Iñigo Aranburu: «Moda mundua sendatu egin nahiko nuke, gaixorik baitago»

Estilista da Aranburu, eta Euskal Herriko hainbat musikari jantzi ditu, hala nola Eider, Maren, Aimarz eta Sune. Horrez gain, barazki eta landare saltzailea ere bada, Lazkaoko eta Ordiziako azoketan.

Iñigo Aranburu, aitona-amonen baserriaren aurrean, Lazkaon. JON URBE / FOKU
Iñigo Aranburu, aitona-amonen baserriaren aurrean, Lazkaon. JON URBE / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Lazkao
2025eko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan ezaguna egin da Iñigo Aranburu estilista (Lazkao, Gipuzkoa, 2000), bereziki Tiktok sare sozialean. Irakurle batzuek, agian, hortik ezagutuko dute Aranburu, noizbait entzun dutelako bere kontuan (@aranburuuuu) Euskal Herriko estilismoaz hitz egiten —Instagramen ere badu kontu profesionala: @styledbyinigo—. Beste batzuek, berriz, Lazkaoko eta Ordiziako azoketatik ezagutuko dute, hantxe egoten baita astelehenero eta asteazkenero, barazkiak eta landareak saltzen. Bi arlo erabat ezberdin uztartzen ditu, eta bietarako sena familiatik datorkio. 

Askok ez dituzte bereizten estilistaren kontzeptua eta diseinatzailearena. Zu estilista zara. Zertan datza hori?

Begira, joan den asteburuan Sune jantzi nuen Ura bere bidean emanaldirako, eta Instagramen hainbat post argitaratu ditut, baita lagunei argazkiak bidali ere. Denek uste zuten nik egin dizkiodala jantziak; ez dute ulertzen zer den pertsona bat janztea. Ni ez naiz jostuna, ezta diseinatzailea ere. Nik artista edo pertsonen estiloari bilatzen diot ondo doakion jantzi bat. Hori da estilista izatea. Sune jantzi nuenean, une horretan harentzat aproposa zen jantzi bat bilatu nuen.

Moda betidanik gustatu al zaizu?

Txiki-txikitatik. Gogoan dut modako aldizkarietan ikusten nituela desfileak, eta nolabaiteko zirrara sentitzen nuela. Gure amona zena ere oso modazalea zen. Estilo handiko emakumea zen, eta nik uste hari esker nire ama ere oso modazalea dela. Haiei zor diet modaren inguruan sentitzen dudan grina. 

Besteak beste, Eider, Maren, Aimarz eta Sune jantzi dituzu. Nor gehiago jantziko zenuke?

Oso gustura jantziko nuke Pello Reparaz. Badauka ausardia puntu hori, eta uste dut oraintxe bera izan daitekeela inspirazio atzetik datozen beste hainbat artista mutilentzat.

Eta musika ez den beste esparru bateko norbait?

Maddalen Iriarte eta Imanol Pradales jantziko nituzke. Politikarien estiloak kuriositate handia sortzen dit. Arlo instituzionala ez dut sekula ukitu, eta oso gustura sartuko nintzateke haien armairuan.

Zergatik Iriarte eta Pradales?

Nik beti esan izan dut Maddalen Iriarte EH Bilduko mirari estilistikoa dela. Sekulako buelta eman dio guk historikoki ezker abertzalearekin lotu dugun estilo horri. Horregatik, ikaragarri miresten dut Iriarte moda aldetik, sekulako dotorezia eta klasea duelako. Pradalesi dagokionez, atsegin dut haren estiloa. Zuzena da, eta apropos eta egoki joaten da gehienetan. Gustatuko litzaidake biekin moda dimentsio horretan barneratzea, eta joera berrietan murgiltzea. Gauza politak aterako lirateke hortik.

Modan aditua zara, baina baita baratzean ere. Nolatan hasi zinen baratzean?

Ni barazki eta landare saltzailea naiz, eta hori ere familiatik datorkidan zerbait da. Gure aitona barazki ekoizlea zen, eta sei belaunaldik izan dugun tradizio bat da. Belaunadiz belaunaldi hala jarraitu dugu, eta ni seigarren belaunaldia naiz.

Zer janzten duzu azokara joateko?

Ahalegintzen naiz nire armairuan daukadan hoberena ateratzen azokara joateko. Zerbitzu bat eskaintzen dugu, eta jendeak ikusi behar du zerbait zaindua dela gure postua, eta baita barazkiak ere. Niri gustatzen zait bezeroei esperientzia bat saltzea, ez barazki bat edo produktu bat saltzea soilik. Nire esperientzia, agian, izan daiteke azokako beste postuetan ikusi ezin daitekeen outfit bat ikustea.

Zer da modatik gutxien gustatzen zaizuna?

Askotan galdetzen didate ea nor gustatuko litzaidakeen janztea. Baina nik zerbait aldatzeko boterea izango banu, zalantzarik gabe, mundu honetako toxikotasuna amaiaraziko nuke. Guztiz baztertuko nuke elitismoa, lodifobia, eta modan dauden beste hainbat aurreiritzi. Baita harrokeria ere, eta gazteen alde egingo nuke. Moda mundua sendatu egin nahiko nuke, gaixorik baitago.

LOTSABAKO

Moda diseinatzaile bat?
Jonathan Anderson.

Barazkirik glamourosoena?
Romaneskoa.

Letxugak landatzeko 'outfit' bat?
Mokasinak, galtza trajedun marroiak eta amerikana vintage bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.