Mila zapore arrazismoaren kontra

Arrazakeriaren aurka egiteko asmoz, Iruñeko Arrozak eguna antolatu dute, Txantrea auzoan. Elkartasunaren aldeko mezuak zabaldu dituzte arrozen artean.

Iruñeko Arrozak egitasmoaren aurkezpena. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñeko Arrozak egitasmoaren aurkezpena. IDOIA ZABALETA / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2026ko ekainaren 20a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mugitzen den haize bakarra haizemaileek sortzen dutena da. Jendetza elkartu da Iruñeko Txantrea auzoan, baina gutxi batzuek lortu dute zuhaitz azpiko leku pribilegiatua. Kolore horiko pankartetan idatzi dute elkarretaratzearen leloa: Iruñean bai, elkarrekin amestu, elkarrekin borrokatu. Izan ere, arrazismoari eta orokorrean eskuin muturrari aurre egiteko urriaren 12an Jaki Tokik antolatu duen egitasmoa aurkeztu dute gaur: Iruñeko Arrozak.

Mikroen soinua probatzeko arduradunak izan dira hiru haur; haien ahotsak megafonoetatik entzun bezain pronto irri egin dute. Baina oso serioski hartu dute lana, eta plazan pilatutako jendea antolatzen hasi dira argazkiak ateratzeko: «Pertsona beltzak aurrean, eta zuriak atzean!», esan du batek. Antolatzaileen aginduak jarraituta, hitza hartu du Arantxa Caminos Lantxotegi elkarteko kideak: «Jakin badakigu historia kolonialean botere eta pribilegio posizio desberdinak izan ditugula. Horregatik, gutako batzuei autokritika egitea dagokigu».

«Egunez egun ikusi dugu eskuin muturretik migratzaile zein arrazializatuekiko gorroto diskurtsoak sustatzen direla eta jatorri desberdineko pertsonen artean beldur eta mesfidantza modu interesatuan hedatzen ari direla», jarraitu du Caminosek. Horri aurre egiteko urriaren 12an kalejira bat antolatu dute Iruñean; ez dute eguna ausaz aukeratu, bertan zegoen Ebru Ergunduz SOS Arrazakeriako kideak azpimarratu duenez: «Urriaren 12ak inperialismoa eta zapalkuntza irudikatzen du, eta hori Iruñean ere ikus daiteke. Faxismoaren eta egun horrek sinbolizatzen duenaren aurka borrokatu behar dugu, eta elkarrekin aritu behar dugu horretan».

Leidys Carabante Solak hartu du hitza ondoren, eta elkartasunaren beharra azpimarratu du: «Gaur egun, itxuraz aro garatu batean bizi bagara ere, komunitate gisa banantzea eragiten duten desberdintasun sozial askori aurre egiten jarraitzen dugu». Horregatik, bizitza duinak aldarrikatu dituzte elkarretaratzean.

Arrozaren saltsan

Garuna elikatu eta gero, sabela elikatu behar da. Eguzkipean dagoen plazatik gertu hasi dira kozinatzen Akelarre kultur elkarteko kideak, baita auzoko boluntarioak ere. Hiru paella ontzi jarri dituzte mahai gainean; horietako bat beganoentzat, eta beste biak haragi eta itsaskidunak. Pixkanaka-pixkanaka elkarretaratzeko pankarta horiak tolestu, eta ontzi horietatik ateratako usainari jarraitu diote parte hartzaileek.

(ID_16200855) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2026-06-20, Iruñea. Akelarre kultur elkarteko arrozen eguna antolatu duteTxantrea auzoan
Akelarre kultur elkartekoek arrozen eguna antolatu dute Iruñeko Txantrea auzoan. Argazkian kozinatu duten batzuk agertzen dira.
IDOIA ZABALETA / FOKU

Soinu proba egin duten umeak korrika dabiltza kozinatzen ari diren helduen artean, aurpegian katu bat margotua dutelarik. Dolly Briciño izan da haragidun paella prestatzeko arduraduna: «Oso garrantzitsua da zure bizilagunen kultura ezagutzea». Haragia moztu bitartean, Lucky Omozusi argazkilariaren begirada sumatu du, edo bere sabelaren dardara sumatu, behintzat. Baina elkarteko kideek kozinatutakoa dastatzeko itxoin egin beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA