Liburuek ere ematen dute arta

Liburu denda solidarioak dira hala Bilboko Libros en Movimiento eta Libu, nola Gasteizko Aida Books: gizartean baztertua dagoen jendeari laguntzea eta proiektu humanitarioak babestea dute helburu. Aleak doan edo merke eskaintzen dituzte.

Zaira Calleja Trevilla eta Luisfer Lopez de Gereña, asteartean, Bilboko Libros en Movimiento liburu dendan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Zaira Calleja Trevilla eta Luisfer Lopez de Gereña, asteartean, Bilboko Libros en Movimiento liburu dendan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Liburuek gainez egiten dute. Apalak ordenatuta daude, alfabetikoki gehienak, eta generoaren eta gaiaren arabera sailkatuta ere bai batzuk, baina, hala ere, Norai elkartearen Libros en Movimiento liburu denda txikian, badirudi nekez sar daitekeela besteren bat, horma denak apalez estalita baitaude, baita pasabide eta txoko ia ezinezkoak osatuta ere. 7.000 ale inguru daude. Erabiltzaile batek egun onak eman ditu, eta zuzenean sartu da lokalaren bazter jakin batera; erabakimen berarekin mugitu da beste bat, handik gutxira. «Batzuk ohiko erabiltzaileak dira, urteak daramatzate etortzen. Ia-ia badakizu zer liburu eramango duten», adierazi du Luisfer Lopez de Gereña liburuzainak. Liburu denda berezi bat da Libros en Movimiento, baina, beste edozeinetan legez, hara sartzen direnek babesleku bat topatu gura dute.

Orain dela hamar urte inguru zabaldu zuten, Bilboko San Frantzisko auzoan. Askotariko egitasmoak ditu Norai elkarteak, eta horietako batzuk kulturarekin lotuta daude. Kultura edozeinentzat eskuragarri ipini nahi dute. Izan ere, Zaira Calleja Trevilla elkarteko Komunikazio eta Berdintasun arduradunak azaldu duenez, baliabiderik ez dutenek nekez eskuratu ahal izango dute hamabost-hogei euroko ale berri bat. Libros en Movimientok doan lortzen ditu liburuak, donazioen bidez, eta musu truk eskaintzen ditu, liburutegien antzera: lagun bakoitzak hiru ale eraman ditzake gehienez bisita bakoitzean, baina ez du txartelik behar, eta ez ditu itzuli beharrik. Iaz, kasurako, 5.000 liburu atera zituzten. Asmoa da liburuak mugi daitezela, izenak berak dioen bezala. «Mundu guztia ez da ausartzen liburutegira joaten», nabarmendu du Callejak. «Kalean bizi diren batzuk ez dira eroso egoten, edo beldur dira gaizki begiratuko ote dieten».

«Irakurtzen duzunean, ahotsak entzuten dituzu, eta buruak lan egin behar du; filmek egina ematen dizute dena»

LUISFER LOPEZ DE GEREÑA Bilboko Libros en Movimiento liburu dendako boluntarioa

Dozena bat boluntario arduratzen dira liburu denda kudeatzeaz, gomendioak egiteaz, entzuteaz. Loturak sortzen dira ezinbestean, eta jendeak errazago husten du barrua tartean liburuak daudenean, Lopez de Gereñaren irudiko. Ia-ia proiektua abiatu zenetik ari da boluntario, eta ederto daki erabiltzaile batzuen joeren eta interesen berri. Anekdotak ere bildu ditu urte horietan guztietan. Samurtasunez hitz egin du behin joan zitzaien erabiltzaile batez: baliabide gutxi izan arren, bost euro utzi zizkien eskupekoen kutxan; gogoan du Balkanetatik zetorren bat ere, zuzenean joaten zena gerrari buruzko obren bila. «Hemen detaile oso kuriosoak ikusi izan ditugu», esan du, irribarrez.

Tonua aldatu du, ordea, gazteez berba egiterakoan. Eleberriak dira libururik arrakastatsuenak, baina, kontrara, gutxik jotzen dute haur eta gazte literaturaren apaletara. «Behin, Asterixen komikiak gomendatu nizkien mutiko batzuei», oroitu du liburuzainak. «Galdetu nien ea pelikula ikusia zuten, eta ea gustatu zitzaien, eta baietz esan zidaten. ‘Bada, liburua da dibertigarriena’, esan nien. Irakurtzen duzunean, ahotsak entzuten dituzu, eta buruak lan egin behar du; filmek egina ematen dizute dena».

