Mendeetan, hizkuntza klasikoak Europako Bigarren Hezkuntzako curriculumen parte izan dira. Azken hamarkadetan, ordea, gain behera joan dira, eta hezkuntza legeetan gero eta esparru murritzagoa dute. Irakasleak eta ikasleak kezkaturik ageri dira.

Aicha Makhloul eta Goiuri Garrote, latineko ikaslea eta irakasela, Gasteizko Federico Baraibar institutuko klase batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Aicha Makhloul eta Goiuri Garrote, latineko ikaslea eta irakasela, Gasteizko Federico Baraibar institutuko klase batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zerua, berba, metafora, idiosinkrasia eta kakofonia. Horra hitz entsalada, baina gauza bat badute komunean guztiek: latinetik edo grezieratik eratorriak dira, Europako hizkuntza klasikoetatik, hain zuzen ere. Edozein herritarrek ez du, beharbada, hori jakingo, baina Bigarren Hezkuntzan bi hizkuntza horiek ikasteko beta izan zutenek ondotxo jakingo dute hitz horiek nondik datozen, eta zer-nolako esanahia duten.

Izan ere, giza zientzien eta Europako ondare kulturalaren osagai garrantzitsu gisa, latina eta greziera, hizkuntza hilak izanagatik, bizi-bizirik mantendu dira Euskal Herriko eta Europa osoko hezkuntza sistemetan, curriculumaren funtsezko atal gisa. Belaunaldi batek bestearen ondoren, Saforen errimak edo Tito Livioren kontakizunak irakurri dituzte jatorrizko hizkuntzan, eta berba mortuei bizi berria eman diete.

Arnasa berri hori, ordea, arnasestu bihurtu da, hizkuntza klasikoak gero eta zokoratuago baitaude hezkuntza sisteman. Garai bateko protagonismoa galdurik, alboratuta geratu dira, aurreiritziek eta lege berriek bazterturik. Latineko eta grezierako irakasleek galdera berbera dute buruan bueltaka, hamarkada askotan bueltan izandako bera: ba al dute hizkuntza horiek hezkuntzan etorkizunik? Zer egin daiteke hizkuntza klasikoak berpizteko eta haiek bigarrenez hiltzea eragozteko?

Gainbehera argia

«Ez dut ezkorra izan nahi, baina egoera konplikatua da» onartu du, baikortasun handiz, Amaia Zubillaga Minak, Ikasketa Klasikoen Elkarteko Nafarroako ataleko presidenteak. Txanponaren ifrentzuan, berriz, askoz ezkorragoa da Maria Jesus Ramirez Diez, elkarte horrexen EAEko ataleko presidentea: «Egoera oso-oso txarra da; gero eta ikasle eta irakasle postu gutxiago daude gure institutuetan, eta, martxa honetan, latina eta grekoa gure hezkuntza sistematik desagertzeko bidean leudeke».

Ikasle bat, latina-euskara hiztegia kontsultatzen. ARETX AMORRORTU
Ikasle bat, latina-euskara hiztegia kontsultatzen. ARETX AMORRORTU

Azken urteetako Espainiako Gobernuaren hezkuntza legeekin kritiko agertu da Ramirez, eta gaur egungo egoeraren erantzuletzat jo ditu. «LOMLOErekin, desastre hutsa izan da. Dena murriztu dute, eta 4. mailan hautazko ikasgai andana jarri dute; ondorioz, askorentzat hizkuntza klasikoetarako sarrera zen ikasgaia, Kultura Klasikoarena, erabat zokoraturik geratu da», deitoratu du. Iparraldeko ikasleek ere ezinezkoa dute latina edo greziera euskaraz ikastea, Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, ez baititu ikasgai horiek eskaintzen. 

