Bozaren pozez bozkatu dute. Bozkarioz botatu. Aurreneko aldiz eman diete boza, eta bozkatzeko aukera. Eta baliatu egin dute boza, eta ahotsa: «urduritasunez» eta «erantzukizunez». «Asko dago jokoan». Urnietako (Gipuzkoa) frontoiko hautetsontzietan, giro umelez, aldarte dardartiz, baina duda-mudarik gabe, horretarako propio zita eginda, eta demokraziaren festa ei den horretan parte hartuz, estreinako boza eman du neska gazte kuadrilla batek.
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak emandako datuen arabera, 75.880 euskal herritarrek izan dute aukera Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan aurreneko aldiz bozkatzeko —Gorteetarako 2023ko hauteskundeak hartu dituzte erreferentzia gisa—. Eta Urnietakoak dira horietatik sei: Sara Intza Mujika, Maialen Aranburu, Malen Goñi, Leire Limon, Anitz Jauregi eta Ane Elgarresta. Gaztelo kafetegiaren epelean ari dira gosaltzen. «Bat-batean bururatu zitzaigun: ‘Aizue, eta gelditzen bagara elkarrekin bozkatzera joateko?’», azaldu du Intzak. «Gure lehenengo aldia izanda, are gehiago: horrela, babestua sentitzen zara», berretsi du Aranburuk. Tostada, ahuakate, urdaiazpiko, olio, arrautza, kafe huts, ebaki eta kafesne joan-etorrien artean hartu dute hitza: «Orain nahiko lasai nago, baina emaitzen berri ematen hasten direnean, badakit urduri jarriko naizela. Asko baitago jokoan», esan du Intzak. Halaxe dago Aranburu ere: «Lehen aldia da, eta ez dakit oso ondo nola funtzionatzen duen honek». Urrunago joan da Elgarresta: «Asko dago jokoan; dena dago jokoan. Polarizatuta dago dena erabat: bata edo bestea dago aukeratu beharra».
«Orain nahiko lasai nago, baina emaitzen berri ematen hasten direnean, badakit urduri jarriko naizela. Asko baitago jokoan»
SARA INTZA MUJIKALehen aldiz bozkatu duen urnietarra
Kasu egin diote hauteskunde kanpainari, kasu egin diete hauteskunde debateei... baina ez daude oso konforme ikusi dutenarekin. «Kanpaina desastre bat iruditu zait. Uste dut baliatzen dutela aukera elkarri euren kakak botatzeko, baina inork ez duela behin betiko ezertxo ere esaten. Jolas baten moduan hartzen dute, eta ez da jolasa», kritikatu du Elgarrestak. Arrazoia eman dio Aranburuk: «Ez dute serio hartzen. Ez diote duen garrantzirik ematen». Intzak dio «halabeharrez» tokatzen zaiola hauteskunde kanpainei kasu egitea: «Etxean kazetari bat dudanez [ama], kasu behar izaten diet, bai [barrez]».
Baina ez doaz itsumustuan. Ezagutzen dute sistema. Badakite zer eta zeintzuk aukeratzera doazen. «Espainiako Gorteetan ordezkatuko gaituzten diputatuak-eta aukeratzera goaz. Gehiengoa lortzeko 176 behar dira», azaldu du Intzak. Izan ere, gazteek ere hitz egiten dute politikaz. «Inoiz baino gehiago. Hauteskunde garaia delako, bai, baina bestela ere bai. Nire kasuan, aukeratu dudan karrerarengatik ere bai», nabarmendu Leire Limon Zuzenbide ikasleak. Eta euren artean ez ezik etxean ere politikaz aritzen direla argitu du Anitz Jauregik: «Hitz egiten dugu, bai, etxean ere. Agian, ez hainbeste alderdiei buruz, baina politikaz, bai».
«Kanpaina desastre bat iruditu zait. Uste dut baliatzen dutela aukera elkarri euren kakak botatzeko, baina inork ez duela behin betiko ezertxo ere esaten»
ANE ELGARRESTALehen aldiz bozkatu duen urnietarra
Gazte jendea, «kezkatuta»
Ez diete galdetu eta ez dute esan noren alde bozkatuko duten, baina eman dute pistaren bat. Argi diote «kezka» nabaritzen dutela inguruan, gazteen artean. «Eta normala da: jendeak beldurra dauka», hausnartu du Aranburuk. Kontrapuntua, Elgarrestarena: «Bai, badago kezkatuta dagoen jendea, baina badago irteten dena irteten dela ere berdin zaiona». Limonek ere beste horrenbeste: «Eta badago jendea zer bozkatzen ari den ez dakiena ere».

Mahai gainean jarri duten «kezka» horri buruz galdetuta, bat baino gehiago izendatu ditu Intzak: «Kezka dugu euskaldunak garelako, emakumeak garelako, LGTBIQ+ mugimendua arriskuan egon daitekeelako, publikotasuna bera ere bai...». Limonek laburbildu du kezkaren zergatia: «Funtsean, eskubideak arriskuan daudelako». Eta hausnarketa are kritikoagoa egin du Elgarrestak: «Alderdi batek gobernuan dagoenean egin dezakeenaz harago, uste dut ez dagoela langile klasea ordezkatzen duen benetako ezkerrik. Eta hori bada arazo bat: bozkatzeko orduan, nori bozkatu izan gabe gelditzen zarelako. Ondorioz, batzuek ez bozkatzea erabakitzen dute, nahiz eta nik uste dudan ez dela biderik egokiena». Limonek amaitu du: «Oso une inportantea da. Jokoan dago aurrera egitea edo 30 urte atzera. Horrek urduri jartzen nau».
Amaitu dute gosaria, eta atera dizkiete argazkiak. Frontoira doaz bozkatzera, euripean. Txiki-txiki eginda bukatu duen Voxen gutun azalari buruzko txantxa eta irribarre urdurien artean. Botoak prest dituzte ilaran jarri direnean. «Bi aldiz begiratu dut barruan hautetsontzian sartu aurretik», esan dio alabak amari, bozaren pozez.