Ikus-entzunezkoak

Martxan da Primeran plataforma

Zerbitzua 'www.primeran.eus' webgunean, telebista konektatuetan eta gailu eramangarrien aplikazioan erabili ahal da. Doakoa da, baina erregistratu egin behar da.

Primeran plataforma. EITB
urtzi urkizu
2023ko irailaren 14a
11:25
Entzun

Euskal edukiak denentzat eskuragarri jarriko dituen plataforma digital berria. Hala definitu du EITBk Primeran plataforma. Azkeneko bi urteetan horretan aritu dira lanean, eta martxan dago plataforma. «Euskara eta euskal edukiak zabaltzeko filosofiarekin jaio da, mundura zabalik dagoen euskal leiho berria izateko», azaldu du EITBk. www.primeran.eus webgunean erabili ahal da, eta plataformaren aplikazioa deskargatu daiteke telebista konektatu gehienetan eta telefonoetan —Google Play eta iOS gailuetako dendetan deskarga daiteke, doan—. Hain zuzen ere, doakoa da Primeran plataforma. Edukiak ikusteko, dena den, erregistratu beharra dago.

Plataformaren katalogoan 3.000 atal edo film baino gehiago daude ikusgai. Horietako gehienak euskaraz ikus daitezke, euskarazko audioarekin edo euskarazko azpidatziekin. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak ekainean BERRIAri azaldu zionez, edukiaren %99 egongo da euskaraz ikusgai.

Plataforma mundu osoan erabil daiteke. Hau da, munduko herrialde guztietako euskaldunek ikusi ahalko dituzte bertako edukiak. Besteak beste, Euskal Herriko filmak, nazioarteko telesailak, askotariko dokumentalak, sukaldaritzarekin lotutako lanak, musika eta haurrentzako edukiak eskainiko dituzte Primeran plataforman. Gainera, plataformarentzat propio sortutako eduki esklusiboak ere iritsiko dira datozen hilabeteetan.

EITB hasi da Primeran plataformaren inguruko informazioa zabaltzen. Komunikazio kanpaina bat ere abiarazi dute, eta atzo globo bat jaurti zuten Gasteizko Plaza Berritik. Plataforma berriaren aurkezpen kanpaina lantzeko irudiak grabatuko ditu globo horrek, eta sinbolizatuko du Primeran plataformak euskarazko edukiak mundura zabalduko dituela.

Primeran aurkezteko ekitaldi ofizial egingo dute, bestetik, hilaren 21ean, Donostian.

Sustatzaileen xedea da Primeran ez izatea soilik EITBren plataforma, eta Euskal Herriko beste eragile batzuei zabalik egotea. Izan ere, Tokikom elkartearen hainbat edukirekin abiatuko du ibilbidea plataformak. Euskal eduki, kultura eta ekoizleei proiektua izan nahi du Primeran plataformak, eta datozen hilabeteetan musika, antzerki eta beste kultur adierazpenetako edukiak egongo dira katalogoan. Euskadiko Filmategia ere laguntzaileen artean egongo da. Era berean, Donostiako Zinemaldian azkeneko urteetan sarituak izan diren hainbat film jarriko dituzte plataforma digitalaren katalogoan.

Viaplay Eskandinaviako plataformaren hainbat telesail eta film Primeran plataforman ere jarri dituzte; jatorrizko bertsioan ikus daitezke, euskarazko azpidatziekin.

‘Itxaso’ telesaila, 28an

Primeran plataforman Euskal Herriko askotariko ekoizpenak ikusi ahalko dira. Horien artean, atzo bertan estreinatu zuten Porno belaunaldia dokumental saioa, euskaraz —ETB2k gaztelaniaz emango du, hilaren 18tik aurrera—.

Bestalde, iaz ETBrentzat grabatutako Itxaso telesaila Primeran plataformak estreinatuko du hilaren 28an; lehen atalaren aurrestreinaldia Donostiako Zinemaldian egingo dute, 27an. Antonio Diaz Huerta da telesaileko zuzendaria, eta aktore protagonistak Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza eta Jon Mendia dira.

Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza Itxaso telesaileko aktoreak. /EITB

Bestelako lan berriak ere iritsiko dira Primeran plataformara: Izaro: Limoiari eztia eta Iribar, atezaina dokumentalak, Ura Bere Bidean musika ikuskizuna eta beste hainbeste. Laster jarriko dituzte Baserritik basamortura dokumentala eta Vaya semanita: 20 urte lana ere.

Primeran plataformako arduraduna Alex Gibelalde da —Google eta Twitter konpainietan egin du lan, besteak beste—. Duela hilabete batzuk iritsi da EITBra, plataformen arduradun gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.