«Desagerpenen, indarkeriaren eta diktaduraren errepresioaren dolua itxi gabeko zauria da, belaunaldiz belaunaldi igarotzen ari dena. Memoria ez da iragana, oraina eta etorkizuna eraikitzeko oinarria baizik». Hala esan du Joxe Luix Agirretxek, Etxetxo talde memorialistaren kideak, gaur eguerdian, Lezon (Gipuzkoan), lehen izenik ez zuen baina gaurtik Oroimenaren Plaza izena duen tokian —Gurutze Santuaren Plazatik oso gertu dago—. Han omendu dituzte frankistek Lezon hildako 53 herritar. Han bertan, biktima batzuen senideek jaitsi dute ikurrina, bistaraziz hildako haien izen-abizenak eta Jon Etxebestek idatzitako bertsoa, marmolezko panel handi batean.
Bertso hori bera kantatu du Etxebestek: «Hogeita hamaseiko/ berrogeita hamahiru min/ milaka eta milaka/ biktimen lagin/ argitara emana/ garden bezain gordin/ duintasuna bego/ izenotan duin/ gertatua arin/ azaldu, galdegin/ egia, eragin/ justizia egin/ ahanzturaren itzal/ bihur ez dadin». Frankismoaren biktima haien izenak irakurri dituzte Julen Mogollon eta Maddi Palacios gazteek, dantza finean ari zirela Ihintza Erauskin eta Mikel Esnaola. 53 haietako 30 lezoarrak ziren; matxinatu faxistak geldiaraztean Jaizkibel magalean eta Gaintxurizketa kaskoan sorturiko borroketan hil ziren beste bost; eta beste hemezortziak Jaizkibelgo errepidearen eta Gaintxurizketako bunkerren eraikuntzan esklabo bihurtutako bortxazko langileak izan ziren.
Frankistek esklabo eramandako haietako batzuk Herrialde Katalanetakoak, Galiziakoak eta Espainiakoak ziren. Hain zuzen ere, Kataluniako eta Getafeko (Espainia) hainbat lagun izan dira Lezon, baita Ipar Euskal Herrikoak ere, eta haiei ongietorria eman die Itxaso Bikuña Etxetxo taldeko kide eta ekitaldiko aurkezleak.

Musika ez da falta izan ekitaldian. Txalapatariak, txistulariak... Iñaki Labaka musikarien kantak memoriari lotutakoak izan dira, eta Sutargi herriko abesbatzak kantatutakoek txalo beroak jaso dituzte. Bete-betea egon baita plaza, belaunaldi desberdinetako herritarrekin. 103 urteko andre bat ere han izan da, hunkituta: Rosa Garcia.
Ekitaldian izan dira une hunkigarri gehiago. Herriko plazatik elizako kanpaiak jotzen hasi direnean, Etxetxo baserriko senideek hitza hartu dute. «Duela 90 urte, indar faxistek gure birramona eta hiru osaba txikiak akabatu zituzten», gogoratu du Itsaso Usabiagak. 1936ko uztailaren 27an gertatu zen hori: erreketeek Maria Oiarzabal Lekuona eta haren seme Domingo, Crisostomo Enrique eta Sebastian Usabiaga Oiarzabal erail zituzten baserri inguruan. «Gurea bezala, Lezon hamaika familia txiki-txiki egin zituzten betiko». Miren Usabiagak, halaber, askoren izenean ari direla gaineratu du: «Ez dugu Usabiaga Oiarzabal familiaren izenean bakarrik hitz egiten. Biktima guztien izenean ari gara, hitz egiteko aukerarik ez dutenen eta hainbeste urtean duintasunez gogoratuak izatea itxaron dutenen izenean. Plaza hau izan dadila memoriaren, bakearen eta elkarrekiko errespetuaren gunea».
Ibilbidea, QR kodeekin
Etxetxo elkarte memorialistak planteatu zion Lezoko Udalari orain arte izenik ez zuen enparantza horri Oroimenaren Plaza izena jartzea: udalbatzak hala onartuta, ofizialki izen hori du gaurtik.

Horrekin batera, Lezoko talde memorialistak ibilbide bat osatu du, eta memoria historikoaren ikur diren guneak bildu. Hildakoen omenezko ekitaldiaren aurretik, ehun lagun inguruk egin dute bidea. Hamar gunetan, 36ko gerrako eta gerra osteko gertakarien informazio orokorra irakur daiteke labur panel batzuetan; baina bakoitzean QR kode bat bada, eta, hura erabilita, askoz informazio gehiago jaso dezake bidea egiten duenak. Guneetako bat Etxetxo baserriko hilketen ingurukoa da —bertara iritsi aurretik, 2019tik oroitarri bat jarria zegoen—. Bestalde, Gurutze Santuaren plazan ibilbidearen plano bat jarri dute, eta han da lehen geldiunea. Etxetxo taldekoek jakinarazi dute Aranzadi elkartearekin batera ari direla ikerketa eta dokumentazio lanean. Eta datu berriak eguneratuz joango direla. Lezo Oroimena webgunea dute horretarako tresna baliagarri.
Agirretxek bere hizketaldian esan duenez, «diktaduraren orbanak hortxe daude, oraindik irauten dute». Ohar zehatza ere egin du: «Oraindik min egiten du, eta hala jarraituko du muturreko eskuinak eta eskuin muturrak diktaduraren hondamenak ukatzen jarraitzen duten bitartean, epaitegietan eta erakunde batzuetan gertatutakoa benetan argitzeko inplikaziorik ez dagoen bitartean».