Memoriaz beteriko paseoak

Ortzadar LGTBI erakundeak bisita gidatuak antolatu ditu Bilbon, LGTBI kolektiboaren historia ezagutarazteko. Hamabost izanen dira, eta lehenengoa larunbatean eginen dute.

Ortzadar LGTBI erakundeak antolatutako bisita gidatu bat, Bilbon. ORTZADAR LGTBI
Ortzadar LGTBI erakundeak antolatutako bisita gidatu bat, iaz, Bilbon. ORTZADAR LGTBI
Ane Etxandi.
2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Geroz eta ohikoagoa da LGTBI kolektiboaren aurkako mezuak entzutea. Sare sozialetan, aspaldi da ohikoa gorroto mezuak irakurtzea, tamalez. Baina, azkenaldian, politikara eta ustez aurrerakoiak diren esparruetara ere iristen ari dira halako ideia baztertzaileak.

Larunbatean, maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izanen da, eta, hori probestuz, Ortzadar LGTBI elkartekoek egun horretan emanen diete hasiera aurtengo antolatu dituzten bisita gidatuei. Bilboko Udalarekin batera antolatu dituzte, LGTBI mugimenduaren historia ezagutzeko asmoarekin; aukera emanen dute kolektiboarentzat garrantzitsuak izan diren Bilboko txokoak ezagutzeko.

Bi bisita eskainiko dituzte. Lehenengoak, LGTBI+ kolektiboaren historia Bilbo Bizkaian izenekoak, alde juridikoan sakonduko du. Ibilbidea Bilboko justizia jauregian hasiko dute, eta, hain zuzen ere, LGTBI kolektiboko pertsona baten sententzia izanen dute hizpide han. Aisialdia, kultura eta LGTBI+ giroa izeneko bisita da bigarrena. Nagore Espin Ortzadar LGTBI erakundeko presidenteak adierazi du kolektiboarentzat oso garrantzitsua izan dela aisia, babesleku izan baita askotan. «Haien identitaterako eta segurtasunerako ezinbestekoa izan da aisialdia, eta kolektiboarentzat mitikoak izan diren tabernak ikus daitezke ibilbidean». Gune mitiko horietako bat da Bilboko Jai taberna.

Testigantzak, dokumentuak, eta artxibo bereziak izanen dira ikusgai bi bisitetan. Testigantzak bideo bitartez edo audio bitartez jaso dituzte, eta antolatzaileek adierazi dute ikerketa akademikoa egin dutela horretarako. Espinek uste du testigantza horiek bisiten bereizgarri direla: «Informazioz beteriko gidak izan ordez, kolektiboarentzat garrantzia duten pertsonen istorioak entzun ahalko dira». Erreferente izan diren horien ahotsak gaur egunera ekarri nahi dituzte, ahaztu ez daitezen.

Hamabost ibilaldi

Osotara hamabost bisita gidatu eginen dituzte urtea amaitu bitartean. Hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatean izanen dira, 12:00etan. Lehenengoa, larunbatekoa, salbuespena izanen da, 13:00etan hasiko baita. Bisitak hilean behin eginen dira oro har, baina bi izanen dira Harrotasunaren Hilabetean —ekainean—, Bilboko Aste Nagusian eta Gabonetan. Gainera, egun horietan, gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko dituzte bisitak. Gainontzekoak gaztelaniaz izanen dira. Hiru euro ordaindu beharko dira.

Ortzadar LGTBI elkarteak pandemia garaian sortu zituen bisita gidatuak, kolektiboaren historia errekonozitzeko eta kolektiboaren mesedetan borrokatu direnen historia gogorarazteko.

Nagore Espinek ohartarazi du oso garrantzitsua dela, memoria historikoa egitearekin batera, kolektiboaren gaur egungo egoera salatzea. «Ikusi besterik ez dago herrialde askok zer joera hartu duten —esaterako, Amerikako Estatu Batuek, Errusiak eta Hungariak— eta zein neurri bortitzak ezartzen ari diren, batez ere trans kolektiboari dagokionez.

Horregatik, hain zuzen, ibilaldietan parte hartzeko deia egin die herritar guztiei. Historia eta testigantzak ezagutzeko gonbidapena egin die bai kolektiboko kide direnei eta bai hala ez direnei.

Ekinbide horretaz gain, beste hainbat jarduera ere antolatzen ditu Ortzadar LGTBI erakundeak. Bilbao Bizkaia Harro egitasmoaren barnean, esaterako, ekitaldi asko programatu dituzte datozen hilabeteetarako. Harrotasunaren Hilabetearen harira, 2025eko egitaraua aurkeztuko dute laster, eta, lehenengo aldiz, kartel lehiaketa bat abiatu dute. Irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du. Nahiz eta oraindik ez duten jakinarazi aurtengo Harrotasunaren Hilabeteko programazioa, dagoeneko iragarri dute Drag Galaren zazpigarren aldia eginen dutela. Ekainaren 20an izanen da hori. Aurretik, bi finalaurreko eginen dituzte: bat hilaren 24an eta bestea ekainaren 7an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.