Larunbat goiza da, eta pentsamendu bakarrak estaltzen ditu gasteiztar askoren gogoak: Alavesek Deportivoren aurka jokatuko du gaur. Gehiengoaren kontzientziatik eta ikusmiratik at, ordea, Mendizorrotzako kiroldegian kirol ekitaldi berezia da. Ez da sartu eta berehala bisitariek ikusiko luketen emakumezkoen saskibaloi partida; korridore luze bat igaro eta eskailera ospel batzuk jaitsi beharra dago kiroldegiko gimnasiora heltzeko.
Bertan, kolore zuri, gorri eta berdeak dira nagusi. Oso antzekoak baitira Euskal Herriko eta Mendebaldeko Saharako banderak, baita bi selekzio horietako kirolariek janzten dituzten jertseak ere: sahararren berdea gaitz ezberdin liteke euskal herritarren berdearengandik. Banderak hor ageri dira, boxeoko ring batean eskegita, aurkitzeko hain zaila zen ekitaldia kontaktu kirolen jardunaldi solidarioa baita.Â

Maitasun kolpeak
Mendebaldeko Saharako Kirol Federazioak eta Arabako Boxeo Federazioak antolaturik, bi herrien arteko elkartasuna sendotu eta Sahararen independentzia aldarrikatzeko bildu dituzte Mendizorrotzan borrokalariak. Ringera igotzear direnak elkarri zartakoak emateko prest daude; kolpe paradoxikoak, etsaitasuna eta gorrotoaren ordez, maitasuna eta elkartasuna adieraztea baitute helburu.
Herrialde bakoitzeko ereserkiekin hasi da saioa. Musika entzuteko, ringera igo dira bi taldeak, eta hara non oinen dardarak ikurrinaren erorketa eragin duen, Saharako bandera tinko mantendu den artean. Etortzeko diren borrokaldientzako iragarpen txarra ote etxeko taldeentzat? Txalometroa ere ez dute alde euskal herritarrek, saharar franko etorri baitira haien selekzioa ikustera.

Horietako bat da Mohamed Daf, Saharako Kirol Federazioko presidenteordea, ikusleen artean kamuflatua lehen borrokaldia ikusteko. «Erakustaldi honekin gure kontaktu kirolarien lana ikusarazi nahi genuen», azaldu du Dafek. «Errefuxiatuen kanpamentuetan ez dago kirol hauek praktikatzeko baliabiderik, ez dago gimnasiorik... Hortaz, hemengo boxeo federazioarekin harremanetan jarri ginen, eta harrera oso ona egin ziguten. Euskal Herria gure oso antzeko herria da, haien kultura eta nortasuna defendatu nahi dituzte, eta hau aukera paregabea da elkartasunean bion askatasuna defendatzeko».
Indartsu hasi da etxeko taldea, Euskal Selekzioko borrokalariek irabazi baitituzte lehenengo hiru demak. Laugarrenean, berriz, Baddy Wali Husein sahararrak irabazi du Muay Thai borroka, eta herrikideen bozkario oihuekin bete da aretoa. Bosgarrenean, eta lehia estua izan dute Alazne Gutierrezek eta Maialen Otsoak. Lehenak irabazi du, euskal koloreak defendatzen: «Urduri nengoen oso, eta asko poztu naiz, lan handia dago halako erakustaldi baten atzean». Biak datoz bat, ordea: garrantzitsuena ez da garaipena. «Ringean kolpeka ari bagara ere, hortik kanpo errespetu ikaragarria diogu elkarri; herri bezala ere bai», laburbildu du eguneko espiritua Otsoak.