Komunitatea sortzea

Itsasadarraren beste aldean zabaldu zuen Zubietxe elkarteak Libu proiektua, Zazpikaleetan. Liburu denda solidarioa da hura ere. Hamar urte egingo ditu abenduan, eta, jada errotuta dagoen arren, proiektuaren arduradun Borja Agirre Miñanak gogoan du luzea izan zela denda abiarazteko prozesua. Zubietxe elkarteak 30 urte daramatza bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden herritarrekin behar egiten —besteak beste, drogazaleekin eta migrazio prozesu gaitzak izan dituztenekin—, baina jabetu ziren erabiltzaileak ez ezik, elkartea bera ere «baztertuta» zegoela, eta horren ondorioz ez zirela gura bezain eraginkorrak. «Orduan, pentsatzen hasi ginen zer egin genezakeen elkartea kalera ateratzeko eta soilik hirugarren sektorean ez egoteko, betiko jendearekin; jende berria ezagutu nahi genuen».

(ID_15276107) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-09-02, Bilbo. Libu liburu denda solidarioa
Bilboko Libu denda solidarioa, asteartean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Saltoki bat jartzea otu zitzaien, beste sektore batean sartzeko aukera emango zielakoan; liburu denda baten alde egin zuten. «Jendeak gustuko ditu liburuak. Proiektuak zerikusia dauka artearekin, gainera, baita ingurumenarekin ere, liburuak bigarren eskukoak dira eta; eta guretzat erraza zen horrelako zerbait abiatzea», aletu du Agirrek. Banakoek, enpresek eta bestelako eragileek donazioan ematen dizkieten liburuak merke saltzen dituzte —banaka erosiz gero, bakoitza hiru euroren truke, eta, hainbat ale erosiz gero, bi euroan—, baina, dirua eskuratzen ez ezik, egitasmoak lanpostuak sortzen ere lagundu die, lanerako formakuntza ematen, eta mezu bat helarazten: «Bazterketa ez da bakarrik baztertuta daudenen kontua, baizik eta gizarte osoaren erantzukizuna». Bete-betean asmatu zuten, arduradunaren hitzei erreparatuta: Libuk harrera «oso ona» izan du hasieratik, eta, era berean, liburu ugari jasotzen dituzte; hainbeste, ezen arazoak baitituzte guztiak kudeatzeko. Arlo ekonomikoari dagokionez, ordea, bestelakoa da balorazioa. «Gaur egun, liburu dendak ez dira negoziorik hoberena, baina hamar urte hauetan eutsi egin diogu, eta beti agertzen da laguntzeko prest dagoen jendea».

«Libun ibilitako batzuek beren bizitza egin dute jada. Egia da jende gutxi dela, eta lanpostuak sortzea ez da helbururik inportanteena, baina sekulako laguntza izan da haientzat»

BORJA AGIRRE MIÑANA Libu proiektuaren arduraduna

Yeri Porrua filologoa arduratzen da liburu dendaz, sortu zenetik. Harekin batera, Zubietxe elkarteko hiruzpalau erabiltzaile egoten dira kontratupean, eta txandaka aritzen dira: batzuk lokalean bertan, eta beste batzuk aparteko lanak egiten; besteak beste, sareko denda kudeatzen. «Libun ibilitako batzuek beren bizitza egin dute jada. Egia da jende gutxi dela, eta lanpostuak sortzea ez da helbururik inportanteena, ez baitugu modurik hala izan dadin. Baina Libu sekulako laguntza izan da haientzat». Beste askorentzat, topagune bilakatu da, sarritan antolatzen baitituzte olerki errezitalak, liburu aurkezpenak, ikastaroak eta bestelako ekintzak. «Komunitate txiki bat sortzen ari gara proiektuaren inguruan», ebatzi du Agirrek.

Hain justu, komunitate hori handitzea eta askotarikoagoa egitea da proiektuaren helburuetako bat. Alde horretatik, bazkideak lortzeko kanpaina bat abiatuko dute hilabete honetan. Bestalde, nolabaiteko sare bat ere osatu nahi dute enpresa munduarekin, eta beste kanpaina bat prestatzen ari dira enpresekin kolaborazioak lortzeko. «Ideia pila bat daukagu: liburuak eskaintzea opari, haientzat ekitaldiak antolatzea... Ezagutzen ez dugun mundu bat ezagutzeko modua izango da guretzat, haiengandik gauzak ikasteko modu bat». Habia berrian garatuko dituzte asmo horiek, edozelan ere: apirilean lokal berria inauguratu zuten, lehengoaren aurre-aurrean. «Yeriren ideia izan zen tokiz aldatzea. Hasieran zalantzak geneuzkan, lehengo lekua maitagarria zen eta, kobazulo sekretu bat bezalakoa». Baina fruituak izan ditu aldaketak: bezeroek txalotu dute, salmentak igo egin dira, eta orain leku gehiago dago jarduerak egiteko. «Sekulako lana izan da, baina merezi izan du».

Hasiera indartsua

Libros en Movimiento eta Libu egonkortuta daude; Gasteizko Aida Books, aldiz, lehen urratsak egiten ari da. Martxoan zabaldu zuten, Alde Zaharrean. Ematen dizkieten liburuak ipintzen dituzte salgai, halaber, baina jasotako dirua Aida gobernuz kanpoko erakundearen kooperazio proiektuetarako erabiltzen dute, eta boluntarioak arduratzen dira dendaz, ez langileak. Sare zabala dute dagoeneko: 2009an ireki zuten lehen denda, Segovian (Espainia), eta Gasteizkoa da Euskal Herrian ipini duten aurreneko kimua. «Gasteizek eta oro har Euskadik ondo errotutako tradizio solidarioa daukate, eta ez geneukan presentziarik han», esplikatu du Maite Lopez Presa Aida Booksen koordinatzaileak. Nabarmendu du gisa horretako egitasmoak azkar sustraitzen direla hirietan; ondo nahasten dira-eta inguruko eskaintza kulturalarekin.

«Gasteizek eta oro har Euskadik ondo errotutako tradizio solidarioa daukate, eta ez geneukan presentziarik han»

MAITE LOPEZ PRESA Aida Books proiektuaren koordinatzailea

Proiektu humanitarioak babesteko erabiltzen dute liburu dendetan lortutako dirua. «Drama batzuk beti gertatuko dira, eta funts propioak behar dira laguntzen jarraitu ahal izateko». Ginea Bissau jarri zuten jomugan aurrena: kardiopatiak dituzten hango haurrak Europako ospitaleetan artatzeko proiektu baten harira sortu zuten Segoviako liburu denda, eta, ordutik hemezortzi estatutan lan egin duten arren, Ginea Bissaura bidaltzen dute Aida Books sareko dendetan bildutako dirurik gehiena —herrialde horretan dago Aida erakundearen delegaziorik handiena—. Egitasmo soziosanitarioak abiatzen dituzte gehienbat, Lopez Presak zehaztu duenez. «2020an, aniztasun funtzionala duten haurrei babesa emateko zentro bat eraiki genuen. Ginea Bissaun,  garapen neurologikoari lotutako beharren bat duten haurrak ezkutatu egiten dituzte, eta haien amak, berriz, baztertu. Zentro horretan, azterketa medikoak egiten dituzte, fisioterapia eta logopedia zerbitzuak eman...».

Liburu dendak hilabete gutxi batzuetako ibilbidea baino ez duen arren, Lopez Presa pozik dago hastapenekin. «Oso ondo hasi du bidea, eta denda gero eta hobeto dabil. Taldea pozik dago. Apalak beteta daude». Badituzte bezeroak, badituzte salgaiak eta berrogei boluntario inguru aritzen dira dagoeneko liburu dendako txandetan.

(ID_15262548) (Raul Bogajo/@FOKU) 2025-08-29, Gasteiz. Aida Books liburu denda solidarioa
Martxoan zabaldu zuten arren, Gasteizko Aida Books liburu denda solidarioak donazioz lepo ditu apalak dagoeneko. Irudia ostiralekoa da. RAUL BOGAJO / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.