Hartu saski bat eta hiru elementu sartu barnean: gastronomia, kultura eta natura. Nahasi, eta osagai bakarra aterako da azkenean: Mahasti Artean jaialdia. Orain sei urte hasi ziren Bizkaiko Txakolina jatorri deiturako kideak egitasmoa antolatzen, eta, geroztik, urtero-urtero egiten dute ariketa bera: mahasti leku bat aukeratu, kultur eskaintza prestatu, eta egutegiko hiru egun bereizi. Gaur, bihar eta etzi eginen dute aurtengo Mahasti Artean; zehazki, Urdaibaiko Talleri Berria upategian (Morga, Bizkaia).
19:30ean izanen da gaurko lehen eta azken ekitaldia: Jon Plazaolaren Tu-Tum, Platz! bakarrizketa. Bihar hasiko dira hurrengoak, goizean yoga saioa eta arratsean kontzertu gaua: Belako eta Mikosis. Egitaraua etzi bukatuko da, Mahasti Gourmet saioarekin. «Ekitaldi kultural asko eskainiko ditugu, baina den-denetan argi utziko dugu protagonista bat eta bakarra dela: txakolina», erran du Maider Zalduondo Bizkaiko Txakolina jatorri deiturako komunikazio arduradunak.
Zalduondok gogoan du nola hasi zuten Mahasti Artean jaialdiaren bidea: «Txakolinaren mundura ekarri nahi genuen jendea, eta, aldi berean, euskaldunon kulturaren ardatzak sustatu eta goraipatu nahi genituen». Euskal Herriko gastronomiaren parte da txakolina, baina urrun gera dakioke hainbat euskal herritarri. Hortaz, jatorri deiturako kideek interesa duen ororen eskura jarri nahi dute txakolinaren mundua, «astebururako plan polita izan daitekeelako gainera».
Txakolina egiteko, ordea, modu anitz daude, eta Zalduondok zehaztu du haiek aukera jasangarriaren alde egiten dutela, eta hori bultzatzeko modu bat ere badela jaialdia bera. «Gure inguruan hamazazpi upategi aritzen gara ekoturismoan, eta garrantzitsua iruditzen zaigu hori erakustea».
Jaialdia egiteko data ez da ausaz aukeratutakoa; izan ere, oraintxe daude mahastiak politen eta ederren, Zalduondoren arabera. «Mahats biltzea oraintxe hasiko da, eta mahastiak oso-oso politak daude orain; toki ikusgarria da zinez». Leku eder horri musika eta txakolina gehituz gero, are ederragoa bihurtzen da parajea.
Jaialdi ibiltaria da Mahasti Artean, eta, beraz, urtero aldatzen dute lekuz. Aitzineko aldietan Gorbeian, Enkarterrin eta Txorierrin izanak dira, bertzeak bertze, baita Urdaibain ere, baina ez aurtengo leku berean. «Bageneukan Urdaibaira itzultzeko gogoa, baina beste mahasti batzuk aukeratu ditugu seigarren aldi honetarako, lekuz leku eta errepikatu gabe ibiltzen saiatzen baikara», kontatu du Zalduondok.
Ikusle eta parte hartzaile kopurua mugatua izanen da aurten ere. Yoga saiorako, erraterako, 30 toki egonen dira libre, eta kontzertuetarako, berriz, 160-180 inguru. Sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira, webgunean bertan. Arrazoi bat dute horretarako, komunikazio arduradunak erran duenez: «Ekoizleak ezagutu ditzaten nahi dugu, eta, jende ugari baldin badago, ezinezkoa da hori. Tokiak mugatuta, parte hartzaileei aukera ematen diegu ekoizleak ezagutzeko eta haiekin biltzeko».
Autobus zerbitzua
Egonaldia errazte aldera, garraio publikoa eskainiko dute hiru egunetarako. Autobusak jarriko dituzte joan-etorria egiteko, eta ekitaldi bakoitzak bere autobus propioa izanen du. Halaxe azaldu du Zalduondok: «Txakolinaren bueltan izango garenez, ahal dela parte hartzaileek autoa ez hartzea nahi genuke, alkoholarekin-eta ezustekorik ez izateko». Autobuserako txartelak ere aurrez erosi beharko dira.
Eskualdeko jendea joaten da normalean jaialdira, baina denetik izaten dela kontatu du Zalduondok. Bilbotik jende anitz joaten da, eta aurten ere halatsu izanen dela aurreikusten dute taldekideek. «Jende askori interesatzen zaio txakolina, eta tokian tokiko jende asko etortzen da urtero».