«Martxa honetan, ez ninduke harrituko greziera urte batzuk barru gure hezkuntza sistematik at egoteak»

MARIA JESUS RAMIREZ Ikasketa Klasikoen Elkarteko EAEko ataleko presidentea

Kultura Klasikoa soilik ez, Latineko eta Grezierako ikasgaiak ere zokoratuta daude. «Latinaren presentzia oso murritza da Bigarren Hezkuntzan. Ikasle gehienek ez dute latina hartzen, ez dute latina ezagutzen, eta ez dute latina ikasten», deskribatu du Zubillagak, Nafarroari dagokionez. Greziera, berriz, ia erabat desagerturik dago. EAEn, esaterako, grezierako hiru irakasle postu baino ez daude, eta ikastetxe gehienetan, publiko zein pribatuetan, ez da ematen. «Martxa honetan, ez ninduke harrituko greziera urte batzuk barru gure hezkuntza sistematik at egoteak», iragarri du Ramirezek.

Balio handiko ondarea

Gainbehera gorabehera, oraindik ere borrokarako arrazoi franko ikusten dituzte bi irakasleek, eta hizkuntza klasikoen balio pedagogiko eta kulturalarekin konbentziturik ageri dira, baita gaur egun ere. «Guk gaitasun linguistikoak lantzen ditugu, testu asko irakurtzen ditugu, eta oso zailak, gainera. Arlo ekonomiko edo teknologikoa baloratzen da soilik gure gizartean, baina kultura eta hizkuntzak ere inportanteak dira, eta PISAko azken txostenak horixe erakutsi du», argudiatu du Zubillagak.

Latineko klase bat, artxiboko irudi batean. IREKIA
Latineko klase bat, artxiboko irudi batean. IREKIA

Bat etorri da Ramirez, eta PISAren txostena aipatu du hark ere. «PISAko azterketen desastrearekin, DBHn berriro ere latina derrigorrezko izateak asko lagunduko luke ikasleen gaitasun linguistikoak garatzen». Oraingo egoeran, ordea, zaila ikusten du halako aldaketarik. «Ez dago borondate politikorik legea aldatzeko, eta hori da arazo nagusia. Arazoa egiturazkoa da», deitoratu du.

Gaitasun linguistikoak soilik ez, «konpetentzia kulturala» lantzeko ere izan daiteke garrantzitsua mundu klasikoa. Zubillagaren hitzetan, «politikan, zuzenbidean, hiztegian, egutegian... Gure gizartean edonon dago ondare klasikoa, baina ezagutzen ez duguna ez dugu baloratzen. Eta, gaur egun, badago jende asko ez dakiena, esaterako, hitz asko latinetik edo grezieratik datozela».

«Gure gizartean edonon dago ondare klasikoa, baina ezagutzen ez duguna ez dugu baloratzen»

AMAIA ZUBILLAGA Ikasketa Klasikoen Elkarteko Nafarroako ataleko presidentea

Ekarpen positibo horiek guztiak gorabehera, legearen estutasunean nabigatzeaz gain, gizarteko aurreiritziei ere egin behar diete aurre diziplina horiek. «Ikasgai elitista bezala ikusten dira gureak, eliteek ikasten dituzten irakasgaiak balira bezala, eta pertzepzio horrek kalte handia egiten die latinari eta grezierari», azaldu du Ramirezek. Zubillaga ere bat dator gizartearen aurreiritziez mintzatzean, eta adierazi du zaila dela ikasleak konbentzitzea haien familiek eta inguruak haien hautuak mespretxatzen badituzte.

Egon, badaude

Zailtasunak zailtasun, badaude oraindik ere hizkuntza klasikoen hautua egiten duten ikasleak. Horietako bi dira Aicha Makhloul eta Luan Ruarte. Gasteizko Federico Baraibar institutuko ikaslea da bata; Iruñeko Navarro Villoslada ikastetxekoa bestea. Biek ala biek latina eta ekonomia aukeratu zituzten hautazko ikasgai gisa Batxilergoan, baina arrazoi ezberdinengatik.

Makhloulentzat, zalantzak eta jakin-minak bultzaturiko erabakia izan zen. «Zientzian zein letretan ona nintzen, eta ez nekien zer aukeratu. Orduan ikusi nuen giza zientzietako adarrean bazirela sekula eman ez nituen bi ikasgai, latina eta ekonomia, eta horiek ikastea erabaki nuen, berritasunak bultzaturik». Ruartek, berriz, helburua argi zuen: «Nire ideia beti izan da Zuzenbideko Fakultatean sartzea, eta laugarren mailan ekonomia eta latina aukeratu nituen giza zientzietako ibilbideak matematika errazagoak zituelako, eta horrek bidea errazten zidalako. Hasieran, latina eta greziera unibertsitatera iristeko zubi bezala ikusten nituen».

«Esango nuke gizarteak eta hezkuntza sistemak ikasgai hauek gaitzesten dituztela, hein batean»

LUAN RUARTE Bigarren Hezkuntzako latineko ikaslea

Dela jakin-minez edo dela ikuspuntu utilitarioago batez, ordea, biek aurkitu dute latinean liluraturik utzi dituen mundu bat. «Maite dut; besterik gabe, maite dut: hainbesteraino, non Goiurik badaukan hor klasean jarrita nik latinez idatzi nuen testu baten argazkia», adierazi du Makhloulek, distira begietan. Goiuri Garrote Makhloulen irakaslea da, eta elkarrizketan lagundu dio ikasleari, irribarrea ezpainetan. Ruartek ere antzeko maitasuna garatu du denborarekin. «Apurka-apurka, latina pasabide bezala ikusteari utzi nion, eta ikusi nuen klasikoak zerbait ederra, hezigarria, liluragarria zirela. Hein batean, izan ditudan irakasle zoragarriengatik izan da, baina baita ikasgai hauek eskaintzen dituzten irakaspen eta ezagutza eskergengatik ere».

Ikasgaien lilura deskubritzeko bide horretan, ordea, aurreiritziekin topo egin behar izan dute ikasleek. «Egia da nire ingurukoek esaten zidatela zergatik aukeratzen nuen latina, ez ote zen hobe izango zientziak aukeratzea, latinak bizitzan ez baitu askorako balio. Ba, ez dakit aljebrak edo matrizeek beste balio duen, baina hizkuntza bat ikastea ez da inoiz txarra, kontrakoa baizik. Hori erantzuten nien», kontatu du Makhloulek. «Nire ikaskideei esango nieke ikertzeko, beren kasa pentsatzeko eta gizartearen joerei kasu ez egiteko. Mundu berriak daude jakin-mina duenaren eskura, eta klasikoena da bat», bota du aholkua.

«Mundu berriak daude jakin-mina duenaren eskura, eta hizkuntza klasikoena da bat»

AICHA MAKHLOUL Bigarren Hezkuntzako latineko ikaslea

«Esango nuke gizarteak eta hezkuntza sistemak ikasgai hauek gaitzesten dituztela, hein batean», erantsi du Ruartek. «Ikasleok arrarotzat edo aulkilustretzat hartzen gaituzte. Batek baino gehiagok galdetu dit, isekari, ea zer egiten dudan hemen, gauza hauek ikasten. Ez denez zientzietako ikasgai bat, nik uste dut jendeak uste duela ez duela ezertarako balio edo ez duela lan munduan irtenbiderik».

Alta, aurreiritzi horien guztien gainetik, latina eta kultura klasikoa oraindik ere tresna garrantzitsua direla uste du Garrotek, Makhloulen irakasleak. «Nire ustez, kultura klasikoa tresna oso egokia da zubiak eraikitzeko, eta gure kultura klasikoa, Europakoa, jatorri ezberdinetako ikasleen kulturekin konparatzeko. Gero eta jatorri gehiagotako ikasleak ditugu: badira Marokokoak, Kolonbiakoak... Eta kultura klasikoa haienarekin konparatzeak erlatibizatzeko eta loturak egiteko balio lezake», azaldu du.

Etorkizunera begira ere, optimista da Garrote. «Duela urte batzuk, esango nizukeen oso zaila zela ikasleak gure irakasgaiekin interesatzea, gehienak zientzietatik ihesi baitzetozkidan. Gaur egun, ordea, gero eta ikasle gehiago ditut latina berariaz ikasi nahi dutenak. Nik uste dut egunerokoarekin erlazionatu eta gure metodoak gaurkotzen baditugu oraindik ere badugula bizirauteko aukera».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA