Ilustratzailea

Ania Saenz de Buruaga: «Niretzat pentsaezina da aniztasuna islatzen ez duen kartel bat egitea»

Aurtengo Gasteizko jaietako irudia Saenz de Buruagaren 'Guztion jaiak, guztiontzat' kartela da. Besarkada bero baten eta bihotzen irudien bitartez, ilustratzaile gasteiztarrak jaiak ospatzen dituzten pertsona guztiei eman die protagonismoa.

Ania Saenz de Buruaga Gasteizko jaietako kartelgilea, Andre Maria Zuriaren plazako balkoian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ania Saenz de Buruaga Gasteizko jaietako kartelgilea, Andre Maria Zuriaren plazako balkoian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gasteiz
2025eko abuztuaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko jaiak irudikatzean, jendez betetako kaleak datozkio burura Ania Saenz de Buruaga ilustratzaileari (Gasteiz, 1988). Irudi horiek paperera eramanda sortu zuen Guztion jaiak, guztiontzat kartela, eta 57 proposamenen artean irabazle atera zen Gasteizko jaietako kartel lehiaketan. Hala ere, kale jendetsuen irudikapenez harago, ilustratzaileak ideia bat nabarmendu nahi izan du aurten: aniztasuna.

Lehiaketara lehen aldiz aurkeztu, eta irabazi. Espero zenuen?

Ez nuen espero. Finalista izatea posible ikusten nuen, azken batean urteak baitaramatzat ilustrazioan lanean, eta bai baitakit egiten dudanak funtzionatzen duela. Baina irabaztea... hori ez nuen espero.

Gasteizko jaiak hamaika eratan irudikatu daitezke. Jaietarako kartela egiteko, zein izan da zure aurreneko pausoa? Nondik hasi zara?

Nire lehenengo asmoa zerbait oso desberdina eta originala egitea izan zen. Baina jaiei buruz pentsatzen hasi nintzenean, beti irudi berak etortzen zitzaizkidan burura: kaleak jendez gainezka.

Gasteizko jaietako kartela
Aurtengo Gasteizko jaietako kartela. GASTEIZKO UDALA
Zer elementu azpimarratu nahi izan dituzu kartelean? 

Ez nien garrantzi handia eman blusa eta neskei. Badakit oso figura garrantzitsuak direla, baina uste dut jaiak guztiok egiten ditugula. Horregatik sartu nituen kartelean kuadrilla batean egon gabe jaiak ospatzen dituzten pertsonak; haiek ere oso garrantzitsuak dira eta. 

Zure ilustrazioetan asko errepikatzen diren elementuak dira jaietako kartelean agertzen diren bihotzak eta besarkadak. Zergatik?

Nire ustez, besarkadek garrantzi handia dute bizitzan. Nahiz eta irudia askotan erabili den eta nolabait gastatuta egon, kartelari goxotasuna eta hurbiltasuna ematen diote. Uste dut bizitza honetan maitagarriak izan behar dugula, eta horri benetan balioa ematen diot.

Zure lanak aldarrikapenez beteta daude… 

Aldarrikapen bat da hau ere, eta apropos egiten dut. Niretzat pentsaezina da aniztasuna islatzen ez duen kartel bat egitea. Pentsatzen dut ilustratzaileok ardura dugula, eta gizartearen iruditegia aldatu dezakegula irudiak edota kartelak sortuz. Eta Gasteizko jaiak irudikatu nahi baditut, aniztasuna beharrezkoa dela uste dut.

Zer dela-eta animatu zinen parte hartzera?

Aspalditik nekien lehiaketa hau urtero antolatzen zela, baina beti kostatu izan zait lan batean murgiltzea haren helmuga zein izango den argi ez dudanean. Aurten, ordea, ikusi dut lanketa prozesuak parte hartzaileak izan direla. Prozesua egokia eta atsegina egin zait, eta horrek animatu nau parte hartzera.

Noiztik dator artearen inguruan duzun interes hori?

Betidanik. Txikitan, amak marraztera animatzen ninduen, eta horrek piztu zidan zaletasuna. Gero, batxilergo artistikoa egin nuen, eta gaztaroan marrazkigintza beti egon da presente nire bizitzan.

Zer ematen dizu ilustrazioak?

Emozionalki, une zail batean hasi nintzen ilustrazioak egiten. Terapiarekin batera, marraztea barne gatazkak askatzeko modu bihurtu zen niretzat. Buruko korapiloak askatzeko eta barrua baretzeko balio dit.

Non bilatzen duzu lanak egiteko inspirazioa?

Beste ilustratzaile batzuengan. Nik pila bat irudi kontsumitzen ditut. Asko miresten dut ilustratzaileen lana, eta haietan aurkitzen dut inspirazioa. 

Gasteiztarra izanda, zer da zure kartela kaleetan ikustea?

Benetan sekulakoa izan da; oso harro nago. Oraindik sinetsi ezinik nago: nire kartela izango da aurtengo jaietako irudia! Atzo lagun batek esan zidan historiaren parte naizela, eta egia da. Gasteizko jaiak oso garrantzitsuak dira, eta horren parte izatea oso berezia da niretzat.

Gustatuko litzaizuke artea zure ogibide izatea?

Bai eta ez. Ilustrazioa nire lan bakarra izango balitz, agian zailagoa egingo litzaidake egoera eramatea. Ilustratzaile izan naizen bitartean beste lan batzuk ere izan ditut, eta uste dut horrek askatasun handiagoa ematen didala lanak aukeratzerakoan. Oraindik ez dut gustuko ez dudan lanik egin behar izan, eta hori posible izan da bestelako lan bat dudalako.

lotsabako

Artista bat?
Amaia Arrazola ilustratzaile gasteiztarra.

Gasteizko jaietako egun bat?
Andre Maria Zuriaren eguna, egun handia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.