Mende erdi baten ondoren, suak piztuta jarraitzen du

Badira 50 urte Mertxe Larrañaga, Joxe Manuel Peña eta haien seme-alabak Gipuzkoako kostaldetik Bizkaikora etorri zirela. Ondarroan Joxe Manuel erretegia zabaldu zuten, eta seme-alabek bertan jardun dute gaztetatik.

Mari Paz Peña eta Mertxe Larrañaga, Ondarroako Joxe Manuel erretegiko jabeak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mari Paz Peña eta Mertxe Larrañaga, Ondarroako Joxe Manuel erretegiko jabeak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Abarrategi
Ondarroa
2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da ohikoena Gipuzkoako kostaldetik Bizkaikora salto egitea, baina Mertxe Larrañagak eta Joxe Manuel Peñak duela 50 urte egin zuten jauzi hori. Itsasoa izan dute ardatz bizitza guztian. Itsasontziko lanak alde batera utzi eta Joxe Manuel erretegia zabaldu zuen bikoteak Ondarroan. Gaur egun, hurrengo belaunaldia ari da, baina parrillaren inguruan hasitako proiektuak aurrera jarraitzen du.

Mertxe Larrañaga getariarra da; senarra, ordea, Oriokoa zuen. Betidanik izan dira itsasoa eta lana haien egunerokoaren parte. Larrañagaren etxekoek barkua zuten, eta bertako lanekin laguntzen zuen; sarea josten, besteak beste. Senarrak ere bazuen ontzia; arrantzalea zen, eta haren arrebak erretegia zuen Orion. 

Larrañagaren senarrak itsasoko lanak utzi behar izan zituen. Horiek horrela, «beste toki bat bilatu» behar izan zuten, Larrañagak azaldu duenez. Getariatik parrillaren tradizioa hartu, eta Ondarroara eraman zuten: «Ikusi genuen Ondarroan ez zegoela erretegirik garai hartan, eta horrexegatik aldatu ginen zonaz». 50 urte geroago seme-alabek hartu dute bikotearen lekukoa. 

Hasierako urteak gogoan ditu oraindik Larrañagak. Herri ezezagun batera iritsi arren, ez zuten egokitzeko zailtasunik izan. «Ondarroak oso ondo hartu gintuen, eta gu ere ondo moldatu gara herrian», azaldu du. Garai hartako Ondarroa bestelakoa zela gogoratu dute Larrañagak eta bere alaba Mari Paz Peñak. «Etorri ginenean, itsasontzi asko zeuden, eta kanpoko jende asko ibiltzen zen herrian; ordukoa beste Ondarroa bat zen», adierazi du Peñak. Gaur egun Ondarroa sentitzen dute etxe. «50 urteren ondoren, bertakoak gara», dio Larrañagak. 

Erretegia familiaren bizimoduaren parte bihurtu zen. Mari Paz Peña eta Joxe Mari Peña seme-alabek txikitatik egin izan dute lan jatetxean. Getarian bizi ziren; Joxe Marik informatika ikasketak egin zituen, eta Mari Pazek, berriz, turismoko gradua. Asteburuetan eta oporretan erretegira joaten ziren lanera, familiako negozioan laguntzeko asmoz. «Azterketa garaian ere lanera etortzen ginen. Azterketa egin eta lanera, edo lanetik azterketa egitera», gogoratu du Mari Pazek. Biek batera, gurasoek hasitako negozioari jarraipena eramatea erabaki zuten, eta gaur egun horretan aritzen dira. 

Ahaleginaren fruitua

Etxean laguntzea egunerokoaren parte zuten gaztetatik; horregatik, belaunaldi aldaketa ez dute sumatu ere egin. «Hemen bizi izan gara, gure bizitza beti hau izan da», azaldu du Mari Pazek. Goizean goiz hasten dute eguna Ondarroako Joxe Manuel erretegian. Joxe Mari portura joaten da jenero bila, eta Mari Pazek jatetxeko lanak antolatzen ditu. Ondo ikasia dute ofizioa. «Ez da ezer aldatu; guk beti bezero berak dauzkagu. Urtero pertsona berak etortzen dira data beretan», dio Mari Pazek. 

Mari Paz Peña eta Mertxe Larrañaga jeneroa aurrean dutela. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mari Paz Peña eta Mertxe Larrañaga, jeneroa aurrean dutela. ARITZ LOIOLA / FOKU

Aitaren pausoei jarraitu die semeak. Joxe Marik ontzia du, eta portuan ibiltzea gustatzen zaio. Zerbitzatzen duten arraina moilan erosten du, eta batzuetan berak ontzian arrantzatutakoa izaten da. Izan ere, jeneroari berebiziko garrantzia ematen diote erretegian. «Hemen dagoena hemen erosten dugu», azaldu du Mari Pazek. Produktua eta haren jatorria zaintzea funtsezkoak dira familiarentzat, eta portua gertu izateak eguneroko lanaren parte bihurtzen du zaintza hori. Bazkalostean zer falta den begiratzen du Mari Pazek, hurrengo eguna antolatzeko asmoz. Aste barruan bazkariak soilik ematen dituzte.

Mari Pazentzat, 50 urtez erretegiari eusteko sekretua eguneroko lanean datza: «Egunero egin behar da lan; arrakastarekin ez da bizitzen». Amak zein aitak lan handia egin zutela gogoratu du, eta lanerako jarrera hori bera transmititu dietela seme-alabei. Gurasoengandik ikasitako «konstantzia» nabarmendu du. Leku kuttuntzat du Larrañagak erretegia; izan ere, denbora luzea igaro izan du bertan, eta oraindik familiak han segitzen du. Mari Pazek azpimarratu du «ahal bezain ondoen» egiten dutela eguneroko lana.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA