Yangzi ibaia Amazonas eta Nilo ibaien atzean dago; munduko ibai luzeen zerrendan hirugarrena da, alegia. Ibai Urdina deitura ere jaso du Txinako ibaiak, eta bere arroa ia bi milioi kilometro luze da, eta urez hornitzen du herrialdearen %40. Ibaiaren erdialdean Qutang, Wu eta Xiling izeneko hiru haitzarte natural daude: Hiru Arroilak. Bertatik ateratzen zen ur guztia pilatzeko urtegi handia eraikitzen aritu ziren 1994tik 2012ra. Yangziren jarioa aldatu egin zen, eta 39.300 milioi metro kubiko ur har ditzakeen urtegian pilatu ziren ur urdinak, NASAren datuen arabera. Masa hori guztia puntu berean pilatu da, eta presio egin dio planetari. Ondorioz, planetaren azalera milimetrikoki lagatzen da, Lurreko ardatza okertu egin da, eta egunak luzatu, 0,06 mikrosegundo besterik ez bada ere. Arazoa ez da bolumena, ura pilatzen den tokia baizik.
Txinan presa handi bat egiteko ideia 1930etik aurrera hasi zen zabaltzen; azterketak egiten hasi ziren, eta 1944an egin zuten proiektu handiaren lehen planteamendua. Plan horiek alde batera utzi zituzten, eta XX. mendearen amaieran berreskuratu. 1993an «hainbat helburutarako» presa egiteko proposamena onartu zen; presa horren hiru helburu nagusiak uholdeak kontrolatzea, nabigatzea eta energia ekoiztea ziren.
Hasieran aurkeztu zen planaren arabera, presak 185 metroko altuera eta 2.310 metroko luzera izan behar zituen; zementuzko bloke baten diseinua aurkeztu zuten, 39.300 milioi metro kubiko ur pilatzeko gai izango zen urtegia. Azkenean, presak 2.209 metroko luzera du. Lehen energia sorgailua (iparraldean) 2003ko uztailean hasi zen lanean, baina hori lortzeko, bertako biztanleak kanporatu behar izan zituzten; eraikuntza fasean 1.200.000 biztanle baino gehiago lekualdatu zituzten, eta hori azaltzen duen dokumental bat ere egin zuten: Sanxia haoren (Natura hila). Presa handiaren obra 2006ko maiatzaren 20an amaitu zen ofizialki: 11 urte, 27.000 langile, eta 100 milioi metro kubiko lur baino gehiago lekualdatu zituzten, eta 630 kilometro koadroko azalera urperatu zuten.
NASAren arabera, Hiru Arroilen presa hain handia denez eta urez beteta dagoenez, Lurraren errotazioa moteldu egin du. Baina ez da ustekabean izan, agentziak 2005ean iragarri baitzuen hori: «Presa urez betetzean, masa aldaketaren ondorioz, baliteke eguna 0,06 mikrosegundo luzeagoa izatea; Lurrak forma biribilagoa izango luke erdialdean, eta lauagoa goialdean. Ardatzaren posizioa bi zentimetro aldatzea gerta daiteke». Eta hala gertatu da.
Proiektuak, oro har, presa bera, zentral elektrikoak, garraioa eta horiekin lotutako beste eraikin batzuen eraikuntza barne hartzen ditu: guztira 27,47 milioi metro kubiko hormigoi ditu. Horrek esan nahi du 42.000 milioi tona inguruko pisua duela. Pisu horrek eragin du Lurraren ardatza mugitzea, Virginia Garcia astronomoak argitu duen bezala: «Presa izugarri handia egin dute Txinan, eta, hala, ur masa erraldoi bat pilatu da Lurraren eremu zehatz batean, eta horrek pixka bat desorekatu du planetaren masaren banaketa».
Ur masa
Masa bat Lurraren biraketa ardatzetik zenbat eta urrunago egon, orduan eta gaitasun handiagoa du biraketa moteltzeko. Efektu horren eragilea inertzia momentu izeneko magnitude fisiko bat da, eta gorputz batek bere errotazioko aldaketen aurka egiten duen erresistentziari egiten dio erreferentzia. Objektu batek zer masa kantitate duen, eta masa hori biraketa ardatzarekiko nola banatzen den, handiagoa ala txikiagoa izango da objektu horren inertzia momentua.
NASAko ikertzaileek patinatzaile baten mugimenduekin alderatu dute: patinatzaile artistiko batek bere besoak gorputzetik hurbil gurutzatzen baditu, haren biraketa abiadura handitu egingo da; aldiz, besoak zabaltzen baditu, haren abiadura nabarmen motelduko da. Lurra ere alda daiteke masaren banaketan izandako aldaketen ondorioz, batez ere masa ekuatorerantz higitzen bada. Ur kantitate handi bat biltzean, Lurraren inertzia momentua handitu egiten da. «Egin diren ikerketa batzuen arabera, poloak desegiten badira, Lurraren biraketaren ondorioz askatuko duten ur masa guztia ekuatorearen inguruan pilatuko da. Horrek ere mugitu dezake Lurraren ardatza», aipatu du Garciak.
Beraz, presa eraiki duten lekua oso lotuta dago ardatzaren mugimenduarekin. Hiru Arroilen presa ekuatorean egongo balitz, hobeto zabalduko zen masa guztia, baina pilatutako ura latitude nahiko altuan dagoenez, Lurra gehiago inklinatzen du, pisuarengatik, masaren distribuzioarengatik. Horrek eragina izan dezake egunen iraupenean, batetik —0,06 mikrosegundo luzatuko lituzke—, eta eguzki izpien angeluan, bestetik. Horrela azaldu du astronomoak: «Udan Lurraren ardatza eguzkirantz inklinatuta dagoenez, eguzki izpiak zuzenean iristen dira gure planetara, eta horregatik ditugu tenperatura altuagoak. Neguan, berriz, izpiek zeharka jotzen dute. Ez dute planeta hainbeste berotzen, eta horregatik ditugu tenperatura hotzagoak neguan». Ardatzaren mugimenduak tenperaturan ere eragina izanen luke, beraz.
Etengabeko mugimendua
Lurraren ardatza lekuz aldatzea normala da, etengabe mugitzen ari baita. Ardatzaren orientazioa ez da finkoa: ziklikoki aldatzen da 25.770 urte inguruko epean. Mugimendu horri ekinokzioen prezesio deritzo. Astronomoak aipatu duenez, ardatzaren mugimendua «oso motela» da, ia hautemanezina. «Lurra ez da esfera perfektua. Bere ardatzaren inguruan biratzen denean, ipar polotik hegoaldera zeharkatzen duen lerro ikusezina kolokan jartzen da», azaldu zuten NASAko ikertzaileek 2018an argitaratutako Scientists ID three causes of Earth’s spin axis drift artikuluan (Lurraren biraketa ardatzaren mugimenduaren hiru kausa identifikatu dituzte zenbait zientzialarik).
Lurraren ardatza etengabe mugitzen ari denez, Iparrizarra ere aldatu egiten da. Iparrizarra Lurraren ardatzaren gainean dagoen izar bat da, horregatik esaten da iparraldea seinalatzen duela. Ipar poloaren ardatza izarretaraino luzatuko balitz, ardatzak ia-ia ukituko luke Polaris Iparrizarra. Hala ere, Polaris izarrak ez du beti iparraldea seinalatu, Garciaren esanetan: «Egiptoren garaian Iparrizarra ez zen gaur egungo Polaris, baizik eta Thuban izarra, Dragoiaren konstelaziokoa. Eta etorkizunean Deneb izarra izango da, Lyra konstelazioan dagoena». Mugimendu horiek ez dira nabaritzen, eta Polaris Iparrizarra izango da urte luzez, baina Lurraren inklinazioa aldatu den seinale da.
Lurraren ardatzaren mugimendua naturala da beraz, baina oso epe luzeetan. Presaren ondorioz ardatza bi zentimetro mugitu da, eta horren ondorioak oraindik ezezagunak dira astronomoarentzat: «Ez dakigu zer nolako ondorioak izango dituzten etorkizunean eskala handiko halako eraikuntzek, orain arte ez baikeneukan gaitasunik horrelakoak egiteko». Lurraren ardatza aurreko posiziora bueltatzeko bide bat presa hori desegitea dela uste dute ikerlari batzuek, uraren masa banatu dadin.